Iruñeak Eskualde Garapeneko Europako Funtsen 2,1 milioi euro jaso ditu ‘Auzoan ezin hobe’ proiektua Arrosadian garatzeko

Iruñeak Eskualde Garapeneko Europako Funtsen 2,1 milioi euro jaso ditu ‘Auzoan ezin hobe’ proiektua Arrosadian garatzeko
Helburua da auzoan esku-hartze orokorra egitea, eta Guelbenzu zinema gune kultural gisa birgaitzea funtsezkoa da horretarako
Milagrosa barrio de cine

 

Auzoan ezin hobe proiektuak Arrosadia suspertzea du helburu, eta osatzeko bidean da dagoeneko: 2.176.874 euroko Europako laguntza jaso du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsen (EGEF) bidez. Iruñeko Udalak laguntzen ebazpena jaso du, eta Bertako Garapen Integratuko Estrategien barruan sartzen dira. Proiektuak jasotako zenbatekoa 5.442.185 euroko aurrekontuaren % 40 da. 

Udalak 10,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten zuen auzoa suspertzeko, lau jarduketa-ardatzetan egituratuta. Inbertsioaren % 40 ordaintzeko eskatu zen Europako laguntza. Aitzitik, Nafarroako Foru Komunitaterako EEGF funtsak bi proiekturen artean banatu dira, eta horrenbestez, eskatutako zenbatekoaren erdia baino ez da jaso; hala ere, horrek ez du eraginik izanen inbertsioetan, eta, izatekotan, proiektua gauzatzeko denboraren lehentasunean izanen du eragina. Hori dela eta, Udala lanean ari da esku-hartzeen lehentasuna zehaztu eta Europako laguntzak inbertitu ahal izateko, laguntza horrek exijitzen baitu proiektu onuraduna 2029rako bukatuta egotea.

Auzoan ezin hobe proiektuak aurreikusten du kulturarteko eta gizarte-bizikidetzarako zentro bat garatzea Guelbenzu zinema zaharraren eremuan; izan ere, gune hori birgaitu eginen da, hori azaldu baitu Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorreko zinegotzi ordezkariak. “Dirulaguntzaren zenbatekoa garrantzitsua da, baina baita hiria birgaitzeko proposamena kalitatezkoa eta ongi arrazoitutakoa dela adieraztea ere”. Proiektuak proposamen hauek barne hartzen ditu: hiri-espazioa birnaturalizatu eta aktibatzea, auzoko energia birgaitzea eta ikus-entzunezkoen ekosistema digitala izanen den Zolina ikus-entzunezkoen gunea sortzea. Orain, erabaki beharra dago proposamen horietatik zein jarriko den martxan. 

Dena den, Iruñeko Udalak dagoeneko hainbat ekintza egin ditu auzoan, hala nola auzotarrei energiari aurrezteari buruzko orientazioa eta aholkuak emateko Bulego Berdea martxan jartzea, etxebizitzetan isolamendu termikoa jartzea eta auzoan energia-komunitate bat abiatzea. Halaber, oinezkoendako guneak sortzeko eta hiria berrantolatzeko lanak egin dira, esaterako Manuel de Falla eta Urrobi Errekaren kalean, besteak beste. 

Esku-hartze integrala
Auzoan ezin hobe proiektuak auzoaren esku-hartze integrala egitea proposatzen du, hainbat alderdi bateratuta, ez bakarrik urbanistikoak. Hala, planteamendu orokorrak inklusioari eta jasangarritasunari heltzea du helburu, baita ekonomiari eta kulturari ere; horrekin guztiarekin, hiriko batez besteko gizarte- eta hezkuntza-adierazleen azpitik dagoen eremu zaurgarri hori hiri-espazio jasangarri, inklusibo eta berritzaile bihurtu nahi da. Hain zuzen ere, Arrosadiarekin lotutako hainbat alderdi lehentasunezkoak dira Udalarendako, hala nola auzo horretako higiezinak birgaitzea, XX. mendeko eraikuntza merkeak baitira, kalitate baxukoak. Beste lan hauek ere lehentasunezkoak dira: ekipamenduz osatutako espazio publikoak eta berdeguneak sortzea. 

Halaber, auzorako planteamendu berriak langabezia-tasa altua murriztea du helburu, % 20koa baita, hiriaren batez bestekoa baino sei puntu gehiago; halaber, etxebizitzetako batez besteko errenta-datuak hobetu nahi dira, baita hezkuntza-profilarekin lotutakoak ere, auzoko ikasketarik gabeko pertsonek hiriko batez bestekoa bikoizten baitute. Era berean, auzoko hurbileko merkataritza suspertzea da esku-hartzearen ardatzetako bat. 

Guelbenzu zinema eraldatze aldera, Iruñeko Udalak parte hartzeko prozesu bat ireki du, eta haren bidez, herritarrek iradokizunak egiten ahalko dituzte azpiegiturak auzoan izanen duen eginkizunari, etorkizunari eta erabilerei buruz. 

¿Te ha sido útil esta página?