Iruñeko Udalak Dirulaguntzen lehen Plan Estrategikoa onetsi du, Udaleko Alor guztientzako esparru komuna bihurtzeko xedea duen tresna, udal-laguntzak emateko prozeduren inguruko irizpideak bateratuz. Datorren 2022rako, Plan Estrategiko horrek 10,4 milioi euroko zenbatekoa ezarri du, zeinak 60 laguntza-deialdi baino gehiagotan esleituko baitira. Gizarte-ekintzari, lankidetzari, kirolari eta kulturari lotutako dirulaguntzek jasoko dituzte udal-laguntzetako hamar eurotik sei.
Plan Estrategiko horrek guztira 10.431.140 euroko aurrekontua du, eta barne hartzen ditu dirulaguntza modalitate guztiak: norgehiagokako araubidekoak, banakako ebaluazio-araubidekoak, zuzenean ematekoak, sariak eta lehiaketak zein aparteko laguntzak, horiek guztiak hamabi ildo estrategikotan elkartuta. Halaber, ildo horiek bideratuta daude 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzera.
Ildo estrategiko bakoitzerako aurreikusitako aurrekontuari erreparatuta, gizarte-ekintza da garrantzitsuena, Udalak 3 milioi euro bideratzea aurreikusi baitu. Horien barruan sartzen dira gizarte-larrialdiko egoeran dauden familiei emandako laguntzak (1,2 milioi euro), eskola-jantokiak (645.000 euro), beharra duten familiei etxebizitzak alokatzeko laguntzak (450.000 euro), baina baita beste batzuk ere, hala nola desgaitasunaren arlokoak, mendekotasunekoak, gizarteratzekoak, etab.
Ondoren, lankidetza dator, zeinari 1.676.000 euro esleitu zaizkio, gehiena, nazioarteko lankidetzara bideratuta (1,13 milioi euro). Bestalde, hirigintza eta ingurumenerako Udalak 1,35 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du. Horren zati handi bat Alde Zaharreko eta Zabalguneetako eraikinak erabat birgaitzeko erabiliko da (1,1 milioi euro).
Kirolera bideratutako ildo estrategikoak ere milioi batetik gorako partida bat du, zehazki, 1.285.000 eurokoa. Haren bidez laguntzak emanen zaizkie honako hauei: nazioko elite-lehiaketa ofizial ez-profesionalak maila absolutuan (436.000 euro), kirol jarduera iraunkorrak denboraldian zehar (284.000 euro), kirol-eskolak (250.000 euro), unean uneko kirol-ekitaldiak eta afizionatuen kirol ofiziala.
100.000 eta 680.000 euro bitarte
Milioi bat eurotik gorako inbertsioak dituzten lau arlo horiez gain, Udalaren dirulaguntza-jarduerara bideratutako gainerako aurrekontua beste zortzi ildo estrategikoren artean banatzen da, 100.000 eurotik 681.750 eurora bitarteko zenbatekoekin.
Azken kasu hori kulturaren aterkipean bildutako ekimenena da, non gehiena (334.000 euro bitarte) kultura- eta arte-entitateentzako dirulaguntzetarako erabiliko baita. Ildo horri beste batzuk gehitzen zaizkio: herritarren partaidetza eta merkataritza (bakoitza 500.000 euroko aurrekontuarekin), hezkuntza (366.090 euro), gazteria (245.000 euro), berdintasuna (180.000 euro) eta turismoa (100.000 euro).
Halaber, Plan Estrategikoak emakida izendunen ildo bat jasotzen du, Osoko Bilkuran onartu beharrekoak, bai eta kultura-, arte-, hezkuntza- eta turismo-lehiaketen ildo bat ere, 527.000 eurokoa.
Kontrola eta segimendua
Plan Estrategikoak irizpideak bateratu eta kontzeptuak argitu nahi ditu, Udaleko Alor guztiek eta dirulaguntzak ezartzeko eskumena duten organo guztiek oinarri berberekin lan egin dezaten. Zentzu horretan, ezartzen da deialdi guztiek jaso behar dituztela Udalak laguntza horiekin lortu nahi dituen helburuak, horiek lortzeko epea, kostua eta finantzaketa-iturriak.
Era berean, deialdien eta lortutako emaitzen kontrola eta ebaluazioa planteatzen da, emandako dirulaguntzen kontrol ekonomiko-finantzarioaren bidez. Gainera, Plan Estrategikoaren jarraipena egitea aurreikusten da, urteko lehen sei hilabeteen barruan.
Udal-laguntzen bilakaera
Iruñeko Udalak 8,1 milioi euro inbertitu ditu batez beste azken bost urteetan laguntza eta dirulaguntza deialdietan. Egia da azken bi urteetako dirulaguntza-jarduera COVID-19aren pandemiak markatu duela, eta horrek laguntzak areagotzea eragin duela. Adibidez, 2017an 7 milioi euroko deialdia egin zen, eta zifra hori 9,29 milioi eurokoa izan zen 2020an. Aurtengo behin betiko zifra ez dago itxita, baina urrira arte egindako deialdiek 9,14 milioi euro jo dute.
Udal-antolaketa osatzen duten Alorretatik, aurtengo urrira arte laguntza eta dirulaguntza deialdi gehienak honako Alor hauek egin dituzte: Proiektu Estrategikoak, Mugikortasuna eta Jasangarritasuna (48 deialdi), Gizarte Zerbitzuak, Komunitate Ekintza eta Kirola (21 deialdi), Kultura eta Berdintasuna (14 deialdi) eta Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria (10 deialdi).
Laguntza izendunen onuradunen artean daude Iruñeko Orfeoia, Arkitektura Bienala, Errege Kabalkada, Euskaltzaindia, CEIN, GGKEen Koordinakundea eta Nafarroako Kazetarien Elkartea.