Iruñeak bat egin du Europako Mugikortasun Astearekin, programa zabal baten bidez, non, besteak beste ibilgailu elektrikoen topaketa, bizikleta-ibilbideak eta bizikleten azterketak eginen baitira

Iruñeak bat egin du Europako Mugikortasun Astearekin, programa zabal baten bidez, non, besteak beste ibilgailu elektrikoen topaketa, bizikleta-ibilbideak eta bizikleten azterketak eginen baitira
Udalak hitzaldiak eta topaketak ere antolatu ditu, ‘Iruña berdea’ sustatzeko, irailaren 12tik 14ra



Iruñeko Udalak bat egin du ‘Isurketarik gabeko mugikortasunaren alde’ 2020ko Europako Mugikortasun Astearekin, eta programa bat abiatuko du honako hauekin: ibilgailu elektrikoen topaketa bat, mugikortasun jasangarria eragile ekonomiko gisa landuko duen saio bat, airearen kalitatea ardatz izanen duen beste bat eta zenbait bisita gidatu. Antolatu dira, baita ere, bisitak Sanduzelai, Txantrea eta II. Zabalguneko mugikortasun jasangarriko esku-hartze taktikoetara, ate irekien jardunaldiak BiziZ bizikletendako aparkalekuen sare berriko 6 zentroetan, eta topaketa bat, bizikleten prebentzio-azterketa doakoa egiteko.
 

Horri gehituko zaio Gazteluko Plazan paratzen ohi den udal-argibide gunea eta El Gesto txirrindularitza peña gogoratzeko eginen den omenaldia, entitate horrek 25 urte baitaramatza Bizikletaren Eguna antolatzen, eta aurten, halako urteurrena eginda ere, ezin izanen baitu ospatu osasun-egoera dela-eta. Lehenengo edizioak Frantziako Tourrak Iruñetik pasa zen garaiarekin bat egin zuen, 1996an.
 

Iruñeko Udalak osasun-segurtasuneko neurri guztiak hartu ditu kontuan jarduerak antolatzerakoan, eta bereziki zainduko du parte-hartzaileek maskara eta gel desinfektatzailea erabiltzen dutela eta segurtasun-distantzia gordetzen dutela. Programaren gehiengoa espazio irekietan eginen da, eta leku itxietan eginen direnetan leku-kopurua murriztu da.
 

Mugikortasunaren Astea Iruñean eginen da, irailaren 12tik 14ra bitarte, eta ‘Go Green Pamplona’ Energia Trantsiziorako eta Aldaketa Klimatikorako Estrategiaren baitan sartzen da. Programan, Iruñeko Udalarekin batera, Iruñerriko Mankomunitateak, Garraiobide Osasungarrien Elkarteak eta Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkarteak (AUVE) hartzen dute parte. Argibide gehiago jaso daiteke www.pamplona.es/semanamovilidad-n eta movilidad@pamplona.es-n, eta 948420974 telefono zenbakian.
 

Kalea gizatiartzeko topaketak, mugikortasuna eta ekonomia, airearen kalitatea eta ordenantza
 

Lehenengo hitzaldia hilaren 17an izanen da, ostegunarekin, eta bertan mugikortasunaz eta hirigintza taktikoaz ariko dira, kalea malgutu eta gizatiartzeko, Marta Sola eta Jokin Santiago (Leku Studio) arkitektoen eskutik. Astelehenean, hilaren 21ean, ‘Mugikortasun jasangarria ekonomiaren eragile’ mahai-ingurua eginen da, eta horretan hartuko dute parte Itziar Maestrojuanek (Anteral), Jon Asinek (Beeplanet), Pruden Induráinek (Conor Bikes), Eneko Astigarragak (Oraintxe) eta Sara Ylipoti (Ride-On); moderatzaile, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegoti ordezkaria ariko da.
 

Airearen kalitatea eta horrek aukeratutako garraiobidearekin duen harremana izanen da hurrengo eguneko hitzaldiaren ardatza. Arturo H. Ariño Nafarroako Unibertsitateko eta UNEDeko Ingurumen Zientzietako irakasleak egindako Life+RESPIRA ikerketaren lehenengo ondorioak aurkeztuko ditu. Espazio honetan gogora ekarriko da airearen kalitatea gai bereziki garrantzitsua dela osasunerako eta hori asko hobetu dela konfinamenduak iraun bitartean, hala erakutsita horrek mugikortasunarekin duen lotura estua. Laugarren proposamena Mugikortasunaren Ordenantzari buruzko hitzaldi-solasaldi bat da, eta bertan aztertuko da nola eragiten dien oinezko zein bizikleta bidezko mugikortasunei. Maribel Gómezek (Iruñeko Udaleko Mugikortasuneko arduraduna), Josu Pascualek (8.80 plataforma) eta Jesús Sukuntzak (AMTS elkartea) hartuko dute parte, eta bertaratutakoekin solastuko dira.
 

Argibidegunea, azterketa eta bizikleten eta ibilgailu elektrikoen erakusketa
 

Urtero bezala, Udalaren argibidegunea jarriko da Gazteluko Plazan Mugikortasun Astearen jardueren berri emateko, bai eta araudiei, udal-baliabideei eta bestelako gaiei buruzko zalantzei erantzuteko. Irailaren 12, 13, 19 eta 20n egonen da zabalik, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara.
 

Argibidegunearen ondoan bizikleten prebentzio-azterketak eginen dira, doan, 19an (larunbata) eta 20an (igandea), goizez, eta bizikleta elektrikoen, mekanikoen eta ekipamenduen erakusketa bat izanen da, Conor Bikes-en eskutik eta Jesús Sukuntzaren bildumarekin. Helburua da bizikleten mantentze egokia sustatzea ibiltzerakoan segurtasuna bermatzeko tresna gisa, bai eta bizikleta egoki aukeratzen laguntzea ere eroso mugitzeko eta, nahi duenak, pertsonalizatzeko elementuak eransteko; izan ere, garraiobide mota hau gero eta gehiago dago modan, alternatiba osasungarri eta jasangarria baita.
 

Garraiobide jasangarriko beste modu bat erakusteko, irailaren 20n, igandearekin, AUVEk prestatutako ibilgailu elektrikoen bilketa bat izanen da, esperientziak partekatzeko, eta publikoari informazioa emanen zaio horiek mantentzeko moduei buruz eta sortzen zaizkien zalantzei buruz. Topaketa horretan Iruñerriko Mankomunitatearen eta Iruñeko Udalaren zenbait ibilgailu ere egonen dira.
 

Bisita esku-hartze taktiko berrietara eta bizikleten aparkalekuen sarera
 

Programak ibilbide batzuk ere hartzen ditu barne, Udala azken hilabeteotan egiten ari den esku-hartze taktikoak bisitatzeko. Sanduzelaiko Juaristi doktorearen kalekoa (hilaren 21ean) eta Txantreako Andre Maria Laguntzazkoa kalekoa (hilaren 22an) Marta Sola eta Jokin Santiago (Leku Studio) arkitektoek gidatuko dituzte, proposamenaren egileek hain zuzen ere. II. Zabalgunean, Udaleko teknikariek, SUMA USC enpresak eta CERMIN-ek hartuko dute parte. Xedea da egindako jarduketak erakustea, helburu didaktikoarekin, helburuak eta onurak uler daitezen, oinezkoendako guneak nola irabazten diren erakutsita.
 

Udal baliabide berriak ezagutzeko helburuarekin ere, ate irekien jardunaldiak antolatu dira BiziZ bizikletendako aparkalekuen sarean, irailaren 15etik 22ra. Txandakako aparkaleku babestuak eta bideoz zainduak dira. Honako leku hauetan izanen dira: Autobus-geltokia (hilaren 15ean eta 16an), Iturraman, Civivoxaren ondoan (16an eta 17an), Zezen-plazan (19an), Mendebaldean, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren ondoan, (21ean eta 22an), Ospitalegunean (22an) eta Txantrean, Arriurdiñeta plazan, (17an eta 18an). Azken kasu horretan, bizilagunendako aparkaleku-plazak esleitzeko prozeduraren irekiera azalduko da, eta horiek eskatzeko agiriak banatuko dira.
 

Ibilaldi gidatuak bizikletaz ziklo-sarean barna, bizikleta-ibilbide kulturalak eta bizikleta-eskolak helduentzat
 

Mugikortasun Astea osatzeko, Iruña berdeari buruzko bizikleta-ibilbide kulturalak eginen dira, bai eta ibilaldi gidatuak hiriko ziklo-sarean barna eta helduendako bizikleta-eskolak ere. Bizikleta-ibilbideetako batek Iruñeko zuhaitz eta parkeak izanen ditu ardatz, horien berezitasunak eta toponimoak ikasteko, Mikel Belaskoren eskutik (Zuhaitz Zaharren Lagunak elkartea), hilaren 16an. Besteak, Alde Zaharreko, Donibaneko eta Mendebaldeko baratzeetan barna ibiliko da, hilaren 17an, La Piparrika, San Juan Xar eta Ermitaldea elkarteekin.
 

Ziklo-sarean barnako ibilaldi gidatuak irailaren 12, 13, 19 eta 20an eginen dira, Gazteluko plazatik abiatuta eta AMTS elkartearen gidaritzapean. Izena doan eman daiteke 010 eta 948420100 Herritarrendako Arreta telefonoetan. Horrela hiriaren beste ikuspegi bat eskuratzen ahalko da, bizikletaren gainetik, eta Iruñeak bizikletak segurtasunez mugitzeko eskaintzen duen azpiegitura sustatuko da. Bi larunbatetan hiriaren iparraldean ibiliko dira, eta Alde Zaharra, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Buztintxuri bisitatuko dituzte. Bi igandeetan, hegoaldera jo eta Zabalgunean, Donibanen, Mendebaldean, Iturraman eta Lezkairuko eta Soto Lezkairuko zalduan barna ibiliko dira, bai eta Alde Zaharrean ere.
 

Azkenik, Udalak bizikleta-eskola bat antolatu du, hiru mailarekin. Bertan parte hartzeko izen-ematea hilaren 1ean ireki zen, eta hastapen-maila beteta dago. Leku libreak daude erdi mailako taldean (trebetasunekoa); maila hori bizikletan ibiltzen badakiten baina gidatzean kontrol handiagoa lortu nahi duten pertsonei zuzentzen zaie. Hilaren 14tik (astelehena) 17ra (osteguna) bitarte eginen dira, hiru taldetan: 12:00etatik 13:30era, 17:00etatik 18:30era eta 19:00etatik 20:30era. Maila aurreratuan ere badira lekuak; maila hori trebetasuna izanda zirkulazio-egoera errealetan konfiantza hartu nahi dutenei zuzentzen zaie. Eskolak irailaren 21etik 24ra izanen dira, honako ordutegi hauetan: 17:00 – 19:00 eta 19:00 – 21:00. Izena emateko, 010 telefonora deitu behar da.

 

Europako Mugikortasun Astea. Irailak 12 – 24. Isurketarik gabeko mugikortasunaren alde

Irailak 12 eta 19 (larunbatak) eta irailak 13 eta 20 (igandeak)

  • UDALAREN ARGIBIDEGUNEA
    • Jardueren, arauen eta zerbitzuen gaineko informazioa
    • Larunbatetan: 11:00 – 14:00 eta 17:00 – 20:00. Igandeetan: 10:00 – 14:00. Gazteluko plaza
  • IBILALDI GIDATUAK BIZIKLETAZ ZIKLO-SAREAN BARNA
    • Ezagutu Iruña bizikletaz, AMTS elkartearen eskutik. 10:00 – 12:30 Hasiera eta amaiera Gazteluko plazan Aurretik izena eman behar da, 010 edo 948420100 telefonoetan. 14 urtetik gora (adingabeak heldu batek lagunduta).
    • Irailak 12 eta 19 (larunbatak), iparraldeko zonaldea: Alde Zaharra, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Buztintxuri.
    • Irailak 13 eta 20 (igandeak), hegoaldeko zonaldea: Alde Zaharra, Zabalgunea, Donibane, Mendebaldea, Iturrama eta Lezkairuko Zaldua.

Irailak 14 (astelehena) – 17 (osteguna)

  • HELDUEN BIZIKLETA-ESKOLA
    • Hastapen-maila, beteta. Badira leku libreak 2. mailan (trebetasun-maila). Bizikletan ibiltzen jakin baina gehiago trebatu nahi dutenentzat.
    • 4. taldea (12:00 – 13:30). 5. taldea (17:00 – 18:30). 6. taldea (19:00 – 20:30). Ingurumen Hezkuntzako Museoa. Aurretik izena eman behar da, 010 edo 948420100 telefonoetan.

Irailak 15 (asteartea) – irailak 22 (asteartea)

  • BIZIZ BIZIKLETETARAKO APARKALEKUEN SAREAREN ATE IREKIEN EGUNA
    • Txandakako aparkaleku babestuak eta bideoz zainduak.
    • 11:00 – 14:00 eta 17:00 – 20:00.
    • Autobus-geltokia (hilak 15, asteartea, eta 16, asteazkena). Iturrama, Civivoxa (hilak 16, asteazkena, eta 17 osteguna). Txantrea, Arriurdiñeta plaza: auzotarrei tokiak esleitzeko prozeduraren irekitzearen berri eta funtzionamenduaren inguruko informazioa emanen zaie, eta tokiak eskatzeko agiriak banatuko dira (irailak 17, osteguna, eta 18, ostirala). Zezen-plaza (hilak 19). Mendebaldea, Nafarroako Liburutegi Publikoa (hilak 21, astelehena, eta 22, asteartea). Ospitalegunea (hilak 22, asteartea).

Irailak 16, asteazkena

  • BIZIKLETA-IBILBIDE KULTURALA:
    • Iruñeko zuhaitzak eta parkeak, bitxitasunak eta toponimoak. Bizikleta-ibilbidea parke eta lorategietan barna, Mikel Belaskoren laguntzarekin (Zuhaitz zaharren elkartea).
    • 17:00 – 19:00. Abiapuntua Yamaguchi parkean (Planetarioaren ondoan). Adin guztietako jendearentzat (adingabeak nagusi batek lagunduta).

Irailak 17, osteguna

  • BIZIKLETA-IBILBIDE KULTURALA:
    • Iruñeko baratze komunitarioak. Bizikleta-ibilbidea Alde Zaharreko, Donibaneko eta Mendebaldeko baratzeetan barna, La Piparrika, San Juan Xar eta Ermitaldea elkarteen laguntzarekin.
    • 17:00 – 19:00. Abiapuntua Alde Zaharreko baratzean, Pellejerías zokoan. Adin guztietako jendearentzat (adingabeak nagusi batek lagunduta).
  • HITZALDIA: MUGIKORTASUNA ETA HIRIGINTZA TAKTIKOA, KALEA MALGUTU ETA GIZATIARTU
    • Hizlariak: Marta Sola eta Jokin Santiago arkitektoak (Leku Studio)
    • 19:00. Kondestable Civivoxa. Hitzaldi-aretoa

Irailak 19 (larunbata) eta 20 (igandea)

  • BIZIKLETEN DOAKO PREBENTZIO-AZTERKETA
    • 11:00 – 14:00. Gazteluko plaza
  • BIZIKLETA ELEKTRIKOEN, MEKANIKOEN ETA EKIPAMENDUEN ERAKUSKETA
    • Conor Bikes eta Jesús Sukuntzaren bizikleta-bilduma.
    • 11:00 – 14:00. Gazteluko plaza.

Irailak 20, igandea

  • IBILGAILU ELEKTRIKOEN TOPAKETA
    • Topketa, iIbilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkartearen eskutik, esperientziak partekatu eta jendea informatzeko. Iruñerriko Mankomunitatearen eta Iruñeko Udalaren ibilgailuekin.
    • 11:00 – 14:00. Basotxoa.

Irailak 14 (astelehena) – 24 (osteguna)

  • HELDUEN BIZIKLETA-ESKOLA
    • 3. maila (Zirkulazioa). Hirian barna zirkulatzeko praktikak eta benetako zirkulazioarekin.
    • 7. taldea (17:00 – 19:00). 8. taldea (19:00 – 21:00). Aurretik izena eman behar da, 010 edo 948420100 telefonoetan.

Irailak 21, astelehena.

  • MAHAI-INGURUA: MUGIKORTASUN JASANGARRIA EKONOMIAREN ERAGILE
    • Parte-hartzaileak: Itziar Maestrojuan (Anteral), Jon Asin (Beeplanet), Pruden Induráin (Conor Bikes), Eneko Astigarraga (Mundoraintxe) eta Sara Ylipoti (Ride-On).
    • 19:00. Kondestable Civivoxa. Ekitaldi-aretoa
  • BISITA-IBILALDIA JUARISTI DOKTOREAREN ARDATZAREN (SANDUZELAI) ESKU-HARTZE TAKTIKORA
    • Gidariak: Marta Sola eta Jokin Santiago arkitektoak (Leku Studio).
    • 19:00 – 20:30. Abiapuntua Sanduzelai plazan.

Irailak 22, asteartea

  • HITZALDIA: MUGIKORTASUNA ETA AIREAREN KALITATEA, LOTURA ESTUA
    • Life+RESPIRAren ondorioak. Hizlaria: Arturo H. Ariño, Ingurumen Zientzietako irakaslea Nafarroako Unibertsitatean eta UNEDen:
    • 19:00. Iturramako Civivoxa. Ekitaldi-aretoa.
  • BISITA-IBILALDIA LAGUNTZAKO ANDRE MARIAko ARDATZAREN (TXANTREA) ESKU-HARTZE TAKTIKORA
    • Gidariak: Marta Sola eta Jokin Santiago arkitektoak (Leku Studio).
    • 19:00 – 20:30. Abiapuntua Félix plazan.

Irailak 23, asteazkena

  • BISITA-IBILALDIA II. ZABALGUNEKO ESKU-HARTZE TAKTIKOETARA
    • Gidariak: udal-teknikariak, SUMA USC eta CERMIN
    • 19:00 – 20:30. Abiapuntua Gurutzeko plazan

Irailak 24, osteguna

  • HITZALDI-SOLASALDIA: MUGIKORTASUNA OINEZ ETA BIZIKLETAZ. NOLA ERAGITEN DU GAUR EGUNGO MUGIKORTASUN-ORDENANTZAK?
    • Parte-hartzaileak: Maribel Gómez (Iruñeko Udaleko Mugikortasuneko arduraduna), Josu Pascual (8.80 plataforma) eta Jesús Sukuntza (AMTS elkartea).
    • 19:00. Ingurumen Hezkuntzako Museoa
¿Te ha sido útil esta página?