Iruñeak bidegorrietan segurtasuna hobetu du 166 elkargunetan seinale horizontalak indartuta

Iruñeak bidegorrietan segurtasuna hobetu du 166 elkargunetan seinale horizontalak indartuta
Bizikleten pasabideak margotu dira hiri guztian barna, ibilgailu motordunen gidariei bizikletek lehentasuna dutela ohartarazten dietenak

 

 

Iruñeko Udala pintura gorriz egindako seinaleztapen-lanak amaitzen ari da 166 bizikletendako pasabidetan, horiek errepideren batekin gurutzatzen diren puntuetan. Segurtasun-neurri pasibo bat da, ibilgailu motordunen gidariei toki horretatik bidegorri bat igarotzen dela ohartarazteko. Pasabide horiek oinezkoen pasabideekin batera joan ohi dira, eta modu horretan, pintura gorria seinaleztapen horizontalaren diseinuan bertan sartzen da, sistema hori martxan jartzeak dituen eragina eta kostuak murriztuta.

Urriaren amaierarako, bizikleta-espaloiak edo bidegorriak elkartu eta semafororik ez duten hiriko bizikleten pasabide guztiek kolore gorriz nabarmendutako seinale horizontalak izanen dituzte. 110 puntu horiek martxan jartzeko lanek 50.000 euroko aurrekontua dute. Ondoren, seinaleztapen lanak eginen dira semaforoz erregulatutako pasabideetan.

Lehenengo fase honetan pasabide gehien seinaleztatuko diren auzoa Lezkairu izanen da; izan ere, duela gutxi eraiki eta bidegorria asko garatu denez, ezaugarri horietako 47 elkargune ditu. Horiez gain, 15 pasabide margotzen ari dira Buztintxurin, 9 Iturrama eta Arrotxapea auzoetan eta 8 Txantrean. Mota horietako pasabideak ere badituzten eta hilabete amaierarako seinaleztatuta izanen dituzten beste auzo batzuk honako hauek dira: Milagrosa, Azpilagaña, Ermitagaña, Mendebaldea eta Sanduzelai.

Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuak seinale mota horien alde egin duen apustuak segurtasun emaitzak lortzen ditu koste baxuan, eta hirian martxan jartzen ari diren bidegorri-tarte berri guztietan dauden pasabideetara ere hedatzen ari da. Hori horrela, irtenbide hori topatu daiteke Pío XII.aren etorbideko hogei puntutan, Armadako eta Baionako etorbideetako ziklo-sarearen tarteko hamalautan, Yanguas y Miranda kaleko hirutan, Santa Engraziako bidegorriko bitan, eta Julián Gayarre kaleko beste batean. Egun, Arrotxapeko Bernardino Tirapu kaleko bidegorria garatzen eta egokitzen ari da, zeinak pintura gorriz horizontalki seinaleztutako hamaika pasabide izanen baititu, eta Barañaingo etorbideko etorkizuneko bidegorriak, Europako plazaren eta Nafarroako etorbidearen artean, beste bost izanen ditu.

Kostu baxuan eta obrarik gabe segurtasuna hobetzeko irtenbidea

Irtenbide horrek bizikleten eta motordun ibilgailuen ibilbideak elkartzen diren eremuetan segurtasuna hobetzea ahalbidetzen du, kostu handirik gabe. Pasabideak pintura berezi batekin pintatzean datza, ez-labaingarria, denbora luzez irauten duena eta poliuretanozkoa, zeinak itsasteko baldintza egokiak eskaintzen baititu, hala ziklistendako nola ibilgailuendako, bizikleten pasabideko azalera guztian. Ondoren, pintura akrilikoz, bide-markak –geziak eta ziklistaren piktograma– zuriz margotzen dira.

Errepideen eta bidegorrien arteko elkarguneetan segurtasuna hobetzeko esku-hartze mota horietan ez da inongo obra zibil motarik egin behar. Pintura lehenengo geruza baten bidez aplikatzen da eta horren gainean, lehortu aurretik, itsaspena indartuko duten agregakinak zabaltzen dira. Ondoren, bigarren geruza bat jartzen da. Jarduketa horrek eragiten duen zailtasun bakarra da pintura horrek lehortzeko denbora luzea behar duela, eta horrek bizikleten pasabide bakoitza tarteka pintatu beharra dakar, kalea moztu behar ez izateko. Gainera, pintura tenperatura eta hezetasun egoera egokietan jarri behar da, ondorioz mota horretako pasabide berriak apiriletik urrira bitarte soilik egin daitezke.

Hiriko ziklo-sarearen hedapena eta hobekuntza, segurtasun handiagoa ematen dioten horrelako ekintzen bidez, Iruñeko Udalak garraio jasangarria sustatzearen alde egin duen apustuaren parte dira. Hau, Go Green Estrategiak ardatz dituen puntuetako bat da, zeinak hirian klima-aldaketaren aurka egiten diren esku-hartze guztiak biltzen baititu.

¿Te ha sido útil esta página?