Iruñeko Udalak koronabirusaren aurrean bat egin duen herritarrei omenaldia egin nahi die 2020. urte honetan. Eta urtero hiriaren sorrera ospatzen den egunarekin eginen du, nahiz eta aurtengoan formatu txikiko ekitaldi bat izanen den (700 laguneko leku-kopurua), herritarrei irekia. Batasunaren Pribilegioaren ospakizun-ekitaldian une bat hartuko da, baita ere, pandemian hil direnak gogora ekartzeko.
Datorren irailaren 8an, arratsaldez, Ziudadelako Guardia-gorputzaren inguruan jarritako eszenatokian (sarrera Armada etorbidetik), bat eginen dute doluak eskatzen duen isiltasunak eta musikak zein itxaropena mantendu duten kolektibo horiei guztiei egindako omenaldiak, bai eta herritarrei oro har egindakoak, horiek lagundu izan baitute, bere jokabidearekin, pandemiaren aurrean hiria bat eginda egon zedin. Omenaldian Iruñeko Zapia ere ezarriko da, Iruñearen ezaugarriak zabaltzen eta finkatzen modu aktibo eta agerikoan aritu diren pertsona fisiko zein juridikoei edo entitateei ematen zaien saria. Sari horretarako hautagaitzak aurkezteko epea datorren ostiralean, hilaren 28an, amaituko da.
Aurtengo udan Ziudadelan izaten ari diren ekitaldi publiko guztietan bezala, harresi-barrutirako sarreran tenperatura eta datuak hartuko zaizkie parte-hartzaile guztiei, segimendua egin ahal izateko, behar izanez gero. Gel hidroalkoholikoa ere egonen da erabilgarri. Ekitaldian, bertaratuek maskara jantzita eraman beharko dute uneoro, eta errespetatu osasun-segurtasuneko neurriek ezarritako distantzia.
23 bisita gidatu Udaletxean barna
Iruñeko Udalak erakusgai paratuko du, zenbait egunez, ospakizunari izena ematen dion jatorrizko agiria: Batasunaren Pribilegioa. Hiri modernoaren sorrera-gutuna da, eta Karlos III.a Prestuak eman zuen 1423ko irailaren 8an. Agiria Harrera-aretoan egonen da ikusgai, eta hori ikusten ahalko da, intereseko beste elementu batzuekin batera, Udaletxea bisitatzeko doan izanen diren bisita gidatuetan, irailaren 2, 3, 4, 5, 7 eta 8an.
Bihar hasiko da epea ibilbide horietan izena emateko. Gaztelaniaz zein euskaraz izanen dira, eta 460 leku eskaintzen dira (20 talde bakoitzeko, betiere une bakoitzean indarrean diren osasun-neurrien arabera). Ordutegi ezberdinak daude, goizez zein arratsaldez, 30 minutu inguru iraunen dute eta taldeetan edozein adinetako jendea sartzen ahalko da. Adin txikikoek heldu batek lagunduta egon behar dute, eta, 6 urte baino gehiago dutenek izena behar bezala emanda edukiko dute (heldu arduradunaren NAN zenbakiarekin). Tokia eskatzeko, Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren telefonora deitu behar da (010/ 948 420 100), edo udalaren webgunearen bidez egin, irailaren 7a baino lehen.
Bisitetarako topalekua Udaletxearen ate nagusia izanen da, hasteko adierazitako ordua baino 10 minutu lehenago, parte-hartzaileei tenperatura eta datuak hartu behar baitzaizkie. Argibide gehiago www.pamplona.es-en eta 010 telefonoan.
Hiru burguen bategitea
Batasunaren Pribilegioa hiri modernoaren sorrera-gutuna da, eta Karlos III.a Prestuak eman zuen 1423ko irailaren 8an. Erdi Aroan zehar, Nabarreriako hasierako espazioaren inguruan populazio ezberdinak finkatzen joan ziren, asko jatorri geografiko eta kultural ezberdinekoak eta hizkuntza ezberdina egiten zutenak. Horrela, gune berriak ezartzen hasi ziren, eta mendeak joan ahala laguntza ezberdina izan zuten erreinatzen zuen Nafarroako monarkia alde eduki hala ez. Mendeetan zehar, harremanak gatazkatsuak izan ziren, eta burgu bakoitzak antolakuntza politiko eta administratibo propioa eta babes-sistema harresitua zituen.
Iruñeko Udal Agiritegian gordeta dagoen Batasunaren Pribilegioa gune guztien arteko baturarako neurriak ezarri zituen dokumentua izan zen, antolakuntza- eta funtzionamendu-sistema amankomun bat zehaztu zuena, gaurko Iruñeko hiriaren hazia. Pribilegioa 1833. urtera arte egon zen indarrean, Nafarroa Espainiako Probintzia Administrazioan sartu zenean. Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren inguruko egunetan, jatorrizko agiria erakusgai paratzen da, eta urtean zehar herritarrek aukera dute haren faksimilea ikusteko, Udaletxeko ezkaratzean baitago.
Udaletxeko bisita gidatuen ordutegia
Irailak 2, asteazkena
- 17:00 Gaztelaniaz
- 18:00 Euskaraz
- 19:00 Gaztelaniaz
- 20:00 Gaztelaniaz
Irailak 3, osteguna
- 12:00 Gaztelaniaz
- 13:00 Gaztelaniaz
Irailak 4, ostirala
- 12:00 Gaztelaniaz
- 13:00 Euskaraz
- 17:00 Gaztelaniaz
- 18:00 Euskaraz
- 19:00 Gaztelaniaz
Irailak 5, larunbata
- 11:00 Gaztelaniaz
- 12:00 Gaztelaniaz
- 13:00 Gaztelaniaz
- 17:00 Gaztelaniaz
- 18:00 Euskaraz
- 19:00 Gaztelaniaz
Irailak 7, astelehena
- 17:00 Gaztelaniaz
- 18:00 Euskaraz
- 19:00 Gaztelaniaz
- 20:00 Gaztelaniaz
Irailak 8, asteartea
- 12:00 Gaztelaniaz
- 13:00 Gaztelaniaz