Iruñeak bat eginen du heldu den astean, irailaren 16tik 21era, Bizikletaz zein oinez, beti segurtasunez lelopean eginen den Europako Mugikortasun Astearekin. Gazteluko plazako argibide gunea, Arrotxapeko eta Milagrosako bizikleta-aparkalekuak eta Mugikortasuneko ordenantza berria izanen dira Iruñeko Udalaren programaren ardatzak. Horrez gain, honako jarduera hauek antolatu ditu: bizikleta-ibilaldiak Oteizaren eskulturak eta zuhaitz bereziak ezagutzeko, helduentzako bizi-eskola, ikasleendako bizikleta-martxa eta, amaitzeko, mugikortasun-festa.
Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eman du udal-programaren zehaztapenen berri, eta azpimarratu du helburu duela garraio publiko jasangarriak balioestea Mugikortasuneko ordenantza berria indarrean hasi den urte honetan. Europako Mugikortasun Astearen leloarekin bat, programak neurri batzuk jasotzen ditu segurtasun handiagoz ibiltzeko hirian bai bizikletaz bai oinez, hala nola pasabideetan ikuspena handiagotzea, haien ondoko bost metroetan aparkatzea debekatuz.
Argibide gunea Mugikortasun Asteari eta Mugikortasuneko Ordenantza berriari buruz
Gazteluko plazako argibide guneak informazioa emanen die horra hurbiltzen diren herritarrei Mugikortasun Asteko jarduerei eta Mugikortasuneko Ordenantza berriari buruz, eta haiek plazaratutako zalantzak argituko dizkiete. Gunea astelehenetik ostegunera egonen da zabalik, 18:00etatik 21:00etara, eta ostiral zein larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Halaber, indarra hartu berri duen arauzko testua, Iruña 30 hiri bihurtzen duena, ezagutzera emate aldera, lau informazio-hitzaldi antolatu dira. Udal-teknikariek emanen dituzte hitzaldiok eta haietan tokia eginen zaio zalantzak argitzeari. 18:30etik 20:30era bitarte izanen dira, hilaren 16an, astelehenean, Kondestablearen Jauregian; Iturramako Civivoxean, asteartean; Ingurumen Hezkuntzako Museoan (San Pedroko Monasterio Zaharra), asteazkenean, eta Sanduzelaiko Civivoxean, ostegunean.
Helduentzako bizi-eskola ere prestakuntza-jarduera izanen da, eta astelehenetik ostegunera eginen da, bi mailatan banatuta. 1. mailak bizikletaz ibiltzen ikastea du xede, eta 2.ak, bizikleta gidatzean trebetasuna eskuratzea. Arratsaldeko txandetan ikaspostu guztiak hartuta daude, eta goizekoetan bakarrik dago toki bat edo beste hobekuntza-lantegian. Arrotxapean eginen dira, San Pedroko Monasterio Zaharrean, eta izena emateko 010 Herritarrendako Arreta Telefonora deitu behar da (948420100ra Iruñeaz kanpotik deitzen bada).
Bizikletendako aparkalekuak Urzainki eta Guelbenzu kaleetan
Iruñean 4 bizikleta-aparkaleku daude, Alde Zaharrean, Arrotxapean eta Guelbenzun, eta guztira 509 aparkatzeko toki dituzte. Mugikortasun Aste honetan azkeneko biak eman behar dira bereziki ezagutzera. Arrotxapeko bizikleta-aparkalekua Urzainki kaleko 14an dago, eta 170 leku ditu, horietako 8 haurren bizikletetarako. Astelehenean, aparkalekua abiapuntua izanen da ibilaldi antzeztu baterako, zeina 18:00etan hasi eta 20:00etan amaituko baita. Hilaren 17an, asteartearekin, ate irekien jardunaldi bat eginen da, eta bertan banaka eginen zaio harrera jendeari, 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Antzeko jarduera batzuk antolatu dira Juan María Guelbenzu zeharkalearen 8ko bizikleta-aparkalekua ezagutzera emateko, zeinak 158 toki baititu, horietako 8 haurrentzat. Kasu honetan, ibilaldi antzeztua asteazkenean izanen da, eta ate irekien jardunaldia, ostegunean. Bi jarduerak Arrotxapean duten ordutegi berean eginen dira.
Aparkaleku horietan aparkatze-tokiren bat eskuratzeko, eskatzaileek erroldaturik egon behar dute Milagrosako edo Arrotxapeko etxebizitza batean, hurrenez hurren. Gainera, adinez nagusi izan beharko dute, eta 14 – 17 urte bitartekoak badira, gurasoen baimena aurkeztu. 14 urtetik beherakoentzat, gurasoek edo legezko tutoreek eskatuko dute lekua, azkenik adingabea onuraduna izanen delarik. Halaber, eskatzaileek eguneratuak izan behar dituzte Iruñeko Udalarekiko tributu-betebeharrak eta bestelakoak. Aparkalekua erabiltzeko urteko tarifa 60 eurokoa da helduentzat, eta 30 eurokoa haurrentzat. Tarifa murriztuko bi mota daude, diru-sarreren arabera.
Aplikazio mugikor baten bidez sartzen da aparkalekuetara, erabiltzaileari lotutako telefonotik telefono zenbaki batera deituz edo sarbide-gakoaz.
Bizikleta-ibilaldiak Oteizaren eskulturak eta zuhaitz bereziak ezagutzeko
Asteartean eginen da urteko lehen bizikleta-ibilaldia. Iruñeko lorategi eta parkeetan banatuta dauden Oteizaren eskulturak izanen ditu ardatz. Ibilaldia Gazteluko plazatik abiatuko da, 18:00etan, eta honako topagune hauek edukiko ditu: Askatasun plaza (18:15), NUP (18:25), Iturramako Félix Huarte plaza (18:50), Yamaguchi parkea (19:10) eta Ziudadela (19:30).
Hilaren 19an, ostegunarekin, antzeko planteamenduaz, kultur bisita gidatu bat antolatu da zuhaitz bereziak ezagutzeko. Bizikleta-ibilaldi bat izanen da hiriko parke eta berdegune batzuetan barna, hiriko landare eta zuhaitzetan adituek lagunduta. Yamaguchi parketik aterako da (Planetarioaren ondoan), 17:30ean, eta Munduaren Parkean amaituko da 8 km-inguruko martxa hau. Azalpen-guneak honako hauek izanen dira: Yamaguchi parkea, Planetarioaren ondoan (17:30), Taconerako lorategiak (18:00), Nafarroako Jauregia (18:25 horas), Zamargileen zubia (18:35), Arantzadiko baratzeak (18:45) eta Munduaren parkea (19:30). Itzultzeko Media Lunako eta Descalzoseko igogailuak erabiliko dira.
Bukatzeko, haurrendako bizikleta-martxa eta mugikortasun-festa
Programari buru emanen diote gehiago haurrei eta familiei zuzenduta dauden jarduerek, Europako Mugikortasun Astea festa batez amaitu dadin. Hilaren 20an, ostiralarekin, 09:00etatik 14:00etara, haurrendako bizikleta-martxa bat eginen da, eta hartan Iruñeko zenbait ikastetxek parte hartuko dute, monitoreek eta udaltzainek lagunduta. Irteerak ikastetxe bakoitzetik eginen dira, auzo bakoitzeko topalekuraino, eta martxaren helmuga Sarasate pasealekua izanen da. Behin horra iritsita, guztiek batera ibilaldi bat eginen dute. Amaieran festa bat ospatuko da, 11:00etatik 14:00etara, non puzgarriak, horma-irudiak, bide-segurtasuneko zirkuitua, lantegiak eta abar izanen baitira.
Festari jarraipena emanen zaio ostiral arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Sarasate pasealekuan bertan, eta larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Sarrera librea izanen da.