Iruñeak Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatuko du Iruinlariak boluntariotzaren udal-zerbitzua abian jarrita

Iruñeak Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatuko du Iruinlariak boluntariotzaren udal-zerbitzua abian jarrita
Herritarrei, elkarteei, kolektiboei eta entitateei zuzenduta dago, baita Udaleko Alorretara eta Enpresen Gizarte-erantzukizuna garatzera ere
presentacion

 

Iruñeko Udalak boluntariotza bultzatzeko udal-zerbitzu berria aurkeztu du Boluntarioen Nazioarteko Egunaren karietara. Iruñeko Udaletxeko atean dagoen latinezko leloari jarraiki “etxe honetako atea zabalik dago, baina batez ere bihotza”, Iruinlariak zerbitzuaren xedea da herritarren partaidetza bermatzea afera publikoetan, horretarako Udalaren proiektu eta Alorretan boluntario-lana sustatuz, 2030 Agendaren helburuen ildotik, eta hiria mota horretako programak eskaintzen dituzten hirien artean aitzindari gisa kokatzea. 

Zerbitzu berriaren helburua da  boluntario-lana sustatu, lagundu eta aitortzea; hori horrela, herritar guztiei, elkarteei, kolektiboei eta entitateei zuzenduta dago, eta baita Udaleko Alorretara eta Enpresen Gizarte-erantzukizuna garatzera ere. Iruinlariak zerbitzuaren aurkezpenean María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak parte hartu dute.

Iruinlariak sortzen da boluntariotza-proiektu propioak dituzten Udaleko Alorrei laguntzeko, boluntariotzari lotutako sustapen-, informazio-, aholkularitza-, erakartze- eta prestakuntza-ekintzak kudeatzeko, eta Iruñeko boluntariotza-proiektuen kudeaketan eta arlo horretako gizarte-entitateak artatzeko laguntza eta aholkularitza emateko. Programaren azken helburua da Iruñeko herritarrendako kalitatezko marka bihurtzea.

Zerbitzuak informazio-, aholkularitza- eta kudeaketa-jarduerak eginen ditu boluntariotzaren arloan, aurrez aurre, telefonoz eta online. Arreta bulegoa Descalzos kaleko 72. zenbakian egonen da. Halaber, boluntarioen eta boluntariotza-ekimenei lotutako eragileen arteko harreman eta loturak sortu eta mantenduko ditu; Iruñeko Udalak eskaintzen dituen boluntariotza-jardueren eta -aukerei buruzko informazioa emanen du; eta boluntariotza-eskaintzak eta -eskariak kudeatuko ditu, besteak beste.

Halaber, zerbitzua boluntariotzaren arloko sustapen, sentsibilizazio eta prestakuntzarako tresna publikoa izan dadin sortu da. Hainbat funtzio ditu, besteak beste: zerbitzua ezagutaraztea; hirian boluntariotzaren inguruko sentsibilizazio-, erakartze- eta sustapen-plan bat egitea; herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzea; sentsibilizazio lantegiak eta jarduerak antolatzea, eta prestakuntza iraunkorra ematea.

Enpresa adjudikaziodunak kudeaketa-lanak eginen ditu, izena eman dutenen datu basea sortu eta mantentze-lanak eta eguneraketa eginez; horiez gain, datuen analisia eginen du eta jarduera-ziurtagiriak emanen ditu. Iruñeko Udalak webgune bat sortuko du Iruñeko boluntariotzari buruzko informazio eta jarduera guztiak biltzeko, eta boluntariotzako ekintzetan, programetan, ikastaroetan eta ekimenetan parte hartzeko dauden aukeren berri emateko.

Boluntarioen Nazioarteko Egunari ikusgaitasun handiagoa emate aldera, Udaletxeko fatxada gorriz argiztatuko da gaur, Nafarroako Boluntario Olinpikoen Elkartearen ekimenez.

 

PROGRAMAREN GAKOAK
•    Iruinlariak udal ekimenetan modu altruistan lagundu nahi duten boluntarioendako zerbitzu gisa planteatu da.
•    Gizarte-erakundeetako boluntariotza sustatuko du laguntza- eta prestakuntza-ildo baten bidez, Zentroren, Gaztediaren Etxearen, Lecxit irakurketa-programaren eta COworkidsen eskaintza osatzeko.
•    Enpresen gizarte-erantzukizunerako espazio bat eskaintzen du, enpresek boluntariotza-ekintzetan parte har dezaten edo ekintza horiek egiten dituzten erakundeei laguntza eman diezaieten.
 

¿Te ha sido útil esta página?