Iruñeak bat eginen du gaur ostegunean, apirilak 2 dituela, Autismoaren inguruan Kontzientziatzeko Mundu Egunarekin, eta udal-webgunea urdinez tindatuko du. COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoeran dekretatutako konfinamenduak dirauen bitartean ez da fatxada argiztatuko oroipenezko egunetan, eta horren ordez aipamena www.pamplona.es webgunean eginen da. Iruñeko Udalak bere elkartasuna agertuko du kausa sozialekin, eta bere babesa on line helaraziko die aste hauetan zehar.
Nafarroako Autismo Elkartearen (ANA) webguneak www.autismonavarra.com/ ’Puedo aprender. Puedo trabajar’ lelopean adierazten duen bezala, aurten bi ardatz nagusitan oinarritutako kanpaina bat abiatu da Espainian, autismoaren espektroko nahasmendua (AEN,) dutenen bizitza-kalitatea hobetzeko: kalitatezko hezkuntza eta enplegua eskuragarriak izatea, betiere, AEN dutenen gaitasun, lehentasun eta berezko beharren arabera egokituta. Horrela, "gizartean eman beharreko ikuspegi-aldaketa bati esker, aukera eskaini nahi zaie pertsona horiei gogobetez eta ahalik eta modurik autonomoenean bizi daitezen, honako hauek xede harturik: haien gaitasunak, lehentasunak eta beharrak asetzen laguntzea, babes-zerbitzu beharrezkoak sortu eta mantentzea eta kolektiboaren irisgarritasuna sustatzea sektore guztietan”.
Autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN) neuro-garapenari lotuta daude eta bizitza osoan zehar eragiten dute hala garapenaren arlo ezberdinetan nola inguruneari eta nork berari antzemateko moduan. Autismoa zenbait eremutan islatzen da, hala nola harreman sozialetan, komunikazioan eta hizkuntzan, eta jokamolde estereotipatu batzuk ditu, bai eta interes-murrizketa ere.