
Tokiko Gobernu Batzarrak Elorri ikastetxe publikoko galdara-gela eraberritzeko adjudikazioa onetsi du. Ikastetxeak lau galdara ditu, eraikina eraiki zenean instalatu zirenak, 90eko hamarkadan, eta funtzionamendu-arazoak dituztenak, beraz, horien ordez, errendimendu handiagoko beste galdara batzuk jarriko dituzte, eta bide batez, gela egungo araudira egokituko dute, instalazioa prest uzteko aerotermia-ekipo baten bidez ur bero sanitarioa (UBS) sortzeko energia berriztagarria hornitzeko.
Berritzea Eulen SA enpresari adjudikatu zaio, 72.389,17 euroan. Lanak 2024ko irailaren 1ean hasiko dira, eta 6 asteko epea izanen dute lanak egiteko. Ahal den neurrian, obrak irakastalditik kanpo egin behar dira, ikasturtearen ohiko garapenean gorabeherarik ez sortzeko. Hotzaldiaren hasierarako galdarak prest egon beharko du.
Mendillorrin dagoen Elorri Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoak (HLHIP) ur bero sanitarioa (UBS) eta berokuntza batera ematen dituen galdara-gela bat du. Makina-gela sotoko solairuan dago, eta berokuntzarako ur beroa ekoizteko hiru galdara eta ur bero sanitariorako beste bat ditu. Galdara-gelak gaur egun gas naturala erabiltzen du erregai gisa.
Galdarak 1993. urtekoak dira, eta, beraz, 30 urte baino gehiago dituzte. Mota horretako galdaren erabilgarritasuna 20-25 urte ingurukoa izaten da, eta, beraz, haien erabilgarritasuna amaitutzat eman daiteke. Izan ere, gaur egun arazo handiak daude ordezko piezak aurkitzeko, katalogoetatik kanpo gelditu baitira. Galdara horien ordez berriak jartzea da datorren ikasturtean zerbitzua bermatzeko bidea. Gainera, instalazioaren errendimendua hobetu eginen da ekipo berriekin, bai erregai-kontsumoan, bai energia elektrikoan.