Nazio Batuen Batzar Nagusiak urriaren 1a Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna izendatu zuen 1990ko abenduaren 14ko 45/106 ebazpenaren bidez. Iruñeko Udalak adinekoekin eta adinekoentzat lan egiten duten sare, elkarte eta entitateekin ospatu nahi du efemeridea. Astelehen honetan, Udaletxeko harrera-aretoan 31 elkarteri egin zaie harrera instituzionala, hiriko adineko guztien izenean.
Joseba Asiron Saez Iruñeko Alkateak eta Udalbatzako kideek parte hartu dute hiriko adinekoei egindako aintzatespenean. Egun honen oroigarri gisa zapi gorri bat eman zaie entitateei, baita udalaren beste opari batzuk ere. Alkateak jakinarazi du Iruñeko Udala Adinekoen I. Udal plana lantzen ari dela, hiria kolektibo horren behar eta aukeretara egokitzeko. Iturramako Foro Sozialeko Alberto Lafagak ere parte hartu du ekitaldian, bertan zeuden entitateen eta adinekoei ahotsa emanez.
Iruñean 65 urtetik gorakoak hiriko biztanleen %22,97 dira. Gutxinaka bizi-baldintzak hobetzeari esker, bizi-itxaropena luzatzen ari da eta hori erronka bat da biztanleria-sektore horretako jarduerak egokitu eta antolatzeko garaian. Gainera, biztanleria-sektore honetako adin-desberdintasuna ere erronka bat da, kezkak oso desberdinak baitira.
2017an Iruñeak Adineko Jendea Adeitsu Tratatzen duten Hiri eta Komunitateen Mundu Sarearekin bat egin zuen. Orduz geroztik, Udalak hainbat ekintza garatu ditu Iruñeko adinekoen ongizate psikosoziala hobetzeko, zahartze aktiboa errazteko, inguruneak eta zerbitzuak hobetzeko eta perspektiba hori udal-plangintzan txertatzeko.
Jarduerak astearte eta asteazkenerako
Iruñeko Udalak, adinekoen sare eta entitateekin batera, hainbat jarduera antolatu ditu Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Asteartean, 10:15ean, Kondestablearen Jauregian Patxi Vera Nafarroako arartekoak hitzaldia emanen du. Hitzaldia ‘Adinekoen Defendatzailea’-ri buruz izanen da eta Tercer Tiempo Konfederazioak, Adinekoak Krisiaren Aurrean elkarteak, Alde Zaharreko Adinekoak elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatu dute. Iturramako Adinekoen Sareak adinekoen aldarrikapen eta eskubideei buruzko talde-hausnarketa antolatu du 10:30ean eta 11.00etan kontzertu bat Kontzilizazio plaza deitutakoan, Padre Ciriano elkarteko abesbatzaren eskutik.
Asteazkenean, Zabalguneko Adinekoen Sareak bi jarduera programatu ditu Gurutzeko Plazan. 17:00etan belaunaldiarteko giza liburutegia antolatu da, adinekoek haien istorioak kontatu eta entzun ditzaten. 08:15ean Leire kaleko Convive Zentroko Abesbatzak kontzertu bat emanen du. Antolatutako jarduera guztiak doan dira, eta nahi duen edonork parte hartzekoak.
ADINEKO PERTSONEN NAZIOARTEKO EGUNA JARDUERAK. URRIAK 1 ETA 2
Urriak 1, asteartea. Kondestablearen Jauregiko areto nagusia. Hitzaldia: ‘Adinekoen Defendatzailea’. Patxi Vera Donazar.
- 10:15. Zaloa Basabe Berdintasuneko, Auzoetako, Komunitate Ekintzako, Partaidetzako eta Euskarako zinegotziaren agurra
- 10:30. Patxi Vera Donazar, Nafarroako Arartekoak hartuko du hitza
- Antolatzaileak: Tercer Tiempo Konfederazioa, Adinekoak Krisiaren Aurrean Alde Zaharreko Adinekoak eta Iruñeko Udala
Urriak 1, asteartea. Iturramako Adinekoen Sarea. Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia
- 10:30. Urriaren 1aren esanahiari buruzko talde-hausnarketa. Aldarrikapenak eta eskubideak
- 11.00 Padre Ciriano elkarteko Abesbatzaren kontzertua Kontziliazio plazan eta Beti Norbaitekin programaren panela
- Antolatzaileak: Iturramako Adinekoen Sarea
Urriak 2, asteazkena: Zabalguneko Adinekoen Sarea. Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia Gurutzeko plaza
- 17:00. Etorri nire istorioa entzutera. Belaunaldiarteko giza liburutegia
- 18:15. Leire kaleko Convive zentroko abesbatzaren kontzertua Kontziliazio plazan eta Beti Norbaitekin programaren panela
- Antolatzailea: Zabalguneko Adinekoen Sarea