Iruñeak 80 jarduera baino gehiagoz ospatuko du Eguberria, baita hiriko erdigunean izanen diren jolas-lekuez, Eguberriko Azokaz eta Bestelako argiak bideoarte jaialdiaz ere

Iruñeak 80 jarduera baino gehiagoz ospatuko du Eguberria, baita hiriko erdigunean izanen diren jolas-lekuez, Eguberriko Azokaz eta Bestelako argiak bideoarte jaialdiaz ere
Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkunak Eguberriko pregoia irakurriko du abenduaren 20an Udaletxe plazan
programa de navidad

80 kultura- eta musika-hitzordu baino gehiago eta Sarasate pasealeku, Gazteluko plaza zein Karlos III.eko jolas-lekuak, baita ere, Eguberriko Azoka tradizionala, Bestelako Argiak IV. Bideoarte Erakustaldia eta merkataritza dinamizatzeko jarduerak hiriko hainbat auzotan; horra, datozen jai-asteotarako Iruñeko Udalak antolatutako Eguberriko programako osagaiak. Iristear dauden Eguberriko jaiek, ostiraleko pregoian, Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkuna izanen dute protagonista.
 

Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak goizean aurkeztu dute programa hori, jende orori zuzendutakoak eta gehienak doan diren jarduerak jasotzen dituena: hamar kontzertu baino gehiago; kalean hogei bat musika-emanaldi; zine-emanaldiak Civivox-sarean, liburutegietan eta Gaztediaren Etxean; eskulan-, sukaldaritza- eta ingurumen-lantegiak; ipuinkontalariak; antzerkia; magia; eta lehiaketak. Halaber, Olentzeroren kalejirari zein Errege Magoen jarraigoari eginen zaie harrera.
 

Iruñeko Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkuna hautatu dute pregoilari, datorren urtean 75. urteurrena beteko duelako. 1945eko urriaren 7an sortu zen, hainbat pertsonak, Errosarioko Ama Birjinaren omenez, aurora bat abestu zutenean, San Zernin elizako burdin hesiaren aurrean. Egun hogeita hamar bat pertsonak osatzen dute. Urtero 60 emanaldi baino gehiago egiten dituzte: aurorak berak, mezak eta kalean zein hainbat zentrotan egindako emanaldiak, bereziki adinekoei eta gaixoei egoitzetan eta ospitaleetan egindako bisitaldietan eskainiak. Horrez gain, Andre Maria Nahigabetuaren Zazpiurrenean, Ostiral Santuaren Gurutzeetan eta San Ferminen Bederatziurrenean.
 

Ohikoa denez, antolatutako jarduera guztiak jasotzen dituen eskuorria argitaratu du Iruñeko Udalak 10.000 aletan, eta Eguberriko Azokan, Civivox-sarean, liburutegietan, udal-merkatuetan eta Udaletxeko ezkaratzean banatu dira. Era berean, programazioa osorik kontsultatzen ahalko da www.pamplona.es Udalaren sare sozialetako profiletan eta webgunean.
 

Jarduerak Gazteluko plazan, Karlos III.ean eta Gurutzeko plazan
 

Eguberriotan Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua, Karlos III.aren etorbidea (San Fermin eta Tafalla kaleen artean) eta Gurutzeko plaza berriro ere bihurtuko dira jolas-leku eta askotariko jardueren agertoki, abenduaren 20tik aurrera. Gazteluko plazan gune zabala eta estalia paratuko da, jende ororendako eta edozein adinetakoendako jarduerez: haurrendako gunea, ludoteka 2 eta 5 urte bitarteko haurrendako, globoflexia, aurpegi-margotzea, magia, musika, lantegiak, merkataritza-promozioak, animazioa eta Eguberrietako photocall-a. Eguberrietako Azoka ere jarriko da Gazteluko plazan, aurten berriro; bertan artisau-produktuak egonen dira, ikusgai zein salgai, baita ere, lantegi, ogibideen erakustaldi, musika eta artisau-munduari loturiko bestelako jarduerak.
 

Ongi etorri Ipar polora” da Karlos III.aren etorbidean –San Fermin eta Tafalla kaleen artean– jarritako karpako jolas-lekuari eman zaion izenburua. Hor daude Zabalguneko Merkatarien Elkartearen dinamizazio- eta animazio-jarduerak, 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Ipar polorako bidaian girotuak, poloko osagai, izar eta elur-malutaz.
 

Gurutzeko plazan, aldiz, autotxoke puzgarrietako pista bat izanen da. Gune hauek guztiak goizez zein arratsaldez irekiko dira, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, salbu eta Gabon- zein Urtezahar-egunetan –bakarrik goizez irekiko dutela– eta jaiegunetan.
 

Izotz-pista doan, Sarasate pasealekuan
 

Sarasate pasealekuan abenduaren 4an inauguratutako elurrezko txirristari izotz-pista sintetikoa gehituko zaio ostiralean, Iruña erdian patinatu ahal izateko. Sarrera doan izanen du, eta 11:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 20:00etara irekiko da, abenduaren 22, 24, 29 eta 31n izan ezik –bakarrik goizez irekiko baita–. Horrez gain, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxiko da.
 

Eskaintzan Eguberrietako ibilaldi gozoak dira osagai, Alde Zaharrean barnako bisita gidatuak, gozokiak dastatzeko geldialdiak barne. Pasealdiak abenduaren 27 zein 30ean eta urtarrilaren 2an izanen dira, 18:00etan. Prezioa 3 eurokoa da (12 urtetik beherako haurrentzat, doan) eta izena eman behar da 010 edo 948 420 100 telefono-zenbakietan.
 

Gainera, Kabalkadako banderadunak eta errege-morroiek Zabalgunea bisitatuko dute urtarrilaren 3an, 11:00etan (Bergamín kalean, Arrieta kalearen eta Orreaga etorbidearen artean).
 

Merkataritza-dinamizazioa auzoetan
 

Auzo bakoitzeko merkatarien elkarteekin elkarlanean, Iruñeko Udalak hiriko beste leku batzuk ere dinamizatzeko jarduerak antolatu ditu. Jai zoriontsuak opatzeko photocall-ak eta auzoetan barnako tren turistiko txikiak antolatu dira, baita ere, 25.000 poltsaren banaketa Iruñeko auzo bakoitzeko establezimendu elkartuetan erosteagatik. Horrez gain, hiru karrusel jarriko dira: Iturrama kalearen atzeko aldean, Lopez pilotalekuaren ondoan; Pio XII.ean, Yamaguchi parkearen aurrean; eta Arrotxapean, Bernardino Tirapu kaleko jai-barrutian.
 

Era berean, merkatarien elkarteek beraiek eta Udalak auzo bakoitzeko berariazko egun zehatza prestatu dute ospatzeko, herritarren partaidetza sustatzeko eta establezimenduek auzotarrekin duten hurbiltasuna indartzeko. Musika-animazioa eta gaztaina-jana eginen dira 20an –18:00etan–, Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plazan; 23an –12:00etan–, Mendillorriko Egulbati Jaurerriaren kalean, eta 28an –10:30ean–, Martín Azpilcueta kalean. Bestalde, musika-animazioa eta txokolate-jana ere antolatu dira 21an –11:00etan– Arrotxapeko Anelier pasealekuan zein Orvinan; 23an –18:00etan– Iturramako López pilotalekuaren ondoak, eta urtarrilaren 3an –12:00etan– Donibaneko Europa plazan.
 

Musika kaleetan barna eta kontzertuak
 

Musika berriro ere izanen da ardatz Iruñeko Udalak antolatutako Eguberriko programazioan. Egunotarako hamar bat kontzertu eta hogei bat emanaldi, beste horrenbeste taldeenak, hiriko kaleetan barna. Ostegunean –hilak 19– San Fermin Abesbatzak joko du; larunbatean –hilak 21–, Gaztelu Ahotsak izanen dira San Antonio elizan (Aita kaputxinoak); igandean –hilak 22– Barañain Abesbatza eta Eugenia Echarren kantu-eskola Aita Karmeldar Oinutsen elizan; astelehenean –hilak 23– kontzertua egonen da San Zernin elizan, Ganbera Abesbatzako Michael Navarrus Kapera Errenazentistaren eskutik; abenduaren 27an –ostiralarekin–, Aizaga Ganbera Abesbatzaren txanda izanen da, San Lorentzo elizan; abenduaren 28an –larunbatarekin–, Liguori abesbatzak abestuko du San Ignazio elizan; eta abenduaren 30ean –astelehenarekin– In Tempore Abesbatzak, Domingo Santuaren elizan (Aita Domingotarrak).
 

Kondestablearen jauregiko patioan beste bi hitzordu hauek egonen dira: abenduaren 29an –igandearekin– Divertimento Abesbatzarekin eta 30ean –astelehenarekin– San Ignacio ikastetxeko Loyola Magis orkestrarekin. Musika-emanaldi guztietarako sarrera librea da, aurrez gonbidapena hartuta, hasi baino ordubete lehenagotik aitzina. Bakarrik Gayarre Antzokian La Pamplonesak abenduaren 22an emanen duen kontzerturako ordaindu beharko da (4 euro), joan den igandean Sinfonietta Académicak Baluarten emandako kontzerturako bezala.
 

Kaleko musika-emanaldiak ibilbide ezberdinetan eginen dira, batez ere Alde Zaharrean, eta Eguberriko egun hauek gabon-kantak eta abesti herrikoiak abestuz girotuko dituzte. Erronda musikalak arratsaldez eginen dira, larunbatetan goizez ere arituko diren arren. Egun ezberdinetan honako hauek izanen dira parte-hartzaileak: Nafarroako flauta-jotzaileak; Txistularien banda eta Fanfarrea; Klarinete-taldea; Gazte Soinua Fanfarrea; Eguberrietako tronboi-korua; Joaquín Maya Musika Eskolako Tronpa Christmas eta Tuba Christmas; AGAOko abesbatza; Ipar Doñua Abesbatza; Santa María la Real Auroroen Jaierazko Bazkuna; Aldapa abesbatza; Miguel de Arrozpide txirimia-ensemblea; Jesusen Bihotza parrokiako abesbatza-elkartea; Iruñeko Orfeoia udal-gaiteroek eta -txistulariek lagunduta; Gracia Navarra taldea eta Ecos del Arga errondaila; San Frantzisko Asiskoa Abesbatza; Ezpelur Gaiteroak, Oberena Abesbatza.
 

Bestelako argiak jaialdiaren laugarren edizioa
 

Hiriko zortzi gune berriro argituko dira Bestelako argiak Bideoarte Erakustaldiaz, nazioko zein nazioarteko hamahiru film labur proiektatuta, honako txoko hauetan: Gayarre antzokiko atzealdea, Xabier kalea, Seminario pasabidea, Pellejerías zokoa, Frantziako Portalea, Guadalupeko bastioia, Kondestablearen jauregia eta Ziudadela. Film-emanaldiak abenduaren 20tik urtarrilaren 1era izanen dira, arratsaldez, 18:30etik 21:30era.
 

Elías Querejeta Zine Eskolako 2019 – 2020ko ikasleak arduratu dira erakustaldiko lanak eta horiek proiektatzeko lekuak hautatzeko arte-komisariotzaz, eta María Palacios Cruz komisario, idazle eta abangoardia-zinema espezializatutako akademikoa aritu da koordinatzaile lanetan. 2 eta 44 minutu bitarteko piezak dira, etengabe emanen dira txoko bakoitzean, eta geopolitika, hirigintza, teknologia eta ekologia dute ardatz, esaterako. Aurten lanak bidali dituzten herrialdeak honako hauek izan dira: Brasil, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Argentina, Sri Lanka, Txina eta Espaina. Erakustaldi honetako bideo-proiekzioetan barna bisita gidatuak eginen dira Amaia Gracia Azquetaren eskutik.
 

Ziudadelako lorategietan bi arte-ekimen egonen dira abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra. Bigarren urtez Tökkö ikus-entzunezko instalazio interaktiboa muntatuko da, musika zuzenean sortzeko bitartekoa dena, urrats bakoitzean kolorez aldatzen diren zaldain biribiletan ibiliz. Instalazioa 18:00etatik 21:00etara piztuta egonen da. Horrez gain, Mikel Belascoáin artistak POEMA artelana aurkeztuko du: olerki-kolorez betetako bost pieza, bakoitzak muturrera eramandako emozio bat hezurmamitzen duelarik. Azkenik, Ziudadelan sartzeko tuneletan Köppö egonen da; koloretako argiek eta hodeiek –beraiek ukitzeko gonbidatzen dutenek– ikusleak barrutiko barneko aldera bideratzen dituzte Iruñeko neguan murgil daitezen.
 

Beste jarduera batzuk Civivox-sarean, Gaztediaren Etxean eta liburutegietan
 

Eguberrirako Civivox-sareak antolatutako programan magia, zinema, antzerkia eta Lego-lantegiak dira osagaiak. Abenduaren 23, 24, 26, 30 zein 31rako eta urtarrilaren 2, 3 zein 4rako magia-ikuskizunak aurreikusi dira, Hodei, Itzal, Adrián Conde, Al Baker Saloon, Karim eta Marcos magoen eskutik. Zinemari dagokionez, bi film ikusiko dira, Fantasía abenduaren 29an eta Sorgin hasiberria urtarrilaren 5ean, biak Kondestablen. Antzerkiari dagokionez ere, bi saio antolatu dira: abenduaren 27an, Mendillorrin, El misterioso caso de Houdini y la habitación antzezlana taularatuko da; eta abenduaren 28an, Kondestablen, Hai, la pescadora de sueños. Antzerki-ikuskizunetarako sarrerak 3 euroan salduko dira. Lego-lantegietarako ere izena eman behar da 2 euroan. Milagrosako, Zabalguneko eta Sanduzelaiko Civivoxetan zein Juslarrocha Civivoxean egonen dira saioak.
 

Gaztediaren Etxeak ere prestatu ditu jarduerak jaietarako, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduak. Abenduaren 19tik 30era, 18:00etatik 19:30era, eginen diren lantegiak antolatu dira, Buy-nothing opariak sortzeko eskulan-lantegiak, non sormenez diru-zorroak, giltzatakoak, poltsa pertsonalizatuak, lozioak, lurrinak edo argazki-markoak eginen baitira. Doako zinema-saioak ere izanen dira, gai futuristak ardatz dituztela, abenduaren 26, 27, 28, 30 eta 31n. Blade Runner, La isla, Blade Runner 2049, Akira eta Ready player one izanen dira filmak, eta sarrera, librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta. Gaztediaren Etxeak bi lehiaketa ere antolatu ditu: abenduaren 26an, Tikercardez Eguberriko 3D diseinua egiteko; eta bideojoko-lantegia, urtarrilaren 2 eta 3an. Sariak material informatikoa edo opari-txartelak izanen dira, eta izena eman behar da.
 

Azkenik, liburutegi-sareak ipuin-kontalari saioak prestatu ditu gehienbat, gaztelaniaz zein euskaraz eta 4 urtetik gorako haurrei zuzenduak: abenduaren 18an, Milagrosan; 19an Yamaguchin eta San Frantziskon; eta 20an, San Frantziskon ere bai. Halaber, arte- eta dekorazio-lantegiak, San Pedron eta San Frantziskon; eta Txantreako Liburutegi Publikoan, haurrendako zinema-zikloa, abenduaren 26 eta 27an eta urtarrilaren 2 eta 3an.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?