
Arantzadiko meandroan dagoen Soto Etxea (Etxezuria) baratzezaintza ekologikorako prestakuntzarako gune eta unibertsitateko ikasleen egoitza gisa birgaitzeko lanek 782.891,59 euroko kostua izanen dute, gehienez ere. Hala jasota dago Iruñeko Udalak onetsi duen lanen lizitazioan, non eraikinaren egitura eta kanpoko itxura mantentzen dituen esku-hartze bat aurreikusi baita.
Enpresa adjudikaziodunak Voilá firmak diseinatutako proiektuari helduko dio. Proiektuak eraikina eguneratzea planteatzen du, erabilera berrietara egokitzeko. Birgaitzeak eraikin guztiari eraginen dio, estalkia, fatxada eta barruko guneak barne. Eraikinak 445,5 metro koadroko azalera du guztira, zeinetatik 314 metro baititu erabilgarri, beheko solairuan eta bi solairutan banatuta.
Beheko solairuak 180 metro ditu erabilgarri, eta baratzezaintza ekologikoarekin zerikusia duten ingurumen-hezkuntzako programen barruan egiten diren bisitei arreta emateko eta ikastaroak egiteko erabilera anitzeko guneak egiteko berrituko da. Hala, bisitariendako harrera-gune bat, komun publikoak, lantegiak egiteko eremu bat eta ekitaldi- eta hitzaldi-areto bat izanen ditu.
Gela horiek guztiak barne hartu ahal izateko, eraikin nagusiko beheko solairuaren zein oilategi zaharrak eta nekazaritza-biltegiak hartzen zituzten ondoko eraikinen azalera erabiliko da. Hain zuzen ere, aurreikusten da gune aurrefabrikatu bat eraikitzea oilategia zegoen eremuan. Eremu horretan baratzeetako langileendako aldagelak eta komunak jarriko dira, eta sarbidea eraikinetik erabat bereizita egonen da. Azkenik, eraikin nagusian eskaileretarako eta igogailurako sarbidea jarri beharko da, goiko solairuetara sartu ahal izateko.
Ikasle-egoitza bat goiko solairuetan
Beheko solairua erabilera publikokoa izanen da, eta askotariko jardueretara bideratuko da, lehenengo eta bigarren solairuak, berriz, baratzezaintza ekologikoaren esparruan ikasi edo praktikak egiten dituzten unibertsitateko edo gaikuntza-programetako ikasleen egoitza izanen dira. Aurreikuspenen arabera, lehen solairuan ikasleendako lau logela, egokitutako komun bat eta komun osagarri bat eginen dira, erabilgarri dituen 66 metro koadrotan banatuta. Bigarren solairuak antzeko neurriak ditu eta bertan gela komunak jarriko dira, hala nola sukaldea, jantokia, egongela edo ikasteko gela eta komun egokitu bat.
Proiektuak dauden leihoen eta balkoien hutsuneak errespetatzen ditu, baita eskaileren kokapena ere, eraispenak murriztuz, Soto Etxea – Etxezuriaren nortasuna babesteko xedez. Zentzu horretan, eraberritze bat baino gehiago birgaitze bat da, soilik hala behar duten elementuak unean-unean ordezkatuko baitira. Adibidez, jatorrizko eskailera leku berean mantenduko da, baina beste bat jarriko dute mailen neurria egokia dela bermatzeko. Iparraldeko fatxadan leiho-zulo berri bat irekitzea baino ez da planteatzen, eta proiekzio txikiagoa izanen du parketik, eskaileren nukleoa argiztatu ahal izateko.
Lanak adjudikatzea
Lanak adjudikatzeko irizpide kualitatiboak zein kuantitatiboak hartuko dira kontuan. Irizpide kualitatiboak gehienez ere 35 punturekin baloratuko dira eta memoria teknikoarekin (25 puntu) eta jarduketa-programarekin (10 puntu) zerikusia izanen dute. Irizpide kualitatiboetan, eskaintza ekonomikoa 50 punturekin baloratuko da eta beste 10 puntu jasotzen ahalko dira enplegu-zentro bereziak edo laneratzeko garbiketa-enpresak azpikontratatzearen ondoriozko gizarte-irizpideengatik (8 puntu) eta lana eta familia bateragarri egiteko ekintzengatik (2 puntu). Halaber, gehienez ere bi puntu jasoko dituzte ingurumen-irizpideengatik eta beste hiru puntu eskaintzen den lanaren berme-epearen arabera.