Iruñeko Udala, ‘Go Green’ Energia Trantsiziorako eta Aldaketa Klimatikoko Estrategiaren bitartez, baso-kudeaketa jasangarrian ari da lanean, tokiko basoak berreskuratze aldera, xede hartuta udalerriko bioaniztasuna handitzea. Udalak 15 baso-hektarea ditu jabetzan, zenbait lursailetan. Gaur goizean software berritzaile baten erakustaldi bat izan da, zeinak inteligentzia artifiziala erabiltzen baitu baso-inbentario bat egiteko. Softwarearen garatzaileek Udalaren jabetzakoa den larizio pinu multzo batean egin dute entsegua, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuko 21 ikasleren aurrean. Lehenegotik ere bazegoen zerbaitetik abiatuta –lurreko laser-eskaner sistema mugikor batetik–, programak baso-masei buruzko datuak jaso eta interpretatzen ditu modu automatikoan.
Horrela, laserrak 300.000 argi-pultsu bidaltzen ditu segundoko. Izpiak, zuhaitzaren kontra jotzean, puntuzko hodeiak sortzen dituzte; gero, informazio hori, garapen berriko software horretatik pasatzean, modu automatikoan itzultzen du bere ekintza eremuan aurkitzen dituen aleen diametroaren, garaieraren, enborraren bolumenaren eta bestelako datuen interpretazioa. Gainera, horien geoerreferentzia ere egiten du. Programa gai da, ondoren, informazioa emateko zuhaitz bakoitzari eta maila, partzela eta hektarearen arabera metatutako balioei buruz, zein baso-masaren batez besteko balioak adierazteko. Gaztela-Mantxako Unibertsitateak nazio mailako proiektu baten barnean ikertzen duen sistema honek helburu ditu doikuntza handiagoa eskuratzea baso-masen inbentarioetan eta eskuzko neurketa tradizionalen kostua murriztea.
Gaur goizean Go Monte Digital proiektuaren koordinatzailea den Francisco Ramón López Serranok –proiektua non Gaztela Mantxako Unibertsitateak eta DIELMO 3D eta NATURTEC enpresek parte hartu baitute– neurketa automatizatuak egin ditu Iruñeko Udalarenak diren 1.750 eta 1.758 lursailetan, hau da, hiriko ondare diren lau baso-masetako hiru hartzen dituzten espazioetan. Saio berezi horren emaitzak metodo klasikoaren bidez egindakoekin (eginak daude) alderatuko dira, eta baliagarri izanen dira, bide batez, oraindik ikerketa-fasean dagoen teknologia hori testatzeko. Erakustaldian honako hauek egon dira: Fermín Alonso Iruñeko Udaleko Proiektu Estrategiko, Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkaria, Elena Baeza Nafarroako Gobernuko Basogintzako kudeaketako burua, Miguel Ángel Jordán Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuko zuzendaria eta Ingurumeneko Oihanzaintzako langileak, besteak beste.
Baso-kudeaketa jasangarria eta naturalizazioranzko bidea
Iruñeak Ezkaban eta Mendebaldean du basoa jabetzan, guztira 15 hektarea. Udala 2012 eta 2013tik lantzen ari den basoaren erabilerak, gainera, Iruñeko Udal Plana betetzera dator, basoaren kalitatearen dagokionez, eta sute-arriskua murriztuko du. Ezkabako basoa larizio pinuaren (Pinus nigra) masa heldu bat da, 45 urte ingurukoa, basoberritzetik sortua. Gaur egun oso dentsitate handia du, eta oztopo da dauden aleen garapen zuzenerako. Hori dela-eta garrantzitsua da masa horietan esku-hartzea, horien kontserbazio eta egonkortasun egoera zuzena bermatuko duten baso-kudeaketako irizpideak aplikatuta, eta aldi berean aurrera eginez epe ertainera quercusen bertako basoa berreskuratzeko aukera emanez, haritza eta artea birsortzea sustatuz.
Basoberritzeak, halaber, udalerriko bioniztasun-maila handituko du; izan ere, Udalak egindako ikerketen arabera, hain zuzen ere Ezkabako eta ibaiertzetako eremuak dira udalerri osoan balio natural handiena dutenak. Inguru horretan daude Iruñeko azken bioaniztasun-ikerketan identifikaturiko hegazti-espezieen % 29 (55etik 16), narrastien % 70 (10etik 7) eta landare basatien % 43 (82 espezie).
Kasu honetan, eta Udalak Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuarekin sinatutako hitzarmenari esker, ikastetxe horretan Basogintza Kudeketako Erdi eta Goiko Maila ikasten ari diren ikasleek lan praktiko batzuk egiten dituzte, hala nola inbentario, markaketa, apeo eta egur-ateratzea bitarteko mekanikoak erabiliz. Lan horiek Oihanak eta Ehiza kudeatzeko Zerbitzuak eta Oihanak Zaintzeko atalak egiaztatuko ditu ingurumen-baimena eman baino lehen. Inbentario-fasean lortutako emaitzen esperoan, aurreikusi da oinen % 30-50 inguru atera ahalko dela, hau da, 150-200 tona metriko hektarea bakoitzeko. Egur horren parte bat ‘Altzariak muntatzeko eta egurra eraldatzeko lantegi-eskolako’ ikasleen lanetarako erabiliko da, eta gainerakoa biomasa fabrikatzeko, horren bidez Udalarendako diru-sarrerak lortuz. Egur hori guztia PEFC baso-kudeaketa jasangarriko sistemaren bidez ziurtatu da.