Hirigintza Gerentziako Kontseiluak gaur goizean onetsi du proiektu bat idazteko kontratua adjudikatzea kolektoreen bidez Arrotxapeko uholdeak zuzentzeko. Kontratuak Arga ibaiaren uholdeek sortutako kalteak minimizatzeko hainbat jarduketa barne hartzen ditu, hala nola, beste kolektore bat eraikitzea eta beste esku-hartze batzuk.
Proiektuak oinarri du 300 metro inguruko luzera duen hormigoi armatuzko kolektore bat definitzea, sare bateratua jasotzen duena C-2 hustubidearekin konektatu arte, eta barne hartzen du balizko gainezkabide bat egitea Garbitzaileen kanalera. Arga Ibaiaren kalean jarriko da, Vergel zubiaren biribilgunearen eta Errotazar kalekoaren arteko tartean, Runa parkearekiko paraleloan.
Arrotxapeko uholdeetan kolektoreetan sartzen den ura kontrolatzeko neurri gisa, amaierako deskargari eusteko atzera ezineko balbulak ere jarriko dira Errotazarreko faroaren ondoan, Runa parkearen ondoko sanferminetako feria-lekuan eta Runa parkean dauden kolektoreetan. Hala, uraldietan ura hodian sartzea galaraziko da, uholdeek aurrera egin ez dezaten.
Kontratua CIMA Ingenieros SLU eta Aitor Silgado Goicoechea enpresei adjudikatu zaie 54.813 euroan,eta, horrenbestez, % 8,7ko beherapena aplikatu zaio 60.000 euro jotzen zuen lizitazio-prezioari. Kontratua formalizatu ondoren, bi hilabeteko epean, hasierako proiektua idatzita egon beharko da, eta beste bi hilabeteren buruan, behin betiko proiektua, zeinari proposatzen diren zuzenketak erantsiko baitzaizkio. Kontratuaren adjudikazioak obren zuzendaritza fakultatiboari dagozkion lanak barne hartzen ditu.