Iruñeak bat egin du ‘AccesibilidApp’ aplikazio mugikorraren erabilerarekin, hiri-ingurunean gerta daitezkeen irisgarritasun-arazoak Udalari zuzenean jakinaraztea ahalbidetzeko

Iruñeak bat egin du ‘AccesibilidApp’ aplikazio mugikorraren erabilerarekin, hiri-ingurunean gerta daitezkeen irisgarritasun-arazoak Udalari zuzenean jakinaraztea ahalbidetzeko
Udalak eta COCEMFEk hitzarmen bat sinatu dute herritarren partaidetzako tresna teknologiko horren bidez elkarlanean aritzeko
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak eta COCEMFek –Minusbaliotasun fisikoa eta organikoa dutenen Espainiako Konfederazioak– lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute ‘AccesibilidApp’ mugikorreko aplikazioa erabiltzeko. Tresna teknologiko honek, funtsean, bidea ematen du herritarrek oro har modu erraz eta zuzenean jakinaraz ditzaten irisgarritasun arloko kexak eta iradokizunak, udal-ardurakoak izan eta hirian, hiri-inguruetan edo eraikinetan topatzen ahal dituzten arazoei buruzkoak, Udalak horiek aztertu eta bide onean konpondu ditzan.

Aplikazio honek aukera ematen dio Udalari herritarrekin denbora errealean elkarreraginean aritzeko jakinarazitako gertakariaren bilakaeraz, eta kudeatzeko, app-arekin batera garatutako intranet baten bidez, bere jarduketa-eremuko jakinarazpenak, txostenak eta intzidentzia-mapak; hartara, gertakarien kudeaketa errazte aldera. Hau da, tresna hau baliagarria da hala kokapen, argazki eta iruzkin baten bidez jakitera emateko hiri-inguruneko irisgarritasun-osagaietan gerta daitekeen edozein narriadura, pertsonen mugikortasuna zaildu edo eragozten dituena, nola kexa aurkeztu zuen pertsona jakinaren gainean jartzeko Udalak arazoa konpontzeko egin duen gestioaz.

Fermin Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Manuel Arellano Nafarroako COCEMFEko lehendakariak aurkeztu dute, gaur goizean, aplikazioa, zeinaren bidez Udala eta herritarrak elkarlanean arituko baitira hiri irisgarriago eta adeitsuago baten alde. Prentsaurrekoan esan dutenez, batetik laguntza emanen dio Udalari puntu beltzen kokalekua jakin eta horiek konpontzeko, jasotzen dituen gertakari-kopuruen arabera, eta, bestetik, aukera ematen die herritarrei modu errazean hiriko irisgarritasunean parte hartzeko. Hori horrela, gizarteari, oro har, mesede egiten zaio, eta ezgaitasuna dutenen eskubide-berdintasuna bermatzeaz gain, parte har dezaten oztopoak kenduz, beste talde batzuen joan-etorriak errazten dira, hala nola zaharren, aulkitxoa daramaten familien eta abarrenak.

Doako App-a irisgarritasun unibertsalaren alde

Aplikazio mugikor hau COCEMFEk eta Espainiako Vodafone Fundazioak garatu dute, eta Android eta iOS gailuetarako deskargatu daiteke. Irtenbide teknologiko hau bat dator Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa betetzearekin eta erakunde horrek Espainiari egin dizkion gomendioekin, irisgarritasuna bermatzeko segimendu-mekanismoak ezar ditzan. App-a estatu mailako lege-betebehar bati ere lotuta dago; izan ere, horren arabera,  espazio eta eraikin publikoek orok irisgarri izan behar dute 2017. urtetik aurrera, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen eta gizarteratzearen Lege Orokorrak ezartzen duenarekin bat.

COCEMFEk Iruñeko Udalaren eskura jarri du, doan, ‘AccesibilidApp’ aplikazioa, eta bere gain hartu ditu aplikazioaren mantentze- zein gaurkotze-lanak, hark zuzen funtzionatu dezan. Halaber, erabilera-eskuliburu bat, euskarri teknikoa eta prestakuntza ematen ditu. Udalak, bestalde, konpromisoa hartzen du ‘AccesibilidApp’ aplikazioaren bitartez jasotako gertakariak kudeatzeko, udal-esparruan, horiek konpondu arte, eta gertakari horiek kudeatzeko arduradunak izendatuko ditu.

¿Te ha sido útil esta página?