Iruñeak gazte-elkarte berri bat du, gizarte-berrikuntzan elkarrekin arituko diren gazte talentudunen komunitate bat sortzeko

Iruñeak gazte-elkarte berri bat du, gizarte-berrikuntzan elkarrekin arituko diren gazte talentudunen komunitate bat sortzeko
Xirimiri elkartea gaur goizean aurkeztu dute Gaztediaren Etxean, Gazteriaren Nazioarteko Egunaren karietara

Jóvenes

Gaur Xirimiri elkartea aurkeztu da Iruñeko Udaleko Gaztediaren Etxean. ‘Z belaunaldia’ delakoaren gazte talentudun talde batek eratu du, Gaztediaren Etxeko elkartegintzan espezializatutako aholkularitzaren baitan. 19 eta 21 urte arteko hiru emakumek osatzen dute: Paula Vera, Andrea Sánchez eta Amaya Vizmanos.

Elkarrekin proiektuen inkubagailu bat eraiki nahi dute: Xirimiri Lab. Gaur goizean aurkeztu da proiektua eta bertan Fernando Aranguren Gazteria Alorreko zinegotzi berezia izan da. Aurkezpena abuztuaren 12ko Gazteriaren Nazioarteko Egunaren karietara egin da, gazteen ekimenak ikusarazi eta babesteko, sektore esanguratsua baita gizartean eta aldaketa-ildoak diseinatzeko deituta baitago. Xirimiri elkarteak tokiko talentua bultzatzea proposatzen du, ingurunean positiboki eragiteko eta elkarlaneko metodologia batetik abiatuta.

Laborategiak zera bilatzen du: etorkizuneko gizarte-preskiptoreei prestakuntza osoa, globala eta diziplina anitzekoa ematea, eta sare batean txertatzea laguntzea, etorkizunean gizarte ekimenei ekiteko elkarri lotuta egon daitezen. Eta esperientziatik abiatzen da. Amaia Vizmanos, konfinamendua bitartean, 18 urte zituela, bere ideia funtzionamenduan jarri zuen lehena izan zen. @yoteayudoconlasele mugimendua sortu zuen: gazteen artean nagusi den Instagran sare soziala erabilita, eta ondoren webgune baten bidez, unibertsitateko ikasleen sare bat osatu zuen, ezohiko baldintza horietan USEa prestatzen ari ziren Batxilergoko ikasleei laguntza emateko. 6.000 ikasle baino gehiagorentzat onuragarria izan zen ideia, eta 724 boluntario biltzea lortu zuen.

Orain bizitzaren une ezberdinetan elkarrekin harremanetan hasi ziren hiru gazteek beste urrats bat eman nahi dute, ekimen berritzaileen esparru bat sortuz, hertsiki akademikoa denaz haratago, honako hauek uztartzen dituen formula bat erabilita: talde-lana, erronkak lekuan bertan gaindituz ikastea eta trebetasunen prestakuntzaren arloan lan egitea. Iruñeko gazteek maila akademiko altua dute. 16 eta 30 urte arteko 31.617 gazteetatik ia % 63k ikasten jarraitzen du erroldako datuen arabera, nahiz eta adin tarte horretan ikasketak derrigorrezkoak ez izan. 9.100 Batxilergoan daude edo aurten titulua eskuratu dute; 6.638 unibertsitatean ikasten ari dira edo amaitu dute edo graduondoa egiten ari dira; 4.109, Lanbide Heziketako zikloren batean daude, eta 26, unibertsitateaz kanpoko goi-mailako ikasketak egiten ari dira.

Sarea, prestakuntza eta think tank proposamena

Gazte-elkartearen asmoa talentudun jendea elkarrekin harremanetan jartzea da, elkarrekin pentsatzeko. Lehen ekimen gisa formulario digital bat sortu dute https://avizmanosla.typeform.com/to/XsXQyHPB URL-an, eta hortik abiatuta sarea eraikitzen hasteko prozesua has daiteke. Bertan ekintzailearen oinarrizko identifikazio-datuak biltzen dira, ikasketa-maila eta zein esparrutan interesa duen: teknologia, enpresa, zientzia, ingurumena, gizarte ekintza, etab. Gero, galdera-erantzun sistema baten bidez, izena ematen duenaren helburuak zehazten dira (prestakuntza, lan-mundurako prestatzea, talde-lana...), jarduera zehatzak edo berariazko topaketak antolatze aldera.

Elkarte honen lehen jarduera ‘Xirimiri Lab’ delakoa izanen da, eta abuztuaren 24an (astelehena) hasiko da. Doako prestakuntza osoko bost egun izanen dira eta partaide kopurua mugatua izanen da. Koronabirusaren krisiaren ondorioz gizarteak bizi izan dituen aldaketei prestakuntzatik erantzuteko sortu da. Lantegiak Klammer Business Center-en eginen dira eta pentsamendu kritikoa eta talde-lana sustatu nahi dituzte, aro berri honen erronkei erantzuna emateko. Ekimenari buruzko informazio gehiago elkartearen sare sozialetan eskuratu daiteke (@xirimiri_lab) edo xirimiri.incubator@gmail.com helbidera idatzita.

Epe ertainean, elkarteak erreferente bat ere izan nahi du gazteriaren arloan eta think tank gisa jardun, elkarte, entitate eta erakundeendako (Iruñeko Udala kasu) eta laguntza eman erabaki publikoak hartzerako orduan.

¿Te ha sido útil esta página?