Iruñeak Donejakue Bidea eskaintzen du bere turismo-aktibo nagusietako gisa, 2021eko Xacobeo urtean

Iruñeak Donejakue Bidea eskaintzen du bere turismo-aktibo nagusietako gisa, 2021eko Xacobeo urtean
Udalak, Ultreia Donejakue bidearen Interpretazio Zentroaren bitartez, hiriaren eta Donejakue bidearen arteko loturaren garrantzia erakusten du

 

 

Orreagatik etorrita erromesaldian dagoen lehen hiri gisa, Iruñeak lotura oso garrantzitsua izan du beti Donejakue bidearekin, eta hori bere historian islatu da, bai eta turismo erakargarri gisa izan duen balioan ere. Eta aurten, pandemiak eragindako murrizketak gorabehera, Xacobeo 2021ek harreman horri balioa ematea ahalbidetuko du, bai kanpoko turismoari begira (hiriburura iritsi daitekeenean), bai barnekoari begira. Zentzu horretan, Iruñeko Udalak herritar guztiei zabalik dagoen baliabidea dauka: Ultreia, Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa, non modu atsegin eta didaktikoan ezagutu baitaiteke hiriaren historia eta horrek Donejakue bidearekin izan duen harremana. 

Bidearen eta hiriaren artean dagoen lotura hori berresteko, urte Xacobeo honen hasieran, Udaletxeak ongietorria egin zion 2021. urteari fatxada urdinez argiztatuta. Horrela, bat egin zuen Donejakue bidea igarotzen den autonomia-erkidego guztietako monumentu eta eraikin enblematikoak nabarmentzeko ekimenarekin. Ekimen hori Iruñean hasi zen, atzera-kontaketa baten moduan, izan ere, egunero, monumentu bat argiztatuko da penintsulako Donejakue bidea osatzen duten bideetan daudenetatik. Hala, egunak igaro ahala, argiztapena Santiagora gerturatzen joanen da, Ate Santuaren irekierari agur egiteko, heldu den abenduaren 31n. Hitzordu sinboliko horrek 2021eko Urte Santu Konpostelarrari paso emanen dio.

‘Iruña bidea da’, ibilbidea hiriburuaren balio turistiko gisa

Bidea hiriburutik igarotzeak duen balioa sustatzeko, Iruñeko Udalak Ultreia Donejakue bidearen Interpretazio Zentroa du, ibilbidean bertan kokatua, Kale Nagusiko 20.ean. Baliabide interaktiboen eta ikus-entzunezkoen bitartez eta doan, hiriaren historia eta horrek Donejakue bidearekin duen harremana aurkezten dizkie bisitari guztiei. Zentroak irisgarritasun unibertsala dauka, eta, hortaz, ororendako egokitua dago. 

Ultreia Donejakue bidearen Interpretazio Zentroa zabalik dago asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara, eta zerbitzu guztiak doan eskaintzen ditu. Bertako baliabide guztiez gozatu ahal izateko, bisitaren iraupena hiru ordu laurdenekoa izatea gomendatzen da. Entzunezko giden bidez egin daiteke, eta hizkuntza hautatzeko aukera dago: gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa. Gehieneko edukiera 12 lagunekoa da, eta talde antolatuak izanez gero, aurrez hitzordua eskatu behar da.

Donejakue bideak hiriarendako eta hiriak Donejakue bidearendako duen garrantzia online egiaztatu daiteke Iruñeko Udalaren turismoko webgunean, non gai horri buruzko atal bat baitago, ‘Iruña bidea da’ leloaren bitartez. Webgune horretan kontsultatu daiteke hala bideak Nafarroako hiriburuan barna egiten duen ibilbidea, nola hura ezagutarazteko antolatzen diren jarduerak, bai bisitariei bai tokiko herritarrei zuzendutakoak.