Iruñeak beste 59 kamera instalatu eta hainbat eremutan argiztapena hobetuko du herritarren segurtasuna handitzeko

Iruñeak beste 59 kamera instalatu eta hainbat eremutan argiztapena hobetuko du herritarren segurtasuna handitzeko
Gailu berriak batez ere aisia-guneetan instalatuko dira eta polizia- eta informazio-ekintzekin osatuko dira
camaras

 

Iruñeak beste 59 segurtasun-kamera izanen ditu kaleetan eta hainbat eremutako argiztapena hobetuko du herritarren segurtasuna hobetzeko. Neurri horiek gaur Javier Labairu Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak eta Patxi Fernández alorreko zuzendariak aurkeztu duten polizia-estrategiaren parte dira. Neurri horien xedea bide publikoan egiten diren delituak etetea da, hala nola, lapurretak, larderiak, ekintza bandalikoak eta pertsonen aurkako delituak.

Iragarritako beste 59 kameren gehiengoa aisia-guneetan, kale-zurruta egiteko erabili ohi diren eremuetan eta diskoteketatik hurbil dauden kaleetan instalatuko dira. Zehazki gailuen gehiengoa Alde Zaharrean kokatuko da, non 22 kamera gehiago egonen baitira, atzetik Donibane etorriko da (beste 8 gailurekin) eta Gazteluko Ingurubidea (7). Gainontzekoak hiriko auzoetan banatuko dira. Halaber, aurreikusita dago dagoeneko erdiguneko kaleetan kokatutako beste zazpi kamera berritzea.

Segurtasun-gailu horiek une hauetan Iruñeak bide publikoan dituen 106 kamerei gehituko zaizkie. Horietatik, 70 trafiko-kamerak dira, ibilgailu-dentsitate handiko eremuetan kokatuak, eta 36 herritarren segurtasunera bideratuta daude. Alde Zaharrean 45 daude. Instalatutako kamerak Udaltzaingoaren Ekintzen Koordinazio Zentroari konektatuta daude, eta hari gehituko zaizkio gailu berriak ere.

Iruñeko Udalak lehen fasean 500.000 euroko inbertsioa aurreikusi du:, 308.000 euro kamerak instalatzera bideratuko dira eta beste 192.000 euroak herritarrek hain segurutzat jotzen ez dituzten eremuetan argiztapena hobetzeko, herritarren artean egindako inkesten arabera. Hala, Udalak lanean jarraitzen du espazio seguruak sortzeko, bereziki emakumeendako, mota horretako ekintzak gehien eskatu dituen kolektiboetako bat baitira. Zehazki, Taconera parkean, Gaztelugibelen eta Redín aldean jardunen da batez ere, eta bertan, argiztapena hobetzeaz gain, ikusgarritasuna hobetzea bilatuko da lorezaintzako lanak eginez eta landaredia kenduz. Bigarren fase bat aurreikusita dago proiektu guztia amaitzeko.

Neurri horiek beste ekintza batzuekin osatuko dira, hala nola, beste polizia-kidegoekin koordinatzea, polizia uniformatu eta uniformea jantzi gabeko poliziaren presentzia areagotzea eremu jakin batzuetan eta ikastetxe eta institutuetan informazio- eta prestakuntza-ekintzak egitea. Halaber, Udaltzaingoak Nafarroako Gobernuko gizarte zerbitzuekin koordinazioan eginen du lan, eta Fiskaltzarekin eta Epailetzarekin bilerak eginen ditu etengabe Iruñean delituen bilakaerari buruzko informazioa elkartrukatzeko.

Delinkuentzia prebenitzea

Herritarren Segurtasuneko Alorrak aitortu duenez zaintza-kamerak egote hutsa delituak ez egiteko elementu limurtzailea da, eta, beraz, horiei aurrea hartzeko eta neurri horiekin intzidentzia jaisteko itxaropena dute.  Hala gertatu zen Arrotxapean eta Argarayn kamerak jarri ondoren, adibidez, eta gainerako auzoetan ere gauza bera gertatzea espero dute. Are gehiago aurreikusita dauden gainontzeko ekintzak txertatuta.

Oro har, Iruñea hiri segurua da, kriminalitate-indize baxua du, aurreko urteetakoaren antzekoa, baina egia da 2021ean bildutako datuek hazkunde txiki bat islatzen dutela zenbait esparrutan, hala nola pertsonen aurkako delituetan, sexu-askatasunaren aurkakoetan eta indarkeria eta larderia bidezko lapurretetan. Datuok orokorrean aztertuta, iaz 13.802 delitu erregistratu ziren, gehienak (7.952) ondarearen aurkako delituak izan ziren, eta ondoren ebasketak (3.182) eta pertsonen aurkako delituak (1.225) zeuden.

2020arekiko alderaketa ez da guztiz zehatza, alarma-egoera eta herritarren konfinamendua dekretatu baitziren, eta horrek, zalantzarik gabe, delituen kopurua 11.819 kasura murriztu zuen. Era berean, ezin da 2019arekin alderatu, orduan 17.350 delitu erregistratu baitziren, urte horretan sanferminak ospatu zirelako, eta une horretan, bisitarien kontzentrazioa dela eta, delinkuentziak gora egin ohi du. Aurrekoa gorabehera, uztailean erregistratutako kasuak ezabatuta, 2019an kontabilizatutako delituak 12.977 izanen lirateke, beraz, hazkundea 800 delitutik gorakoa litzateke.

Udaltzaingoak, halaber, nabarmentzen du indarkeria tartean duten delituek gora egin dutela antzeman duela, bai eta hala biktimak nola erasotzaileak gazteak diren delituak ere, zenbait kasutan, adingabeak. Normalean, aisia-eremuekin lotutako delituak dira, hala nola diskoteken inguruetan eta kale-zurrutak egiten diren espazioetan gertatzen direnak; batez ere, indarkeria bidezko lapurretak, alkohola eta drogak hartzeari lotutako lesioak eta sexu-askatasunaren aurkako delituak (hala sexu-erasoak nola sexu-abusuak).

¿Te ha sido útil esta página?