Datorren urteko irailaren amaieran, Iruñeak Bizikleta Elektriko Partekatuko Sistema izanen du, gutxienez hiri osoan banatutako 20 baserekin eta herritarrek erabiltzeko 250 bizikleta elektrikorekin. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du gaur goizean udal-zerbitzu publiko hori kudeatzeko eta instalatzeko administrazio-emakida lizitatzea.
Horrela, Iruñeko Udalak bizikleta elektriko partekatuko kalitatezko zerbitzu bat eskaini nahi du, Iruñeko herritarren eguneroko mugikortasun-beharrei erantzuteko modukoa, ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa. Zerbitzu hori ‘Go Green Iruña’ Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren baitan dago, bai eta mugikortasun jasangarriagoa eta ez kutsakorra erdiesteko jarduketen baitan ere. Iruñeak, gainera, Stardust Europako proiektuko kide da, ‘Hiri Aitzindari’ moduan; proiektu hori Smart Cityak –mugikortasunaren eta garraioaren elektrifikazioaren alorretan erreferenteak– sustatzeko Horizon 2020 programaren barruan dago.
Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak azaldu du gaur goizean nolakoa izanen den Bizikleta Elektriko Partekatuaren sistema hori, eta esan du % 100 berriztagarria den energia ziurtatua erabiliko duela bizikletak kargatzeko. Bizikleta Elektriko Partekatuaren Sistema eguneko 24 orduetan egonen da erabilgarri, urteko egun guztietan sanferminetan izan ezik. Bizikleta guztiak elektrikoak izanen dira, jende gehiagok erabil ditzakeela bermatzeko. Zerbitzuaren emakida-kontratuak zortzi urte eta erdiko iraupena izanen du.
Gutxienez 250 bizikleta elektriko eta 20 aparkatze-base
Bizikleta guztiak elektrikoak izanen dira, pedalkada lagundua izanen dute, eta diseinu hiritar eta modernoa eduki beharko dute, erabili nahi duen orok eroso erabiltzeko modukoa. Herritarren eskura 250 jarri beharko direla ezarri da, baina enpresa lizitatzaileek kopuru hori handitzen ahalko dute. Bizikletaren diseinua esleipena jasotzen duen enpresak proposatutakoa izanen da, pleguan zehaztutakoa betez, gainerako bizikleta komertzialetatik bereiztu beharko dira eta kolore berdea izanen dute nagusi.
Sistemak gutxienez 20 base izanen ditu, bizikletak jaso eta uzteko, eta bertan bateriak kargatuko dira erabiltzen ez diren bitartean. 20 oinarri horiek 400 ainguraleku izanen dituzte bizikletak uzteko. Baseen kokapen zehatza bere eskaintzan zehaztu beharko du esleipena jasotzen duen enpresak, baina baldintza izanen da baseak joan-etorrien eskaerari erantzutea horiek nagusi diren puntuetan. Base edo ainguraleku horietan erabiltzaileek bizikleta eskuratzen ahalko dituzte, han jaso bidaia bat abiatu nahi dutenean, eta bertan utzi, bukatzean.
Enpresa lizitatzaileek sistema hobetzeko proposamenak egiten ahalko dituzte, hala baseen eta bizikleten kopurua handitzeko nola kalitatea hobetzeko, eta aukera izanen dute beste sistema alternatibo batzuk eskaintzeko, zerbitzuaren osagarri (bizikleta basearen ondoan blokeatzeko aukera, ainguratzeko elementuak ezartzea hirian barna…). Zentzu horretan, ez da baimenduko ‘free-floating’ deituriko sistema, bizikleta hiriaren edozein puntutan uzteko aukera ematen duena.
Bizkleta Elektriko Partekatuko Sistema fidagarria eta kalitatezkoa izanen da, kudeaketarako software baten bidez kontrolatua, eta kontrolagarria enpresa esleipendunak bete beharreko zerbitzuaren kalitatearen adierazle batzuen bitartez. Besteak beste, enpresak sor daitezkeen gorabeherei erantzuteko zerbitzu bat izan beharko du, eta herritarren esku jarri beharko ditu laguntza-telefono bat eta sistemaren webgune bat.
Abonamendu-sistema eta tarifa irisgarriak
Lehenengo sei hilabeteetan enpresa esleipendunak sistema osorik instalatu eta ezartzeko beharrezko jarduketa guztiak egin beharko ditu. Epe hori amaitzerakoan, irailaren erdialdean, Bizikleta Partekatuko Sistema martxan jarriko da aurreikusitako 250 bizikletekin eta 20 baseekin, eta herritarrek sistemak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzen ahalko dituzte. Funtzionamenduaren lehenengo hilabetean, enpresa esleipendunak zenbait sistema ezarri beharko ditu (laguntza baseetan, etab.), interesatuei informazioa eta prestakuntza emateko. Horrela martxan jartzen denetik aitzina, eta gehienez ere hilabeteko epean, eskainitako hobekuntzak ezarri beharko dira.
Iruñeko Udalak gehienezko tarifa batzuk ezarriko ditu hala abonamenduetarako nola bidaia bakoitzaren preziorako. Abonamendu-sistemak iraupen ezberdinetarako aukera izaten ahalko ditu, eta horietan onuragarriena izan beharko du altan denbora luzeena ematea. Tarifek zerbitzuaren filosofia izan beharko dute kontuan, hau da, herritar guztiendako eskuragarri izatea, zerbitzu publikoen edozein administrazio-emakidan eskatzekoa den ekitate sozial eta ekonomikoaren oinarriak beteta.
Hala zerbitzurako altak nola sistemarako sarbideak enpresa esleipenduak proposatuko dituen bitartekoen bidez egiten ahalko dira: app bat, RFID txartel-sistema bat zein erabiltzaileak izanen duen kode pertsonal bat. Horrela, aukera emanen da ezarritako kokalekuetan bizikletak jaso eta itzultzeko, bai eta sistemak ezar dezakeen bestelako zerbitzura sartzeko ere.
Lizitazio honetan interesa duten enpresek eskaintzak aurkezten ahalko dituzte 45 egun naturaleko epean, iragarkia Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina. Kontratua esleitzeko irizpideak honako hauek izanen dira: batetik, sistemaren eta hura osatzen duten elementu guztien kalitatea (bizikletak, geralekuak, etab…), eta besteik erabiltzailea-sistema harremanerako bitarteko eta tresnen kalitatea edo eskaintzen dituzten pedalkada lagunduko bizikleta-kopurua.
BIZIKLETEN GUTXIENEKO EZAUGARRIAK
• Tipologia
o Hiriko bizikleta, barra baxuko koadroduna, erosoa, ergonomikoa eta 1,50 metrotik gorako garaiera duen edozeinendako egokiak diren neurriekin.
• Pisua
o Bizikletaren gehienezko pisua, elementu guztiak barne, 30 kg-koa izanen da.
• Materialak
o Material antikorrosiboarekin eta bandalismoaren kontrakoarekin egina egon beharko du, erabilera intentsiboa eta Iruñeko baldintza klimatikoak jasaten dutenak.
• Eserlekua
o Garaiera erregulagarria izan beharko du, itxiera azkarreko sistemarekin. Eserlekuaren hodiak lapurreten aurkako sistema eduki beharko du. Eserlekuaren zabalera edozein erabiltzailerendako eroso izan beharko du.
• Lapurreten kontrako sistema geldirik dagoenean.
o Bizikletak lapurreten kontrako segurtasun-sistema izan beharko du joan-etorrietan egin daitezkeen geldialdietarako. Sistema hori izan daiteke giltzarrapoa, gurpilen blokeoa, eta abar, edo, esleipena eskuratzen duen enpresak eskainitako beste edozein, baldin eta gutxieneko segurtasuna bermatzen badu aipatu geldialdietan.
• Pedalkadei laguntzeko sistema
o Bateria eta erantsitako motorraren bidez, pedalkadei lagunduko diena. Pedalkadei laguntzeko sistemak 20 Km/h abiaduran funtzionatzeari utzi beharko dio, eta hori parametrizatu ahal izan beharko da, gehienez ere 25 Km/h abiadurarekin.
• Pedalkadei laguntzeko sistemaren elementuak:
o Bateria: Ion-Litio teknologia edo hobea, gutxienez 36 V eta 8 A-koa. Bateria % 80-ra kargatzeko denborak 4 ordukoa izan behar du, gehienez ere.
o Motorra: 250 W-ko potentzia nominalekoa, gehienez. Motorrak finko geratu behar du bandalismoaren kontrako segurtasun sistema baten bidez.
o LEDS edo pantaila sistema, bateriaren kargaren egoera adierazten duena.
o Bizikletak pedalkadei laguntzeko maila ezberdinak izaten ahalko ditu, eta abiarazteko laguntza-sistema, hala adierazi badu egindako eskaintzan aukeratutako entitateak.