Josefa eta Elisa Úriz Piri haien ausardia, eskuzabaltasuna eta haurrak etorkizuneko bermetzat hartuta gorputz eta arima hezkuntzaren eta balore demokratikoen alde egin zuten apustua aitortzea izan da Iruñeko Udalaren xedea. Badostaingo bi ahizpek XX. mendearen hasieran nazioarteko oihartzun handia lortu zuten izan zuten gizarte-konpromisoagatik. Izan ere, Elisa Úriz Pi Haurren Nazioarteko Eguna ezartzearen sustatzaileetako bat izan zen. Horregatik guztiagatik, Udalak gune bat eskaini nahi izan die Badostaingo errepide inguruko eremuan, Aitzindarien parkearen ondoan, eta horrela keinu bikoitza egin die bi ahizpei, beren ibilbideagatik eta beren jatorriagatik.
Herritarren Aferen Batzordeak gaur bisitatu du Tellaiturri ondoko gune hori, non informazio-totem bat jarri baita, horren bidez herritar guztiei Elisaren eta Josefaren bizitza eta borroka ezagutarazteko. Zeregin horretarako Udalak Úriz Pi Ahizpen Elkartearen laguntza izan du. Elkarte hori izan zen hirian ahizpei buruzko informazio-gune bat instalatzeko eskaria egiten lehena. Era berean,Iruñeko Sozialistak taldeak eskatuta Udalean Úriz Pi ahizpen omenezko berariazko hiri-espazio bat sortzeko onetsi zen adierazpenari erantzun zaio.
Testua gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez idatzita dago eta ibilbide txiki bat egiten du Berlinen erbestean hildako Nafarroako bi ahizpa horien bizitza berezian barna. Josefa, bietan nagusiena, 1883an jaio zen. Maistra zen lanbidez, eta bere egunerokotasunean aurrerapen metodologiko modernoak txertatu zituen, Europan dagoeneko aplikatzen zirenak baina Espainiako hezkuntza-sistemaren irakasteko modutik asko aldentzen zirenak. Elisa, hamar urte beranduago jaio zen eta hark ere hezkuntzan aritzea aukeratu zuen. Pedagogo eta feministak, biek ekarri zuten iraultza hezkuntzara, haurren eta emakumeen defentsa bultzatu zuten eta ausardia eta indar handia erakutsi zuten garai hartarako, II. Errepublikan ardurako kargu garrantzitsuak beren gain hartuta.
Gerra Zibilean Frantzian erbesteratu ziren eta bertan aktiboki parte hartu zuten Frantzia hegoaldean sakabanatuta zeuden kontzentrazio-esparruetako iheslarien milaka familiari laguntzen. Zalantzarik egin gabe parte hartu zuten Parisko eskualdean nazien okupazioaren aurka sortu ziren Erresistentziako lehenengo taldeetan. Úriz Pi Ahizpen elkartetik azpimarratzen dutenez, erbestean egindako ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Espainiar guztien Batasun Nazionalaren alde egitea eta Emakumeen Nazioarteko Federazio Demokratikoa bultzatzea, (emakumeen eskubideen defentsarako munduan existitu den antolakunde handiena).
Frantziakoa ez zen haien erbestealdi bakarra izan. 1951n Bolero-Paprika Operazioaren biktima izan ziren beren militantzia komunistagatik eta Frantziatik kanporatuta Alemaniako Errepublika Demokratikora iritsi ziren. Berlinen bizi izan ziren hil ziren arte. Josefa 1958an zendu zen eta Elisa 1979an, beren jaioterrira itzultzeko aukerarik izan gabe.
Haien bizitzako-ibilbide hori herritar guztien eskura egonen da orain 2,5 metroko altuerako eta 16 zentimetroko zabalerako informazio-totem batean. Bertan, halaber, XX. mendearen lehen erdian berdintasunaren eta hezkuntzaren aldeko borrokan erreferente izan ziren bi emakume horien irudi bat jarri dute.