Iruñeak aukera ematen du ariketa fisikoa eta kirolekoa atari zabalean egiteko, hirian zehar sakabanatutako bost kalistenia-zentrotan

Iruñeak aukera ematen du ariketa fisikoa eta kirolekoa atari zabalean egiteko, hirian zehar sakabanatutako bost kalistenia-zentrotan
Gorputzaren erabilera du oinarri entrenamendu-sistema horrek, eta jada Lezkairu, Milagrosa, Mendillorri eta Buztintxurin ditu zirkuituak

 

 

Iruñeak bost zirkuitu ditu kalisteniako kirol-praktika atari zabalean egiteko, horrela ekidinez diziplina honetan aritu nahi dutenek toki itxietara jo behar izatea. Kalistenia entrenamendu-sistema gorputzaren beraren pisua erabiltzean datza eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa pesarik edo makina elektrikorik erabiltzea ariketetan. Egun, hiriko bost parketan egin daiteke, berariazko zirkuituak baitaude, Milagrosa, Mendillorri, Buztintxuri eta Lezkairu auzoetan.

Kalistenian aritzeko instalazioak helduei eta 1,40 m-tik gorako nerabeei zuzendutako zirkuituak dira, eta ekipo finko batzuek osatzen dituzte, hala nola barra paraleloek eta posta finkoek, jauzi-zaldiek edo abdominalak egiteko aparatuek. Aparatuak altzairu galbanizatuz eginda daude, dentsitate handiko polietilenozko taulekin, eta antibandaliko erara diseinatuta daude. Aparatuak ainguratzen diren azalera hormigoizko lauzaz zolatuta dago, baina erortzeko altuera duten aparatuen zatiaren gainean kautxuzko segurtasun-zoladura jarri da.

Hirian instalatutako kalistenia-zirkuitu bakoitzean kartel orokor bat dago, haien erabilera fisiko-kirolekoa zehazten duten jarraibideekin. Kartel horri esker, gainera, erakustaldiak ikus daitezke bideoan QR kode baten bidez, zeina mugikorraren kamerarekin eskaneatu daitekeen, baldin eta gailuak horretarako behar den app-a badu. Gainera, elementu bakoitzean integraturik dago azalpen-piktograma bat.

Gorantz doan kirol-jarduera bat

Kalisteniak muskulu-multzoen edo -kateen gainean lan egiten du, eta kontuan hartzen ditu mugimenduen plastikotasuna eta estetika, jomuga baitu, baita ere, harmonia fisikoa. Azken urteotan, jarraitzaile ugari erakarri ditu mundu osoan praktika horrek, bereziki gazteen artean. Kalistenian aritzeko behar ez direnez ez pisurik, ez gimnasia-aparatu elektroniko handirik, pandemiaren eztandaz geroztik askoz jende gehiagok aukeratu du sistema hori sasoiari eusteko. Etxean edo bide publikoan egin daiteke, baina Udalak Iruñean instalatu dituen zirkuituek entrenamenduaren kalitatea hobetzen laguntzen dute. Gaur egun, kalistenia ez da kirol-modalitate ofizial bat, baina Espainiako Street Workout eta Calistenia Federazioa dauka (https://feswc.org/), eta Nazioarteko Federazio bat, World Street Workout and Calisthenics Federation (https://wswcf.org/).

Kalistenia-zirkuituak, Iruñean atari zabalean ariketa fisikoa egiteko dauden gainerako instalazioak bezala, hiriko parke eta eremu irekietan daude. Horietako bi Lezkairu auzoan daude; bat Zabalgunetik hurbilen dagoen eremuan, Monjardín kalearen eta Juan Pablo Segundo etorbidearen arteko elkargunean; eta bestea, auzoko futbol-zelaiaren ondoan, Eguesibar kaleko aisialdi-gune batean. Milagrosako zentroa patio batean dago, auzoko Civivoxaren eta Catalina de Oscáriz udal-arte Eskolaren alboan. Laugarren zirkuitua Mendillorriko aintzira ondoan dago, eta, azkenik, Buztintxurikoa, Paderborn parkean.

Kalistenia-zentroak dira Iruñeko Udalak duela gutxi abian jarritako 'minutuak zure kontagailura' programaren oinarrizko udal-baliabideetako bat. Ekimenak minutosatucontador.pamplona.es webgunea eta material inprimatuak ditu ardatz, eta horiek zenbait proposamen, aholku eta erronka eskaintzen dituzte jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan, adin-tarteetan antolatuta eta Iruñeak dituen baliabideetan oinarrituta. Erronkak Udalaren Twitter eta Instagram profilen bitartez egiten ahal dira.

¿Te ha sido útil esta página?