Iruñeak ‘Biziz’ Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarean bizikletak aparkatzeko lekuak bikoiztu eta orain 300 eskaintzen ditu

Iruñeak ‘Biziz’ Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarean bizikletak aparkatzeko lekuak bikoiztu eta orain 300 eskaintzen ditu
Ziklistek gaurtik aurrera hiru zuzkidura berri izanen dituzte, txandakakoak eta bideoz zainduta, II. Zabalgunean, Iturraman eta Mendebaldean

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Gaurtik aurrera Iruñeak bizikletetarako txandakako hiru aparkaleku berri izanen ditu espazio publikoan. Gaur gaituko diren 150 aparkaleku-plazekin ziklistek, orotara, 300 plaza izanen dituzte erabilgarri hiriko sei tokitan, 24 orduz, urtean 365 egunez eta bideoz zainduta. Urte hasieran zezen-plazan, Nafarroako Ospitalegunearen eremuan (Viñaburu Botikariaren kalea) eta Txantreako Arriurdiñeta plazan jarritako aparkalekuei beste hiru gehitu zaizkie: Yanguas y Miranda kalekoa (Autobus Geltokia), Iturramakoa (Civivoxaren ondoan) eta Mendebaldeakoa (Nafarroako Liburutegi Nagusiaren inguruan, hasiera batean esperimentala, eta orain finkatu dena).

Sare osoak ‘Bizizi’ zerbitzua identifikatzeko eta horri buruzko informazioa emateko diseinu berria dauka, eta hilean 2 euro ordainduta bizikleta aparkatu daiteke horretarako gaitutako edozein espaziotan, modu seguru eta babestuan. Txandakako aparkalekuak direnez, aparkatzen den bakoitzean 48 orduz utzi daiteke bizikleta. Behin denbora-tarte hori igarota, zenbatekoa 0,50 euro handituko da ordu bakoitzeko. Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkaria Yanguas y Miranda kaleko aparkalekuan izan da gaur goizean, tokian bertan zuzkidura berriaren funtzionamendua ikusteko.

Aparkalekuen sare hau auzotarrendako aparkaleku diren bost lokalekin osatzen da: Descalzos kaleko 23koa eta 27koa eta San Antonekoa, Alde Zaharrean; Urzainki kaleko 14koa, Arrotxapean; eta Guelbenzu zeharkaleko 8koa, Milagrosan. Auzo horietan etxebizitzetan igogailurik ez egoteak eta oztopo arkitektonikoek bizikleta erabili eta gordetzea zailtzen zuten. Aparkaleku bakoitza non egon eta ingurune horretan erroldatutakoentzat erabilgarri daude aparkaleku-plaza horiek, eta esleipenean ezarritako irizpideekin bat ematen dira. Sarearen osagarri ere badira bide publikoan udal-altzarien parte gisa instalatutako metalezko modulu ugariak. Lehen seihileko honetan Iruñeko Udalak bizikletak aparkatzeko 160 modulu berri instalatu ditu, 960 bizikleta gehiagotarako.

Hirian ziklisten mugikortasuna bultzatzea –bidegorrien eta bizikletetarako aparkalekuen bidez– ‘Go Green Iruña’ Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren lan-ildoen parte da, horren xede nagusia baita isurketa kutsagarriak drastikoki murriztea. Udako hilabeteotan, babestutako aparkalekuen zuzkidura horiek instalatzeaz gain, Iruñean bizikleta-azpiegituren 4 km gauzatzen ari dira, hainbat esku-hartzeren bidez: Yanguas y Mirandakoa, Armada eta Baiona etorbideetakoa, Txantreako Laguntzako Andre Maria kaleko ardatza eta Hego-Txantrea urbanizazio berria, eta Sanduzelaiko Juaristi Doktorearen kaleko ardatza.

Bandalismoaren kontrako altzairua eta polikarbonatoa

Aparkalekuek 9x5 metroko zilindro erdi baten itxura dute, aurrealdean eta alboetako beheko partean xafla metalikozko itxitura dute, eta zati trokelatuak dituzte, aireztapena errazteko. Estalkia eta alboetako goiko partea bandalismoaren kontrako polikarbonato gardenekoak dira, eta elementu guztiak lurrera ainguratuta daude segurtasunagatik. Horrez gain, bideozaintza-sistema dauka, erabiltzaileak lasai egon daitezen.

‘Biziz’ aparkalekuetara sartzeko ate lerragarri bat dago aurrealdean, erabiltzaileak desblokeatzen ahal duena. Barrualdean, argiztatuta eta ongi aireztatuta, 50 aparkaleku-plaza daude, eta bakoitzak euskarri bat du bizikletari giltzarrapoa jartzeko. Horrez gain, badira kargagune elektrikoa duten aparkaleku-plazak, 24 orduz erabilgarri daudenak –mugikortasun jasangarriko elementu horien erabilera errazte aldera–, baita gurpilendako puzgailua ere. Gaur aurkeztutako hiru ekipamenduak Intelligent Parking SL enpresak instalatu ditu, 'Biziz' Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarea instalatzeko esparru-akordioa hari esleitu baitzitzaion.

Gune biziak eta elkarri lotuak hirian

‘Biziz’ sarearen kokapen berriak aukeratzeko irizpide orokorra hirian barnako banaketa bidezkoa izan da. Berariazko beste irizpide batzuk ere aintzat hartu dira, esaterako, joan-etorri ugari dituzten kokapenak direla. Yanguas y Mirandako aparkalekuaren kasuan, Autobus Geltokiko ekipamendua indartzen da. Izan ere, Europa mailan, bidaiarien intermodalitatea sustatzea gomendatzen da, halako moduan non hiriarteko garraioa autobusez egitea eta bizikleta erabiltzea uztartzen baitira, hartara ekintza-eremua zabalduta jatorri zein helmuga den hirian.

Iturramako Civivoxaren ondoko instalazioak, Eskirotz kaletik duen sarbidean, zerbitzua ematen dio Félix Huarte plazaren eta López pilotalekuaren arteko parke eta berdeguneari, baita gizarte-etxeari berari ere. Azkenik, Nafarroako Liburutegiaren eta Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren artean dagoena –2017. eta 2018. urteen artean aldi esperimentalean egon zen bizikleten aparkalekua–, erabiltzaileen txandakatze handia duen toki batean jarrita dago, bertako kultur zuzkidurak direla-eta.

Ateak zabalik dituen zerbitzua

‘Biziz’ sarea Iruñeko Udalaren zerbitzu publiko bat da, herritar guztiei zabalik dagoena. Erabili ahal izateko app-aren edo webgunearen (www.pamplona.es/nbici/ www.pamplona.es/biziz) bidez sarean alta hartu behar da. Behin alta hartuta, erabiltzaileak aparkaleku bakoitzera sartzeko hiru modu izanen ditu. Lehenengoa, app-aren bidez gailu mugikorrean hautatutako aparkalekuko ‘atea’ botoiaren gainean klik eginez; webgunearen bidez eginez gero, erabiltzaileari zerbitzuan alta hartzean emanen zaion sarbide-kode pertsonala sakatu beharko da atearen teklatuan, eta hirugarren aukera aparkaleku bakoitzeko argibide-panelean agertzen den telefonora deitzea da eta, linea komunikatzen dagoela, atean dagoen kanpaiaren irudia sakatzea.

Iruñeko Udalak, aurrez urtarrilean lehenengo hiru aparkalekuekin egin bezala, ate irekien egunak eginen ditu irailean, hainbat egun eta ordutegitan, Mugikortasuneko zerbitzuaren bidez.

¿Te ha sido útil esta página?