
Iruñeak, azaroan, 2030erako Iruñeko Hiri Agendaren programak eta proiektuak ezagutzera emanen dizkie herritarrei. 2021ean Osoko Bilkuran onetsitako agiri horrek hiriamodu jasangarrian, ekologikoan eta begirunetsuan hazteko hiri-estrategia jasotzen du, Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH), eta Europako eta Espainiako Hiri Agendak aintzat hartuta.
Hiri inklusiboa, erakargarria eta gobernantza parte-hartzailea sustatzen duen ibilbide-orri hori da gaur goizean Cristina Ibarrola alkateak aurkeztutako jarduren gakoa. Iruñeko Hiri Agenda – 2030 Estrategiari buruzko III. jardunaldiak egiteaz gain, erakusketak eskainiko dira hiriko 14 auzoetan, helburu nagusiak zuzenean ezagutzeko dozena bat bisita gidatu dohainik, raid bat edo podcast-atalak. Proposamen guztiak Iruña 2030 webgunean kontsultatzen ahal dira eta egunero jarraitu ahal izanen dira Udalak sare sozialetan dituen profiletan edo #Iruña2030 #OrainDa eta #Azaroa2030 traolen bidez
Programazioa Iruñeko Hiri Agenda – 2030 Estrategiari buruzko III. Jardunaldiekin abiatuko da, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) – Helburu Globalak Tokiko Gobernuen Zerbitzura lelopean. Jardunaldi instituzional hori azaroaren 2an, ostegunarekin, eginen da Ziudadelako Arma Aretoan, eta Iruñeko eta, besteak beste, Zaragozako, Malagako eta Donostiako hirietako ekintzak ezagutaraztea ahalbidetuko du.
Hurrengo egunean, azaroaren 3an, ostiralarekin, arratsaldez, Donibane auzoan,auzo bakoitzeko herritarrei 2030 Agendara hurbiltzeko aukera emanen dien erakusketaren lehen hitzordua eginen da. "Hiri Agenda nire auzoan" erakusketa osatzen duten panelek programa hau eratzea ahalbidetu duten mugarri nagusien berri ematen dute, bai eta helburu estrategikoak lortzeko hiriaren bost gakoei eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan aurrera egiteko Udalaren eta tokiko eragileen lankidetza-lanari buruzko informazioa ere.
Erakusketan zenbait proiektu nabarmentzen dira, besteak beste, Iruña, zaintzen duen hiri gisa, adinekoak babesten dituena, hiri inklusiboa eta oztoporik gabea, aukera berdintasuna eskaintzen duena eta klima-aldaketari aurre egiteko energia garbiak, turismo jasangarria eta bizikleta-sarea bultzatzen dituena. Erakusketa astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era eta larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era egonen da zabalik eta opariak eta merienda barne hartuko dituen jolas- eta festa-gune gisa antolatu da.
‘Hiri Agenda nire auzoan’ ekitaldira programa sortzen lagundu duten edo haren balioekin bat lan egiten duten eragile guztiei dei egin zaie. Gonbidapenak barne hartzen ditu ikastetxeak ere; horiek bisita gidatuak erreserbatzen ahalko dituzte goizez, 10:00etatik 14:00etara.
Doako bisita gidatuak proiektu estrategikoetara
Iruñeko 2030erako Hiri Agendako proiektuak zuzenean erakutsiko dira azarorako prestatutako hamabi bisita gidatuetan. Hiriguneko zenbait proiektu estrategiko ezagutuko dira, bat bizikleta elektrikoz, Ride On alokairu partekatuko zerbitzua erabiliz, eta bestea oinez, Trinitariosetik Cardenal Ilundáin ikastetxeraino eginen den ibilbide baten bidez. Oinez ezagutuko dira halaber, Arga ibaiaren ertzak eta beste proposamen batean, baita Arantzadi parkearen barnealdea ere.
Euri-lorategietara, eginen da beste bisitetako bat, Fuente del Hierro kalean, Pedro I.aren eta Iturrama kaleen artean egiten ari den gune birnaturalizatura. Bisita hori adinekoendako prestatu da batez ere, eta San Pedro Multzoko birgaitze energetikoko eta irisgarritasuneko proiektuetara ere programatu da haiendako bisita. Bertan adinekoendako erabat zaharberritu diren bi eraikin bisitatuko dira.
CO isurketak eta analisi-, murrizketa- eta konpentsazio-neurriak ditu ardatz beste proposamen batek. Milagrosatik abiatuko da eta xurgapen baso bat bisitatzea barne hartzen du. Baso horretara autobusez helduko gara, garraiobide hori erabiliko baita hondakinen ibilbidea ezagutzeko Lezkairuko hondakinen bilketa pneumatikora eta Hiri-hondakinak tratatzeko Gongorako zentrora bisitak egiteko ere.
Irisgarritasuna bermatzeko bisita gidatu guztietan eskatzen ahalko da zeinu hizkuntzako interprete bat egotea edo aldez aurretik azalpenen edukia irakurketa errazean ematea. Gaztelaniaz eta euskaraz egin ahal izanen dira. Bisitetan izena emateko epea zabalik dago jada, 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan.
Beste ekitaldi batzuk
Kirol jarduera ere funtsezkoa da 2030erako Iruñeko Hiri Agendan eta horregatik prestatu da 3 pertsonako talde mistoetan lehiatzeko Meta 2030 raida. Egin beharreko distantzia 8 eta 15 kilometro bitartekoa izanen da. Ekitaldia unibertsitate-komunitateari zuzenduta dago eta Iruñeko Udalak antolatu du hiriko hiru unibertsitateekin (UNAV, UHUN eta NUP) elkarlanean. Jarduerak turismoa, abentura, estrategia eta kirola uztartzen ditu.
Gazteen inguruan baita ere, Agendak berriemaileak prestatzen ditu eta lantegiak egiten ditu influencerrekin eduki estrategiko nagusiak ezagutzera eman ditzaten. Halaber, Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko Alorrak programa gazteen artean hedatzen laguntzeko material pedagogikoak prestatu ditu, sentsibilizazioa eta jarduketa-ildo nagusien jarraipena bermatzeko.
Komunikazioari heltzeko, podcasteko sei atal sortu dira audio-formatuan, Iruñeko 2030erako Hiri Agenda sortzeko prozesuan garrantzitsuak diren eragileak eta 29 helburu estrategikoak lortzeko bost dimentsioak (klima-aldaketa eta jasangarritasuna; gizarteratzea eta auzoen arteko oreka; kudeaketa publiko berritzailea; kultura eta turismoa; eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia) ezagutzera emateko. Atal horiek Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan grabatuko dira.
2030ERAKO IRUÑEKO HIRI AGENDAREN PROGRAMA
Iruñeko Hiri Agenda – 2030 Estrategiari buruzko III. jardunaldiak
- Azaroak 2, osteguna. Ziudadelako Arma Aretoa. Ordutegia: 09:30 – 13:00
Iruñeko auzoetako erakusketen ordutegiak: astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era, eta larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era
- Azaroak 3, ostirala: Donibane, Azueloko Monasterioaren plaza
- Azaroak 4, larunbata: Zabalgunea, Karlos III.aren etorbidea (Orreaga etorbidearekin bat egiten duen tokian, entzierroaren monumentuaren parean)
- Azaroak 6, astelehena: Milagrosa, Alfredo Floristán plaza
- Azaroak 8, asteazkena Buztintxuri, Erraldoien plaza
- Azaroak 10, ostirala: Arrotxapea, Anelier pasealekua
- Azaroak 11, larunbata: Ermitagaña, Yamaguchi plaza, planetarioaren parean
- Azaroak 13, astelehena: Mendillorri, Sarriguren Kontzejuaren kalea, Civivoxaren ondoan
- Azaroak 15, asteazkena: Etxabakoitz, Barañaingo begiratokia
- Azaroak 17, ostirala: Lezkairu, Maravillas Lamberto plaza
- Azaroak 18, larunbata: Iturrama, Iturramako bulebarra
- Azaroak 20, astelehena: Txantrea, Arriurdiñeta plaza
- Azaroak 22, asteazkena: Sanduzelai, Gortari doktorearen plaza
- Azaroak 24, ostirala: Azpilagaña, Manuel Turrillas plaza
- Azaroak 26, igandea: Alde Zaharra, Gazteluko plaza, ‘Mila esker 2030’ ekitaldia ospatzea, 10:30etatik 14:30era
Bisita gidatuak:
- Bizikletaz 2030 Agendaren alde: azaroak 5, 19 eta 25
- Oinez 2030 Agendaren alde: azaroak 4 eta 17
- Euri-lorategiak: azaroak 9 eta 18
- CO2-aren zikloa: azaroak 12 eta 23
- Arantzadiko ibai-igarobidea: azaroak 10, ostirala
- Hiri-hondakinen zikloa: azaroak 11
Raid Meta 2030:
- Azaroak 18, larunbata. Ordutegia: 08:15 – 14:00
- Izen-emateak: azaroaren 14ra arte