Iruñeak funts ekonomikoak, material teknikoa eta profesionalak jarri ditu Valentziako agintarien esku, herritarrei denboraleak eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko

Iruñeak funts ekonomikoak, material teknikoa eta profesionalak jarri ditu Valentziako agintarien esku, herritarrei denboraleak eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko
Udalaren laguntza-plana Nafarroako Gobernuaren bidez koordinatuko da, eta alkateak boluntarioei dei egin die ezbeharra jasan duten guneetatik iristen diren eskaera zehatzen arabera antola daitezen
fachada Ayuntamiento

 

Lehen gordailu bat, 50.000 eurokoa, denboraleak gehien erasan dituen herrietako herritarrei hornidurak eta arreta bermatzen laguntzeko; material teknikoaren eskaintza, besteak beste, autoak kentzeko bi garabi; eta Valentziako administrazioek eskatutako Udaltzaingoko, azpiegituretako, edo babes zibileko profesionalak haien eskura jartzea. Horiek dira Iruñeko Udalaren berehalako hiru eskaintzak, ahal duen neurrian Valentziako Erkidegoan denboraleak kaltetutako herritarrak sorosteko ahalegin kolektiboari laguntzeko.

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariarekin batera, azaltzeko Udalak emanen duen laguntza Nafarroako Gobernuaren bitartez bideratuko dela eta Valentziako agintariek eskatu ahala mobilizatuko dela. Alkateak eskertu egin du “Iruñeko herritarren aldetik ikusi dugun elkartasun itzela, Valentziako Erkidegoa denboralearen ondorioz jasaten ari den egoera latzaren aurrean”, eta gaineratu du “une honetatik beretik martxan jarriko garela eta behar den guztian laguntzeko prest gaudela”. 

Dena den, eta logistikaren antolaketari dagokionez zabaldu diren arazoak ikusita, argitu du Valentziako agintariek zehaztuko dutela zer behar duten Iruñetik. “Badakigu pertsona askok lagundu nahi dutela, eta funtsezkoa da laguntza guztiak bide ofizialetatik bideratzea. Agintariak eta erakunde humanitario espezializatuak buru-belarri ari dira lanean, eta, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren (FEMP) eta hainbat tokiko talderen bidez, laguntza guztia erakunde eskudunen bidez bideratzeko eskatu digute, haien lanak ez oztopatzeko”. 

Hiru laguntza maila
Alkateak dagoeneko Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeari eman dio denboraleak kaltetutako pertsonei laguntzeko lehen plan horren berri. Plana abiarazi da jada, baina Valentziako agintariek eskatuta eta Nafarroako Gobernuarekin koordinatuta jarriko dute martxan. 

Proposatutako jarduketak hiru arlo izanen ditu: laguntza ekonomikoa, laguntza teknikoa eta laguntza profesionala. Lehenengoari dagokionez, alkateak jakinarazi du 50.000 euroko hasierako gordailua egin dutela Valentziako Generalitatearen esku jartzeko, eta azaldu du, funts gehiago behar direla jakinaraziko balute, “ez dela eragozpenik izanen partida hori handitzeko”.

Laguntza teknikoari dagokionez, alkateak azaldu du makineria dela eskatzen ari direna, eta, Iruñeko Udalak dituenen artean, ibilgailuak kentzeko garabiak direla eskaintzen ahal diren baliagarrienak. “Kontratan lan egiten duten bi garabi eta zortzi gidari boluntario jar ditzakegu Valentziako agintarien eskura”. Horiei lur orotako hiru ibilgailu gehituko litzaizkieke, eta, bigarren fase batean, lehen garbiketa-lanak aurreratuta daudenean, Iruñeko Udalak kaleak garbitzeko makinak ere eskaintzen ahalko lituzke, hala nola erratz-makinak edo urez garbitzeko kamioiak. Arlo tekniko horren barruan, hondakinak kentzeko hainbat material (zizailak, palak, etab.) bidaltzeko proposamena ere jasotzen da, baita osasun-materiala eta arropa espezializatua ere.

Azkenik, arlo profesionalean, Iruñeko Udaltzaingoko hamar agente boluntariok osatutako talde bat prest dago kaltetutako guneetara joateko, Valentziako agintariek hala eskatzen dutenean. Horiei langile espezializatuak eta Iruñeko Udaleko teknikariak ere gehitzen ahalko litzaizkieke, Iruñetik bertatik azpiegitura-plangintzan laguntzeko. “Iruña laguntzeko gertu dago, eta Valentziako erakundeek zuzentzen dituzten baliabideen kudeaketa errespetatuz eta erraztuz eginen dugu”, amaitu du alkateak. 

¿Te ha sido útil esta página?