Iruñeak baditu jada bizikletetarako bederatzi aparkaleku publiko, estaliak eta bideozainduak

Iruñeak baditu jada bizikletetarako bederatzi aparkaleku publiko, estaliak eta bideozainduak
Berriki gehitutako hiru dotazio berriekin, sistemak mota horretako 360 aparkaleku-plaza eskainiko ditu hirian barna banaturik

Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko bizikletetarako txandakako aparkaleku seguruen sareko hornitze-, kudeatze- eta mantentze-lanez arduratuko den enpresa aukeratzeko esparru-hitzarmena luzatzea onetsi du 2022 urtera. Iruñeak baditu jada mota-horretako bederatzi aparkaleku, 50 aparkaleku-plazako edukiera duten sei, eta beste hiru, berriki gehituak, 20 erabiltzailerentzako tokia dutenak. Hirian barna egin den banaketak erabiltzaileek eremuen arabera egin duten eskariari erantzuten dio, eta horren arabera ere auzoko bizilagunentzat erreserbatutako plazak eskaintzen dira.

Zerbitzura gehitu diren azken hiru moduluek gainontzekoek baino diseinu optimizatuagoa dute. Horri esker bide publikoan espazio gutxiago okupatzen dute eta horrela edukiera handienekoak jartzea ezinezkoa izanen zen lekuetan jarri ahal izan dira. Hala, García Ximénez kaleko oinezkoendako eremuan, autobus-geltoki zaharraren ondoan, bai eta Yanguas y Miranda kalean eta Tafalla zeharkalean ere jarri ahal izan dira.

Iruñean bizikletetarako beste sei aparkaleku publiko daude, estaliak eta bideozainduak, 50na leku dituztenak. Honako toki hauetan kokatuta daude: zezen-plazaren inguruan; Mendebaldean, Liburutegi Orokorraren eta Musika Kontserbatorioaren eremuan; Iratxeko Monasterioaren kalean; ospitalegunean, amaetxeko sarreraren parean; Iturramako Civivoxoaren kanpoaldean, eta Txantreako Arriudiñeta plazan.

Sistema erabilerraza www.pamplona.es/nbici webgunearen bidez

Biziz aparkaleku-sistema www.pamplona.es/nbici/ webgunearen bidez erabil daiteke, eta bertatik zerbitzuan alta eman eta ordainketa egin daiteke. Behin alta hartuta, hiru modu izanen ditu erabiltzaileak aparkalekuetara sartzeko. Lehenengoa, app-aren bidez gailu mugikorrean hautatutako aparkalekuko ‘atea’ botoiaren gainean klik eginez; bigarrena, erabiltzaileari zerbitzuan alta hartzean emanen zaion sarbide-kode pertsonala atearen teklatuan sakatuta, eta hirugarrena, aparkaleku bakoitzeko argibide-panelean agertzen den telefonora deitu eta, linea komunikatzen dagoela, atean dagoen teklatuko kanpaiaren irudia sakatuta.

Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarea txandakakoa da, beraz, zerbitzua erabiltzen dutenei ezartzen zaien tarifa-sistemak aldi baterako erabilera saritzen du, eta luzaroan erabiltzea mugatzen du. Modu horretan, txandakako zerbitzuan alta hartu dutenei hileko oinarrizko bi euroko tarifa aplikatuko zaie, zeinak txandakako plazak dituzten aparkalekuak erabiltzeko eskubidea ematen baitie asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduz, behar bestetan aparkalekuz aldatuta, 48 orduko denbora-zatikietan. Txandakatzea laguntzeko, denbora-zatiki horretatik gora gehiago kobratuko da.

Aparkalekuek moduluak kokatuta dauden auzoko bizilagunendako lekuak ere barne hartu ditzakete, banaka esleitzen direnak eta 60 euroko tarifa dutenak, mugarik jarri gabe aparkatzeko denborari dagokionez. Aparkalekuek bizikleta elektrikoak kargatzeko entxufeak dituzte, eta bideozainduak eta argiztatuak daude; beraz, seguruak dira erabiltzaile eta adjudikaziodunentzat eta haien bizikletentzat, eta kokatzen diren ingurunean ere segurtasun baldintzak hobetzen laguntzen dute.

Zuzkidura horiek martxan jartzea ‘Go Green Iruña’ energia trantsizio eta klima-aldaketarako estrategiaren barruan dago. Estrategia hori aurreko Osoko Bilkuran aho batez onetsi zen, eta haren jarraibideek gidatzen dituzte Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrak garatutako trantsizio energetikora eta klima-aldaketaren aurkako borrokara bideratutako ekintzak.

¿Te ha sido útil esta página?