Iruñeak azken urteetako osasun-dispositiboa mantenduko du sanferminetan: Sarasaten, Errekoleten plazan eta Vázquez de Mella ikastetxean jarriko dituzte arreta-postuak

Iruñeak azken urteetako osasun-dispositiboa mantenduko du sanferminetan: Sarasaten, Errekoleten plazan eta Vázquez de Mella ikastetxean jarriko dituzte arreta-postuak
Sanferminetako Osasun Mahaian Udaleko, Nafarroako Osasun Zerbitzuko, Gurutze Gorriko, DYAko eta Babes Zibileko ordezkariak bildu dira
Irudia
Irudia
Irudia

2026ko sanferminek osasun-laguntzako dispositibo koordinatua izanen dute berriz, Iruñeko hainbat tokitan arreta azkarra eta gertukoa emateko, Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuaren sarearen lagungarri gisa. Dispositiboa aurreko urtekoen antzekoa izanen da, eta hiru arreta-postu aurreratu izanen ditu: bat, Sarasate pasealekuan, Nafarroako Jauregiko espaloian; bestea, Errekoleten plazan; eta hirugarrena, Vázquez de Mella ikastetxe publikoan. Horrez gain, San Martín doktorea anbulatorioak eta ospitalez kanpoko eta ospitaleko larrialdi-zerbitzuek emanen dute laguntza.

Sanferminetako Osasun-mahaian hartu da erabakia, gaur goizean egin baita lehen koordinazio-bilera, jaiegunetan osasun-arreta emateko irizpideak zehaztera begira. Endika Alonso Irisarri Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzako zinegotziak gidatu du mahaia Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzan, eta Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuko, Nafarroako Gobernuko, Babes Zibileko, DYAko, Gurutze Gorriko eta 112ko ordezkariak ere bertan izan dira. 

DYA arduratuko da Sarasateko zentro aurreratuan arreta emateaz; Gurutze Gorria, berriz, Errekoleten plazako bizi-euskarri aurreratuko postuaz arduratuko da. Vázquez de Mella HLHIPko zentroaren ardura ere Gurutze Gorriak hartuko du bere gain, herritarren artean ‘Koktelera’ izenez ezaguna. Osasun-mahaiak beste eztabaidagai hauek izan ditu: aipatutako gune guzti horien ibilgailu-sarbidea, barruti harresitua –ebakuazioak egin ahal izateko– eta Alde Zaharrera larrialdietako ibilgailuak sartzea. Hurrengo bileretan ebakuazio-bideak ezarriko dira, eta horien berri emanen zaie sanferminetako osasun-dispositiboaren parte diren entitate laguntzaile guztiei. 

Arreta-postu egonkorrez gain, dispositibo bereziei ere heldu zaie bileran, ekitaldi hauetan esku hartzeko: entzierroak, txupinazoa, prozesioa, bezperak, San Ferminen Zortziurrena eta su artifizialak. Zerbitzu guztien hedapena 2025ekoaren antzekoa izanen da, hala arreta-orduei nola mobilizatutako langileei dagokienez. 

‘Txupinazo txikia’-n ere esku hartuko da
Aurtengo berritasun nagusi gisa, uztailaren 10eko ‘Txupinazo Txikian’ ere esku hartuko da. Uztailaren 6ko txupinazoaren tankerakoa da, desberdintasun nabari batekin: Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleek jaurtiko dute. Udaletxe plazara jende ugari etorriko dela aurreikusten denez, adingabeak eta adinekoak batez ere, osasun-dispositiboa sendotzea da asmoa. Horretarako, eguraldiaren iragarpena ere hartuko da aintzat, eguraldi-baldintzek ekitaldian eragina izaten ahal baitute. 

¿Te ha sido útil esta página?