Iruñeak bi bizikleta-aparkaleku berri izanen ditu aurten, bakoitza 20 plazakoa, Taconera kalean eta Europa plazan

Iruñeak bi bizikleta-aparkaleku berri izanen ditu aurten, bakoitza 20 plazakoa, Taconera kalean eta Europa plazan
Hornidura-kontratua Next Generation EU funtsekin finantzatua dago, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan
nbici aparcamientos


Iruñeak beste bi bizikleta-aparkaleku publiko izanen ditu, txandakakoak eta zainduak, urtea amaitu baino lehen. Tokiko Gobernu Batzarrak bi aparkaleku modulu, bakoitza 20 plazakoa, hornitu, instalatu eta mantentzeko kontratua onetsi du eta Taconera kalean, San Lorentzo elizaren parean eta Europa plazan kokatuko dira. Aparkalekuak toki horietan kokatzearen xedea da hirian turismoa bizikletaz sustatzea,  eta zerbitzua handitzea bizikleta erabili ohi duten pertsonendako. Kokapena Iruñeko Jasangarritasun Turistikoko Planaren trantsizio berde eta jasangarriko ardatzarekin bat dator.

Kontratu hori Europar Batasuneko Next Generation EU funtsen bidez finantzatu da Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eta Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorrak Mugikortasun Alorrarekin elkarlanean kudeatzen duen PSTD Pamplona SF365 proiektuaren esparruan.

Modulu berriek guztira 56.628 euroko kostua dute (23.400 euro bakoitzak, BEZa kanpo), Intelligent Parkin enpresak instalatuko ditu eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen abian jarriko dira. 2019an enpresa horri adjudikatutako esparru akordiotik eratorritako hamargarren kontratua da honako hau. Aparkalekuek 2020ko urtarrilean martxan jarritako sareko gainontzekoek dituzten ezaugarri berak izanen dituzte: herritar guztiendako irekiak eta eskuragarriak izanen dira, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan; estalita eta itxita egonen dira, bideozaintzako eta sarbideetako kontrola izanen dute, txandakakoak izanen dira, eta errekargurik gabeko gehieneko egonaldia 48 ordukoa izanen da.. Tarifek barruko lekuak aldi baterako erabiltzea saritzen dute, eta luzaroagoko  erabilerak  murrizten dituzte, txandakatzea erraztu eta bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko.

Beste bi instalazio horiekin, Iruñeko Udalak bultzatutako bizikleta-aparkaleku publiko eta zainduen Sareak 310 plaza izanen ditu hiriko hainbat eremutan banatutako 10 modulutan: Autobus Geltokian; Iturraman, Civivoxaren ondoan; Mendebaldean, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren ondoan; Ospitalegunean; Txantrean, Arriurdiñeta plazan; Iratxeko Monasterioaren kalean, ‘La Vaguada’ zaharren egoitzaren ondoan; García Ximénez kalean; Taconera kalean, eta Europa plazan.

Aparkaleku horien sorrerak jarraipena ematen dio ‘Go Green Iruña’ energia trantsizio eta klima-aldaketarako estrategiari, zeinak barne hartzen baititu Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Ituna eta Bidegorrien Plana, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrak garatutako ekintzen oinarri direnak. Ekintza horien artean nabarmentzekoak dira mugikortasun eredua aldatzera bideratutakoak osasungarriagoa, seguruagoa eta berotegi efektuko gasen isurpenik gabekoa izan dadin.
 

APARKALEKU PUBLIKOEN SAREA

•    Autobus-geltokia
•    Iturrama, Civivoxaren ondoan
•    Zezen-plaza
•    Mendebaldea, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren ondoan
•    Ospitalegunea
•    Txantrea, Arriudiñeta plazan
•    Iratxeko Monasterioaren kalea, ‘La Vaguada’ Zaharren Egoitzaren ondoan
•    García Ximénez kalea
•    Taconera kalea
•    Europa plaza
 

 

logos next generation eu

 

¿Te ha sido útil esta página?