Irakurketa oinarrizko gaitasuna da hezkuntza arrakastarako. Premisa horretatik abiatuz, 2016-2017ko ikasturtean Iruñeko Udalak Lecxit programa abiatu zuen hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetan. Gaur ireki da epea 9 eta 12 urte bitarteko ikasle batekin astean behin irakurketa ordu bat partekatzeko prest dauden boluntarioek izena emateko, betiere eskola orduetatik kanpo eginen diren saioetan.
Urriaren 8ra bitarte irakurmena hobetzen laguntzeko interesa dutenek epea zabalik dute izena emateko 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan (948 420100 mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero) Lecxit programan boluntario izateko baldintza bakarrak gaztelaniaz edo/eta euskaraz ongi irakurtzen jakitea eta haur baten heziketaren erantzunkide izan eta harekin konfiantzazko espazio bat sortu nahi izatea dira. Hasi aurretik programak berak eskaintzen duenaz gain, ez da berariazko prestakuntzarik behar.
Pandemia eta alarma egoera dela-eta 2019-2020ko ikasturteko programa bertan behera utzi ondoren, eta ikastetxeetan ezarritako osasun-segurtasuneko neurriak zirela-eta joan den ikasturtean abiatu ez zenez, Udalak programa hori suspertu nahi du 2021-2022an. Programa horrek irakurmen-arazoak dituzten Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara bitarteko haurren aukerak hobetzen ditu, eta, gainera, haien alfabetatzeari lotutako trebetasun hori eskuratzeak beste ikasgai batzuetan ikasitakoa errotzen laguntzen die. Lecxit programa abiatu zen azken ikasturte osoan 51 boluntariok parte hartu zuten, 39 emakumek eta 12 gizonek, eta hiriko 12 ikastetxetako haurrei lagundu zieten.
Boluntarioek irakurketa ardatz duen ikastaldi eraginkorra sortzea lortzen dute, bai eta irakurleen eta helduen arteko belaunaldien arteko ikasketa eta aisialdi espazio bat ere. Programaren hasieratik datuak argiak dira: boluntario baten tutoretzapean, programari heltzen dioten haurrek beren irakurmen-gaitasuna %25 eta % 5 artean hobetzen dute, eta batzuek hasieran zituzten puntuazio akademikoak hirukoiztu ere egiten dituzte.
Saioak ikastetxean
Behin izena emateko epea itxita, Udalak hautagaitzak aukezten dituztenen datuak egiaztatuko ditu adingabeen babes juridikoa bermatzeko. Horren ostean, Udala boluntarioei irakurketa-laguntza zereginerako berariazko prestakuntza emateaz arduratuko da, eta etapa hori Gabonetako eskola-oporraldien aurretik amaituko da, jarduera, berez, urtarrilean has dadin.
Irakurketa-saioak haurraren ikastetxean eginen dira. Ikastetxeak berak aukeratuko du aldez aurretik lekua, eta irakurketarako material ugari egongo da bertan, ikaslearen adinerako egokia, ikasle-boluntario bikoteak aukeratu dezan zein testu irakurri.
Jarduera astean behin egiten da parte-hartzaile bakoitzarekin, eskolaz kanpoko orduetan. Udalaren ‘Lecxit’ proposamenaren barruan, halaber, familiei irekitako saioak programatuko dira, non irakurketan eta haur- eta gazte-literaturan aditua den pertsona batek saio dinamiko eta parte-hartzaileak garatuko dituen, etxean egin daitezkeen gauza txikien adibide praktikoak jartzeko eta adingabeei irakurzaletasunari balioa ematen laguntzeko.