Iruñeak Europako funtsen 7,6 milioi euro eskatu ditu bidegorriak, aldirietako aparkalekuak eta bizikleta elektrikoen zerbitzua hedatzeko eta hiriko oinezkoendako inguruneak hobetzeko

Iruñeak Europako funtsen 7,6 milioi euro eskatu ditu bidegorriak, aldirietako aparkalekuak eta bizikleta elektrikoen zerbitzua hedatzeko eta hiriko oinezkoendako inguruneak hobetzeko
Iruña Aurrera 3 proiektuaren barruan, Espainiako Gobernuak udalei laguntzak emateko egindako deialdian parte hartuko du hiriak
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak Europako laguntzak eskatzeko asmoa du, 7.641.271 euroko zenbatekoaz, hirian planteatu diren mugikortasun jasangarriko zenbait proiektu garatu eta hedatze aldera. Udalak Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak irekitako bigarren laguntza-deialdian parte hartuko du, Next Generation EU Europako funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren babesean. Laguntzei esker, aldirietako aparkalekuak, bidegorriak eta bizikleta elektrikoen zerbitzua hedatuko dira. Halaber, oinezkoendako proiektuak gauzatzea erraztuko dute, Arantzadiko inguruan, Basotxokoan eta hogei ikastetxe eta osasun-zentroren inguruetan.

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko zinegotzi ordezkariak eta Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko Alorreko zinegotziak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan ekimen horiek guztiak, Iruña Aurrera 3 proiektuaren barruan garatuak. Guztira, 10,2 milioi euroko (BEZa barne) inbertsioa aurreikusi da, eta horietatik % 90 (BEZik gabe) Europako funtsekin ordain litezke. Guztira 7,2 milioi, sei jarduketa-ardatzetan banatuta. 

Zenbateko handiena duen proiektua Arantzadin barna Txantrea eta Arrotxapea oinez eta bizikletaz lotuko dituen lotura da, inguru horren irisgarritasuna hobetuko duena. Kasu horretan, 2.695.621 euro inbertituko dira. Azkenean Iruñeak eskatutako dirulaguntza jasoz gero, bi milioi euro eskuratuko lituzke. Oinezkoendako lotura egiteko proiektuak Arantzadi parkerako sarbidea ematen duten bi kaleak eraldatzea ekarriko du, Vergel kaletik, eta oinezkoei lehentasuna emanen zaie. Horrez gain, Arantzadiko inguruneko kaleko aparkaleku-plazak kendu eta bizikletendako aparkalekuak instalatuko dira Arantzadiko kirolgunearen sarreran. Era berean, aurreikuspenen arabera, parkearen erdiguneko plaza leheneratuko da, eta Alemanen pasabidea eta San Pedro pasabidea lotzeko ardatz bat sortuko da.

Bizikleta elektriko gehiago
Antzeko gastua eginen da Iruñeko ziklo-sarea garatzeko. Zehazki, aurreikusita dago 2.624.504 euro bideratzea Landabengo bidegorria idatzi eta gauzatzeko eta bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua zabaltzeko. Laguntza-deialdira aurkeztutako proiektuaren arabera, Udalak 1,39 milioi euro inbertitu nahi ditu hirian barna beste 20 geltoki instalatzeko eta 240 bizikleta elektriko erosteko. Gaur egun 42 geltoki daude hiriko auzoetan, eta 400 bizikleta baino gehiago. Proiektuak onespen zabala izan du herritarren artean, eta herri mugakideek ere zerbitzua hedatzeko eskatu dute.

Horrez gain, ziklo-sarea hedatuko da, Landabenen bidegorri bat eginen baita Miluze kalea eta Sanduzelai auzoa lotzeko. Proiektua idazteko eta bizikleta-bide berri hori egiteko lanetan 1,23 milioi euro inbertituko dira. Eskatutako dirulaguntza jasoz gero, Udalak 360.000 euro ordaindu beharko lituzke.

Aldirietako sei aparkaleku gehiago
Mugikortasun jasangarriko proposamen horiez gain, beste jarduketa batzuk eginen dira karbono dioxidoko isurpenak mugatzeko, ibilgailuak hirian barna zirkulatzea ekidinez. Helburu horrekin, aurreikusita dago aldirietako aparkalekuen sarea hedatzea, sei gehiago instalatuta. Horietatik, hiru Txantrean egonen dira, bat Donibanen, beste bat Azpilagañan eta bat Lezkairun. Horrela, Udalak alternatibak eskaini nahi ditu autoa hiriko sarrera guztietan utzi ahal izateko; horretarako, zaindutako eremu seguru horiek egokituko ditu villavesa-geralekuetatik hurbil edo erdialdera doazen ziklo-sare edo oinezkoendako sareetatik gertu dauden tokietan. 

Proiektuan 1,33 milioi euro inbertituko dira, Europako funtsen deialdiko laguntzak jasotzen badira. Dirulaguntza lortuz gero, 993.200 euro jasoko lirateke, eta Udalak 340.000 euroko gastua hartuko luke bere gain. 
Ildo beretik, laguntza-eskaerak beste 1,7 milioi euro barne hartzen ditu azken urtean Sanduzelain, Arrotxapean eta Txantrean aparkatze-arautuko eremua hedatzeko gastuei aurre egiteko. Era berean, laguntzak eskatuko dira egiten ari den obra baterako, hain zuzen, Basotxo kalea berrurbanizatzeko udaberrian hasi ziren lanetarako. 1,1 milioi euroko dirulaguntza eskatu da, eta horietatik 819.954 euro lagundu daitezke diruz. 

Segurtasun handiagoa hezkuntza- eta osasun-eremuetan
Iruñeko Udalak egin duen laguntza-eskaerak aipamen berezia egiten die oinezkoen segurtasuna hobetzeko jarduketei, hiriko hezkuntza-eremu eta eremu soziosanitarioetatik hurbil dauden hogei eremutan, ordu-tarte jakin batzuetan jende andana baitabil. Hori horrela, honako hauen inguruetan jardutea aurreikusita dago: hamaika ikastetxe eta institututan, Iturramako eta Arrotxapeko osasun-zentroetan, Juslarrocha eta Mendillorriko Civivoxetan eta Gaztediaren Etxean. 

Horietan guztietan, oinezkoen pasabideak egokituko dira, espaloiak zabaldu eta oinezkoen ikusgaitasuna hobetuko da, oinezkoen pasabideen eta galtzadaren arteko bidegurutzeak hesiekin babestuko baitira. Zirkulazioa baretzeko elementuak ere instalatuko dituzte, hala nola kuxin berlindarrak eta inguru horietan abiadura mugatzeko bestelako bitartekoak. Neurri horiek 2021eko otsailean egin zen Eskola Ingurune Seguruen Planaren barruan daude, zeinak 60 ikastetxetan jarduketak egitea barne hartzen baitu. Laguntza-deialdian 16 jarduketa zehatz jasota datoz, 796.606 euroko zenbatekoaz, eta 592.517 euroko dirulaguntza jaso daiteke.

Laguntza-deialdian jasotako sei ardatzetarako aurreikusitako inbertsioen guztizkoa 10,3 milioi eurokoa da, eta Iruñeak 7,6 milioi euro jaso litzake. Gutxi gorabehera aurrekontu horren % 60 jada onetsita dago 2021eko eta 2022ko ekitaldietan, hortaz, 2023ko eta 2024 aurrekontuetan 4 miloi euro inguru baino ez lirateke aurreikusi beharko hasi gabe dauden lanak egiteko. 

Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren laguntzak
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak egiten duen bigarren laguntza-deialdia da hau, eta udalei zuzenduta dago bereziki, Next Generation Europako funtsen kargura. Lehen deialdian, 2021ekoan, Iruñeak bi eskaera egin zituen, 13 miloi baino gehiagoko zenbatekoaz, Isurketa Baxuko Eremuak ezartzeko eta garraio publikoan mugikortasun jasangarria bultzatzeko, deialdiak galdatutakoarekin bat, xede baitzuen herriak klima-aldaketari buruzko lege berrira egokitzea. Laguntzak behin betiko ebatzi ondoren, Iruñeak 6.330.425 euro lortu zituen.

Beste deialdi honetan –500 milioi euroko aurrekontua du– eskatzen da lehiatzen diren udalerriek mugikortasun jasangarriko plan bat onetsita izatea (Iruñeak badu bat 2019az geroztik), eta eskaera bat baino ezin da aurkeztu. Halaber, eskaerak banakako sei jarduketa izan ditzake gehienez, eta horietako bakoitza onetsi edo baztertu daiteke. Iruñeak baimendutako maximoa eskatu du. 

Esleipena baremo baten arabera eginen da; hautaketa-irizpide nagusia proiektuen sendotasuna izanen da, hau da, lizitazio-fasean, lizitatzeko prest edo jada esleituta egotea. Hain zuzen, jada hasita dauden jarduketetarako dirulaguntzak jaso daitezke, baldin eta deialdiaren hasiera-data baino lehen amaitu ez badira. Dirulaguntza lortzen duten proiektuak egiteko gehieneko epea 2025eko ekainaren 30a izanen da. 

¿Te ha sido útil esta página?