Caravinagre kilikiak Iruñeko herritarren artean, batez ere haurrengan, eragiten dituen miresmenaz eta maitasunaz jabetuta, Iruñeko Udalak Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako irudi horri eskainitako haurrendako parke baten diseinuan lan egiten hasi da. Horretarako, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako lehen mailako ikasleekin lankidetzan hasi da, Udalaren Ikasketa eta Zerbitzuko programaren barruan.
Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta Carlos Naya Arkitektura Eskolako zuzendariak prentsaurrekoan aurkeztu dute Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren babesa ere duen ekimen hori. Berez, Ibon Laspeñas presidenteak bideo baten bidez bidali du bere ekarpena, ezin izan baita prentsaurrekoan izan. Bideo horretan positibotzat jo du Caravinagreren aurpegia atrakzio erraldoi bihurtuko duen haurrendako parke bat sortzea xede duen proposamena. Udalaren proiektuak 50 eta 70 metro arteko luzera eta 6 eta 10 metro arteko altuera izanen duen parke bat eraikitzea aurreikusten du Caravinagreren irudiarekin, Valentziako Gulliver parkean inspiratuta. Instalazioaren kokapena oraindik zehazteke dago.
Arkitektura Eskolako ikasleak arduratuko dira Udalari proposamenak egiteaz. Udalak 30 eta 50 ideia bitarte lortu nahi ditu parke berria garatzeko. Ideiak jasotakoan, proposamenak ikusgai jarriko dira eta nabarmenenak hautatuko dira. Hautaketan Udaleko eta Nafarroako Unibertsitateko langileek osatutako epaimahai batek parte hartuko du, eta herritarrek parte hartzen ahalko dute, hiriarendako proposamen erakargarriena eta egokiena aukeratzeko. Xedea da otsailaren amaieran proposamenak izatea, eta ondoren herritarrendako, oro har, ikusgai jartzea.
Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektuaren barruan
Ekimen hori Iruñeko Udalaren, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Nafarroako Unibertsitatearen eta UHUNek Iruñean duen zentroaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan dago, hirian Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektuak martxan jartzeko. Udalak hitzarmen hori 2022an sinatu zuen, hiriko hiru unibertsitateekin ukondoz ukondo lan egiteko asmoz, komunitatearendako zerbitzua inplikatzen duten jarduerak garatu bitartean parte-hartzen duten ikasleek ikaskuntza jasotzeko ekintzak garatzeko.
Izan ere, Ikaskuntza-Zerbitzua ikastetxeetan eskuratutako ezagutzak komunitateko arazoei irtenbidea aurkitzeko aplikatzen dituen metodologia pedagogikoa da. Hala, proiektuek herritarren bizi kalitatea hobetzen dute eta jasotako ezagutza akademikoak gauzatu eta haiei gizarte-eduki bat emateko aukera dira. Unibertsitateekin sinatutako hitzarmenak ekintzen iradokizunak unibertsitateetatik zein Udaletik etortzeko aukera ematen du.
Kasu honetan, Udalak jarri du mahai gainean proiektua, Caravinagre Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren barruan berezko pisua duen pertsonaiaren irudia eta haurrei aisialdirako eta entretenimendurako gune gehiago emateko beharra batzen duena. Proiektua planteatu ondoren, Arkitektura Eskolak eta Udalak etengabeko bilerak izanen dituzte jarduketa hori garatze aldera.