Iruñeak eta Mutiloak haien udal-mugarteak lotuko dituzte Luis Amigó ikastetxearen parean, Taxoare-Sadarreko bidegorriaren eta horrekin batera doan oinezkoen ibilbidearen luzapenaren bidez

Iruñeak eta Mutiloak haien udal-mugarteak lotuko dituzte Luis Amigó ikastetxearen parean, Taxoare-Sadarreko bidegorriaren eta horrekin batera doan oinezkoen ibilbidearen luzapenaren bidez
Azpiegiturak 946.746 euroko inbertsioa ekarriko du, % 85eko ekarpena Nafarroako Gobernuak eginen du Next Generation Funtsen bidez eta % 15ekoa Iruñeko Udalak
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko eta Mutiloako (Arangurengo udal-mugartea) bidegorrien sareak hurrengo hilabeteetan lotuko dira hitzarmen baten sinadurari esker, proiektu hau egiteko: “Bizikletendako eta oinezkoendako lotura Luis Amigó ikastetxearen eta Taxoare eta Sadar kaleen elkargunearen artean”. Lanak lizitatu ondoren 650 metro luze inguruko tarte batean gauzatuko dira, eta abuztuan inauguratutako Taxoare-Sadar bidegorria eta partzelaren bukaeran amaitzen dena elkartuko dituzte.Tarte hori NUPeko kiroldegiko pabilioitik pasatuko da, eta errepidearen ekialdean desjabetze batzuk egin beharko dira.

Azpiegitura berri horrek 949.746 euroko inbertsioa ekarriko du berekin, eta %85 Nafarroako Gobernuak finantzatuko du Next Generation Funtsen bidez, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan, eta % 15, Iruñeko Udalak. Gaur goizean sinatu dute Fermín Alonso Udaletxeko Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko zinegotzi ordezkariak eta Berta Miranda Nafarroako Foru Administrazioaren Lurralde Kohesioko Departamentuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendari nagusiak prozesua ahalbidetuko duen hitzarmena.

Hitzarmenaren xehetasunak
Proiektuak oinezkoendako eta bizikletendako lotura bat planteatzeen du Taxoare kalearen ekialdean (Iruña-Mutiloa noranzkoko bidearen ezkerraldean). Bertan 3 metroko zabalerako oinezkoendako espaloi bat eta 2,5 metroko zabalerako bi noranzkoko bidegorri bat jarriko dira, galtzadaranzko 0,50 metroko babesarekin. Lotura horrek Taxoare-Sadar kaleetako bidegorria lotuko du, Sario eraikineko biribilgunean, Luis Amigó (Iruña) ikastetxe parean dagoeneko dagoen bidegorriarekin, zeina, aldi berean, Mutiloako industrialdeko bidegorriarekin lotuta baitago.

Bi instituzioek adostutakoaren arabera, Nafarroako Gobernua arduratuko da proiektua idazteaz (dokumentua dagoeneko amaituta dago), eta aholkularitza teknikoa emanen dio Udalari araudi, ingurumen eta koordinazio esparruei dagokienez. Iruñeko Udala, bere aldetik, desjabetze-prozeduraz, obrak lizitatu eta gauzatzeaz eta obra-zuzendariak kontratatzeaz arduratuko da, bai eta azpiegituraren kudeaketaz eta mantentze-lanez ere, hura bukatutakoan.

Trantsizio ekologikoa
EBk ezarritakoaren arabera, Next Generation Funtsen dirulaguntzak banatzeko orduan, diruz lagunduko den proposamenak gutxienez % 37ko ekarpena egin behar dio trantsizio ekologikoari; eta oinezkoendako eta bizikletendako sarea handitzen den kasu honetan, % 100a lortzen da hala klima-helburuetan nola ingurumen-helburuetan. Esku-hartze horiek guztiak Go Green Iruña estrategiaren barruan txertatzen dira, zeinak barne hartzen baititu hiriak klima-aldaketaz eta energia-trantsizioaz bezainbatean egiten dituen jarduketak. Mugikortasun-eredu jasangarriago batera aldatzea da Iruñeak klima-aldaketaren aurrean egiten ari den ahaleginaren parte bat. 650 metro horiek azken hiru urteetan eraikitako bidegorri bereizien 13,5 kilometroei eta oinezkoendako espazioak hobetzeko egindako hainbat esku-hartzeri gehituko zaizkie, Udalaren mugikortasun aktibo, osasungarri eta jasangarriaren aldeko apustua berretsiz.

Era berean, gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak ‘Nafarroa Green’ edo eraldaketa ekologikorako estrategia sustatzen ari dela, Europar Batasunaren Itun Berdearen helburuekin bat datozen dozenaka ekintzekin. Esparru horretan, hainbat ekintza egiten ari dira mugikortasun jasangarria sustatzeko, Nafarroa osoan barnako hogei bat bidegorri gauzatu eta hobetuz, eta, bereziki, Iruñerrian, Next Generation funtsetatik 12,5 milioi euro jasotzeari esker, eskualde osoa modu seguru, osasungarri eta jasangarrian lotuko duten bidegorrien eta oinezkoendako bideen sare bat ezartzeko.

Halaber, bizikletaren erabilera sustatu da, bizikleta elektrikoak erosteagatik % 35era arteko kenkari fiskalak eskainita. Konponketak eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzen hiru deialdi egin dira, zeinek 250.000 euroko inbertsioa izan eta 5.000 bizikleta konpontzea ahalbidetu baitute. Laguntza horiek ‘Ez aparkatu zure bizikleta, berraktibatu’ garraiobide horren ohiko erabilera sustatzeko komunikazio-kanpainarekin osatu dira. Era berean Gobernuak lehen aldiz Nafarroako bidegorri eta ibilbideen 700 kilometroak, bai eta bizikleta-aparkalekuen kokapena eta seinaleak, besteak beste, jasotzen dituen tresna berritzailea argitaratu du aurten.

650 metro bi udal-mugarte lotzeko
Sinadura horren bidez Iruñeko Udalak bizikleta garraiobide gisara erabiltzen dutenendako erabilgarri dauden ibilbideen sarea zabaltzen jarraituko du. Abuztuan Udalak funtzionamenduan jarri zituen noranzko biko bidegorri bereiziko beste 1,7 kilometro. Tarte horrek Milagrosa eta Lezkairuko zaldua ekipamendu garrantzitsuak dituen eremu batekin lotzen ditu: besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusa eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala, baina baita azpiegitura handiak ere, hala nola Sadar estadioa, Nafarroa Arena pabiloia eta NUPeko kiroldegia. Orain hitzarmenak azpiegitura hori 650 metro luzatzea ahalbidetuko du, Iruña eta Mutiloako udal-mugarteak lotuko dituen ibilbide jarraitua sortzeko.

Jarduketa-tartearen erdiko atalean biribilgune bat dago NUPeko instalazioetara sartzeko. Biribilgunearen bi aldeetan daude: mendebaldean, nekazaritza eta abeltzaintzako praktiketako lursaila, eta ekialdean, kirol zelaiak aurretik lur gaineko aparkaleku handi bat dutela. Ikastetxetik biribilgunera doan hasierako tartea landa-lursailen artean doa eta biribilgune horretatik UHUNeko eraikinaren ondoan dagoen Taxoare eta Sadar kaleak lotzen dituen biribilgunerainoko tartea egun urbanizatuta dago baina errepide ezaugarriekin, aparkalekurantz eta bazterbideetarantz biratzeko banatzen den bi noranzkoko galtzada batekin

Proiektu berriari esker trazadurak urbanizazio hobea izanen du, argiztatzea luzatuko da eta lurra eta eremu berdeak dituen egungo areka, oro har, areka berde bihurtuko da, hiri-drainatze jasangarriko sistema gisa diseinatuta. Areka euri-ura jaso, iragazi eta kutsatzaileez garbitzeko gai izanen da lurzoruak xurgatu edo Sadar ibaiak jaso baino lehen. Horrek mugikortasun jasangarria sustatzeko esku-hartzeari ingurumena eta paisaia hobetzeko bigarren estrategia bat gehituko dio. Hori guztia dela eta, eremua hiri-eremu bateko leku berezkoago bihurtuko da, eta trazadura oinezkoendako eta ziklistendako ibilbide askoz seguruagoa bihurtuko da. Halaber bide segurtasuna hobetuko da tarte horretan zirkulazioa baretzeko irtenbideak ezarriz, hala nola biraketak ezabatzea NUPeko aparkalekurako sarbideak aldatzearen ondorioz; motordunen erreiak estutzea erdibitzaile bat sartuta eta biribilguneen sarreretan konkorrak jartzea.

Proiektuan oinezkoendako eta bizikletendako lotura baten aldeko hautua egin da tarte osoan, Luis Amigó ikastetxearen pareko irtenbideari jarraipena emanez, espaloiaren kotan, baina sekzioa aldatuta, Iruñeko egungo irizpideari jarraiki bidegorriaren zabalerari eta beharrezkoa den galtzadarekiko babes-bandari dagokionez, errepidearen ekialdetik (eskuineko aldea) igaroz. Obrak amaitu osteko emaitza 3 metroko zabalerako oinezkoendako espaloia eta 2,5 m-ko bidegorria izanen dira eta noranzko bakoitzeko 3,25 m-ko zirkulazio-errei bana, 0,50 m-ko zabalerako erdiko erdibitzaile batekin tarte osoan barna. Bidegorriaren trazadurak eta haren ondoko errepidearen eskuinalde oinezkoendako espaloiak, dagoeneko Luis Amigó ikastetxearen ondoan egindako urbanizazioak markatutako ildoari jarraituko diote.

Zintarriak eta arekak
Hala, Luis Amigó ikastetxearen eta NUPeko nekazaritza-ikerketako eraikinaren artean, espaloia eta bidegorria egonen dira eskuineko ertzean, seinaleztapen horizontalez (pintura) markatutako erdiko erdibitzaile batekin; eta eraikin horren eta Taxoare eta Sadar kaleen arteko elkarguneko biribilgunearen artean, espaloiak eta bidegorriak eskuinetik jarraituko dute bi zintarri zapalgarriez egindako erdiko erdibitzaile batekin.

Espaloia hormigoi-lauzaren gainean morteroz jarritako baldosa hidraulikoekin eginen da, eta bidegorriko zorua 15 cm-ko oinarri pikordunaz eta 18 cm-ko hormigoi-lauzez osatuko da, koloreztatutako hormigoizko zoladurarekin amaituta. Espaloia eta bidegorria errematatzeko, hormigoizko zintarria jarriko da galtzadarantz eta aglomeratu-azalerak (aparkalekua) eta lorategi-zintarria kanpoalderantz urbanizatu gabeko eremuetan. Eta bidegorriaren eta espaloiaren artean akabera podotaktila duten baldosa-ilara bat jarriko da ikusmen arazoak dituztenei orientatzen laguntzeko eta bizikleten gunea oinezkoen gunetik banatzeko.

Proiektuak euri uren kolektoreak aldatzea aurreikusten du eta biribilguneen arteko eremuan tamaina handiko drainatze-sistema jasangarri bat, ‘areka berde’ bat, proiektatu da. Nekazaritza-finka eta -lursailetarako sarbideak aglomeratuko pasabide beheratuen bidez mantenduko dira, eta UHUNen aurreko aparkalekurako sarbideak berrantolatuko dira. Oinezkoendako espaloian, LED farolen bidezko argiztapen-kanalizazioa eginen da. Farola horiek espaloia, bidegorria eta galtzada argiztatuko dituzte, eta Luis Amigó ikastetxeko espaloiko urbanizatutako eremuan dauden sodio-lurrunezko 12 luminariak ordezkatuko dira, ibilbide osoari koherentzia emateko. Eremu osoan seinale horizontalak eta balizak jarriko dira.

¿Te ha sido útil esta página?