Iruñeko Udala zaharren egoitzekin elkarlanean ari da bertakoendako eremu seguruak prestatzeko bide publikoko hurbileko lekuetan, hiriko bizitzan horien inplikazioa lortze aldera, zaintzaileak ez diren pertsonekin harremanetan jarri beharrik gabe. Parke eta kaleetan hiri-altzariak erabiliz, zentroen hurbileko eremu irisgarriak zedarritu dira, nahi duten erabiltzaileek paseatu edo atseden har dezaten. Orain arte, ekimenarekin bat egin dute ‘La Vaguada’, (Donibane), ‘Solera Urban’ (Mendebaldea) eta ‘Padre Menni’( Arrotxapea) egoitzek, baina Udalak lan eginen du eremu horiek eskatzen dituzten guztiekin.
Udala eta egoitzen arteko elkarlana, ekimen hori martxan jartzeko, honetan datza: lehenengoak eremuak mugatu eta bide publikoko zonalde hori erabiltzeko erreserba baimentzen du, eta zentroak eremu hori kudeatzeaz arduratzen dira irteerek irauten duten bitartean. Horrela, eta zaharrak kalean dauden bitartean beraiekin sortutako barne-burbuila mantentze aldera, Udalak konpromisoa hartu du eremu horien erabilera soilik egoitzei uzteko eskatzen duten momentuetan.
Emandako konponbideak alda daitezke egoitza bakoitzaren ezaugarrien arabera eta inguruetan gune egokirik dagoen kontuan hartuta. Adibidez, ‘La Vaguada’-ren kasuan, ibilbideak parkean bertan zedarritu dira, eta ‘Solera Urban’-en aldiz, oinezkoendako inguruko eremuetan kokatuta daude. Bestalde, ‘Padre Menni’ egoitzak bi eremu mugatu ditu: horietako bat Maiteminduen parkeko instalazioetatik gertuen dagoen zatian, eta bestea, Patxi Larrainzar ikastetxe publikoaren eta Salbatore elizaren artean, zaharren egoitzaren irteera-ateetako baten parean, hain zuzen.
Udaletxea, Nafarroako Gobernua eta egoitzak elkarlanean ari dira ekimen hori egin ahal izateko
Ibilbide horien ekimena duela hilabete batzuk abiatu zen, Nafarroako Gobernuko Unitate Soziosanitarioaren eta Nafarroako egoitzen arteko bileratik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren laguntzarekin. Ekimena eremu seguruen beharra antzematearen ondorioz sortu zen, COVID-19aren pandemiak bereziki zigortu duen adin-tarte honen eguneroko bizitza normalizatzeko aukera ematen baitute. Ondoren, ekimen hori dagoeneko martxan jarri duten hiru egoitzetako zuzendaritzak Udalari jo eta lankidetza lanak hasi ziren.