Iruñeko espazio publikoa partekatutako gunea da, hainbat erabilera izaten ahal dituena eta eremu komun bateko biztanle gisa herritarrak berdintzen dituena. Batzuetan, hiri-paisaian oharkabean pasatzen den arren, erabilerarik ohikoenetako bat kulturala ere bada, arte-lanak ingurune publikoan kokatzen direlako. Iruñeko berdegune, kale, etorbide eta biribilguneetan askotariko egile, formatu eta estiloetako 200 eskultura baino gehiago daude, eta hiri-eskulturen bilduma zabal horrek hiria aire zabaleko museo handia bihurtzen du, auzo guztietan adibideren bat baitago. Eskultura horietako azkena hiriko hegoaldeko sarreran instalatu zen: Agustin Castellón Campos musikariari, Sabicas izenez ezaguna zenari, eskainitako obra monumentala.
Hiriko ondare historiko-artistikoaren zerrenda luzera gehitutako azken sorkuntza da. Baina herritarrek beste hainbat obraz gozatzeko aukera ere badute, hala nola Jorge Oteizaren sei lanez, Faustino Aizkorberen eta Jesús Alberto Eslavaren hainbat sorkuntzaz, baita Giovanni Doménico Olivierik eta Felipe de Castrok osatzen duten taldearen beste batzuez ere. Rafael Huerta, José Ramón Anda, Alfredo Sada eta Fructuoso Ordunaren eskulturak ere badaude, 70 artista inguru barne hartzen dituen arte-erakustaldian.
Oroitzapenezko eskultura-tipologiaren adibide dira Foruen Estatua edo Madrilgo Errege-erreginen jauregiko lantegitik XVIII. mendearen erdialdean ekarritako erregeen eskultura-multzoa. Horiek guztiak Sarasate pasealekuan daude ikusgai. Badaude ere pertsona ospetsuen omenezko obrak, hala nola Julian Gayarrerena, Pablo Sarasaterena eta Ignazio Loiolakoarena, eta baita sinbolikoak ere, hala nola Udaletxeko fatxadako eskultura sorta. Obra horiek guztiek Nafarroako artean eta historian barnako ibilbide ona eskaintzen dute, Iruñeak Erresumaren hiriburu gisa duen lehentasunezko maila dela eta.
Ondarea zabaltzeko ahaleginean, duela hamarkada bat baino gehiago Udalak paperezko argitalpen bat editatu zuen, dagoeneko agortuta dagoena, baina webgunean kontsultatzen ahal dena. Argitalpenak, eskultura bakoitza kokatu eta deskribatzeaz gain eta Luis Azanza argazkilariak egindako irudiak erakusteaz gain, arte horrek azken bi mendeetan Nafarroan izan duen bilakaeraren erreferente gisa balio du, Iruña arte-joeren eta erabilitako materialen eta tekniken aniztasunaren adibide baita.
Halaber, aldizka, Iruñeko Udalak espazio publikoan dagoen artea ezagutzeko ibilbide gidatuak programatzen ditu. Azken proposamena, duela astebete, Civivox sareak programatu zuen, eta bizikletaz egin zen omenezko eskulturetan barnako ibilbide bat izan zen: Rafael Huertaren ‘José Joaquín Arazuriren monumentua’; Luis Sanguinoren ‘Ernest Hemingway’; Ricardo Ugarteren ‘Poesiaren branka. Joan Brossari omenaldia’ eta Josep Blanco i Caneten ‘Santiago Ramón y Cajalen monumentua’. Beste batzuetan proposamenak jasangarritasunarekin lotuta daude eta berdeguneak dituzte ardatz, edo zuzenean Kulturako Alorrak antolatzen ditu.