Iruñean izango dira, martxoaren 21ean eta 22an, GIBa ikusarazteko eta horren inguruan sentsibilizatzeko III. Jardunaldiak, sexu-hezkuntzari bultzada emateko asmoz. Jardunaldiak Iruñeko Udalak, Hiesaren aurkako Nafarroako Batzordeak eta Apoyo Positivo elkarteak antolatu dituzte, Nafarroako Gobernuarekin eta GIBari buruzko Estatu Koordinakundearekin elkarlanean, eta horien kariaz, hogei bat aditu etorriko dira nafar hiriburura, sexu-osasunean jarduteko joera berriak eta horrek dituen erronkak jorratzeko.
Patricia Perales zinegotzi ordezkariak, Zaloa Basabe Berdintasuneko teknikariak eta Lucía Burgui Hiesaren aurkako Nafarroako Batzordeko ordezkariak jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur, prentsaurrekoan. Aurkezpena egiteko aukeratutako data esanguratsua da, gaur, otsailak 14, Sexu Osasunaren Europako Eguna baita. Jardueretara joan nahi dutenek doan eman dezakete izena, gaurtik aurrera, www.nuevosretosensaludsexual.com webgunean; programari, hizlariei eta jardunaldietan emango diren askotariko dokumentazioari buruzko informazio guztia eskura jarri eta eguneratzeko prestatu da webgune hori.
Azken datuen arabera, Nafarroan 1.172 laguni GIBa diagnostikatu zaie, eta infekzioetan joera gorakorra mantentzen da. Azken bost urteetan GIB-diagnostikoaren 212 kasu berri izan dira.
Jardunaldi hauek indarrean den Iruñeko emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako III. Planaren egiturako jarduketa-ardatz baten barruan diseinatu eta gauzatu dira. Ardatz hori, hain zuzen, emakumeen ahalduntzearena eta balio-aldaketarena da, eta arreta berezia jartzen du jardunbide osasungarriak bultzatzea xede duen ildo-estrategikoan, genero-ikuspegia aintzat hartuta, murriztu egiten direlako emakume eta gizonen praktika arriskugarriak; halaber, kasu berezia egiten zaio herritarrekiko zuzeneko hartu-emanean lan egiten duten elkarteekin koordinaturik eta zuzenean lantzeko helburuari.
Chemsex delakoa eta arazo berriak
Jardunaldien lehentasuna sexu-osasuna eta -hezkuntza dira, erabaki osasungarriak hartzeko faktore erabakigarriak diren aldetik, batez ere gazteen artean; hori horrela, sexualitatearen bizipen positibo eta harmonikoa bultzatuko da, harreman afektibo-sexualaren etika abiapuntu hartuta. Beste eduki batzuen artean, mintzagai izango dute chemsex delako fenomenoa: drogak kontsumitzea, denbora tarte luze batean zehar sexu-harremanak eduki bitartean. Kutsatzea saihesteko prep delako prebentzio-teknikari buruz ere mintzatuko dira: GIBa ez dutenek erretrobirusaren aurkako botikak hartzen dituzte birusarekin kontaktuan egon aurretik, horrela murrizteko infekzio-arriskua.
Hiesaren aurkako Batzordean arabera, hiri handietan daude hedatuago bai chemsex-a bai prep delakoa prebentzio-metodo gisa erabiltzea, baina Iruñera eta Nafarroara ere iritsi dira horrelakoak, eta horregatik, garrantzitsutzat jotzen da horietan sakontzea, eta lehentasunezkoa da, baita ere, irizpideak zedarritzea, sexu-transmisiozko infekzioei aurrea hartzeko jardun-estrategiak garatze aldera eta osasun orokorra mantendu eta hobetze aldera.
Hirugarren edizioa
Jardunaldi hauek Iruñeko Udalak Hiesaren aurkako Nafarroako Batzordearekin elkarlanean GIBaren gaineko sentsibilizazioa eta prebentzioa bultzatzeko antolatu dituzten hirugarrenak dira. Lehena 2014an izan zen. Lehen esperientzia horretan gizonekin sexua izaten duten gizonen kolektiboa (GSG) izan zen ardatza. Zenbait arrazoi direla medio hartu zen kolektibo hori ardaztzat, besteak beste, kolektibo horretan infekzio horrek eta sexu-transmisiozko beste batzuek gora egin zutelako. Bigarren astea eta jardunaldia 2016an izan zen, eta kolektibo zaurgarrienak jarri zituen erdigunean: GSG, gazteak, emakumeak eta sexu-langileak.
Hirugarren edizio honetan garrantzizkotzat jo da sexu-osasunean esku hartzeko joera berriak eta sexu-osasunaren erronkak arretagunean jartzea. Gaur egun, GIB-epidemiako une honetan, GIBa duten pertsonek eta mugimendu komunitarioak erronka berriei egin behar diete aurre birusari erantzuteko, eta gizarte- eta osasun-bitartekoak diren aldetik. Parisko Adierazpeneko mundu-estrategiak eta biomedikuntzako aurrerapenek talka egiten dute GIBa duten pertsonek bizi duten estigma eta haien bizi-kalitatea hobetzeko geldotasunaren kontra, eta horregatik lehentasunezkotzat jotzen da erakundeen, osasun-sistemaren eta administrazioaren jarduketa komunen etorkizun-plangintza egitea.