Iruñeak 6,8 milioi euro inbertituko ditu Alde Zaharreko kirol-zuzkiduretan: Aquavoxa kirol anitzeko gune bihurtuko da eta Domingotarren ikastetxeko bi pistak homologatuko dira

Iruñeak 6,8 milioi euro inbertituko ditu Alde Zaharreko kirol-zuzkiduretan: Aquavoxa kirol anitzeko gune bihurtuko da eta Domingotarren ikastetxeko bi pistak homologatuko dira
San Domingoko baratzeen orubeak lurpeko aparkaleku bat barne hartuko du: 450 aparkaleku-plaza izanen ditu, baita mugikortasun jasangarriko zerbitzuak ere
Aquavox San Agustín

 

Iruñeko Udalak Alde Zaharreko kirol-instalazio eta -ekipamenduaren gabeziari aurre eginen dio, dagoeneko dauden bi azpiegituretan jarduketak barne hartuko dituen kirol-zuzkiduren plan baten bitartez. Alde batetik, San Agustin Aquavoxa kirol anitzeko gune bihurtuko da eta, bestalde, Iruñeko Domingotarren ikastetxeko kirol-pistak egokituko dira eta erabilera-ordutegia luzatuko da. 

Jarduketa horiek 2026tik 2028ra bitarte eginen dira, eta gaur aurkeztu dituzte Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak eta Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak. Planaren bidez auzotarren eskaera historiko bati erantzun nahi zaio eta, horiek horrela, auzoan bizi diren pertsonek kirol-jarduera egiteko kalitatezko eskaintza izatea ahalbidetuko da, bai instalazioei dagokienez, guztiak berriak edo berrituak izanen baitira, bai egiten ahalko diren kirol-modalitateen eta jarduera fisikoen kopuruak gora egiteari esker.

Planaren aurkezpenarekin batera San Domingoko baratzeen proiektuaren (2009) etorkizuna ere argitu da, zeinak lurpeko aparkaleku bat eta estalitako kirol-pista bat egitea barne hartzen baitzuen. Nahiz eta proiektu hori aintzat hartutako aukeretako bat izan, azkenean baztertu egin da, oso garestia delako (kirol-eremuak soilik hamaika milioi euro balio ditu) eta Alde Zaharrerako interes handiagoko beste aukera batzuk daudelako. 

Orubean, azkenik, lurpeko aparkaleku bat eginen da, bizilagunendako 450 aparkaleku-plazekin. Mugikortasun jasangarriko alternatibak eta azken miliako aparkalekua ere izanen ditu: zamalanetako ibilgailuek karga handiak utzi eta garraiobide arinago eta ekologikoagoekin eramateko egokitutako espazioak dira, eta hori lagungarria izanen da hirigunean zamalanetarako zirkulazioak eragiten duen auto-pilaketen arazoa konpontzeko. Proiektua osatzeko, Parmako bastioia urbanizatuko da, jasangarritasun-irizpideei jarraikiz, eta harresietako eremu hori balioan jarriko da; jarduketa egin aurretik parte hartzeko prozesu bat eginen da. 

Kirol anitzeko eremu bilakatzea 
San Agustin Aquavoxari dagokionez, egungo eraikinaren azterketa tekniko eta ekonomikoa eta kudeaketari buruzko ikerketa sakona egin da, eta hainbat aukera baloratu dira azpiegitura horren etorkizunerako, gaur egun egiturazko eta mantentze-lanekin lotutako arazo larriak baititu. Aukeretako bat eraikina erabat birgaitzea zen eta 6,35 milioi euroko kostua zenbatetsi zen horretarako. Aukera hori baztertu egin da, garestia delako, eta espazio horren egungo eskaintzak, ur-kirolei lotutakoak, ez dielako auzoak gehien eskatzen dituen beharrei erantzuten, eta, beraz, ez luke mereziko hain inbertsio handia egitea.

Bi aukera egingarrienak eraikin osoa edo zati bat eraistea dira. Kostua antzekoa litzateke, 6,66 eta 6,68 milioi euro hurrenez hurren, eta egungo azpiegitura kirolera eta osasun komunitariora bideratutako jarduera anitzeko gune bihurtzeko aukera emanen dute. 

Bi proposamenek espazio handi bat eraikitzea aurreikusten dute, eta horri esker, guztiz hornitutako instalazioak izanen dira hainbat talde-kiroletan (eskubaloia, saskibaloia, areto-futboleko kantxa, etab.) txandaka aritzeko. Erdiko gune hori beste kirol-modalitate batzuk egiteko berariazko instalazioekin osatuko litzateke, besteak beste, pilotaleku bat, rokodromo bat eta gimnasio bat, baita boxeoa eta kalistenia egiteko berariazko guneak ere. Proiektua osatzeko, aipatutako jarduerak egin ahal izateko beharrezko gune osagarriak eginen dira (harreragunea eta sarbide-kontrola, harmailak eta aldagelak, etab.).

Beraz, jarduketa horri esker, Alde Zaharreko bizilagunek instalazio propioak izanen dituzte auzoan bertan, kirola baldintza ezin hobeetan egiteko aukera izan dezaten, eta, gainera, eskaintzak modan dauden beste modalitate batzuk ere barne hartuko ditu, egungo eskaerari erantzunez.

Aurreikusitako plangintzaren arabera, Iruña Biziberritzen SAk astelehen honetan bertan onetsiko du Aquavoxak, beste urtebetez, egungo erabilerari eustea, eta horrek aukera emanen du etorkizuneko proiektua izapidetzeko eta finkatzeko. 2026ko bigarren erdian, prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzea aurreikusten da, auzotarrek kirol-instalazio berri horietarako dituzten eskaerak eta proposamenak ezagutzeko. Ibilbide-orri horren arabera, 2027. urteko lehen erdian, ekarpenak txertatu ondoren, lehiaketa bat eginen da proiektua eta egin beharreko jarduketen irismena zehazteko; horren ondoren, obren lizitazioa eginen da urteko bigarren erdian.

Pistak egokitzea eta ordutegia luzatzea 
Planak bigarren jarduketa bat barne hartzen du, zeina Iruñeko Udalak Alde Zaharretik hurbil (Runa parkea) dagoen Domingotarren ikastetxeari lagatako bi kirol-pistekin lotuta baitago: horietako bat federazioak homologatu du, eta erraz sar daiteke eremura. Ikastetxearekin sinatutako hitzarmenari esker, Udalak Alde Zaharreko auzotarren eskura jartzen ahalko ditu azpiegitura horiek aste osoan zehar.

Proiektu horren barruan, ikastetxearekin hitzarmen bat adostu da, eta bertan Alde Zaharreko kirol-jarduerari eta talde federatuei bideratutako bi hobekuntza barne hartu dira. Alde batetik, aurten bertan bigarren pista homologatzeko lanak egitea aurreikusten da, bertan txapelketa federatuak egiteko; jarduketa hori osatzeko, 2027an, pistetako bati estalkia jarriko zaio guztiz. Azpiegiturak egokitzearen ondorioz, pistak erabiltzeko ordutegia ere luzatuko da: lanegunetan 17:00etatik aurrera erabiltzen ahalko dira, eta hala, auzoko taldeak astegunetan entrenatzen ahalko dira, eta asteburuan partidak jokatuko dituzte.

Halaber, ikastetxeko kirol-pistetako jarduketa horiek direla eta, beharrezkotzat jotzen diren langileak jarriko ditu Udalak, kirolgune horretarako sarbideak kontrolatu eta aldagelen garbiketa-lanak egiteko. Gunearen erabilera kudeatzeari dagokionez, Udalak ideia bat du buruan: bigarren hitzarmen baten bidez, kudeaketa kirol herrikoiarekin eta aisialdi alternatiboarekin lotutako auzoko proiektu komunitarioren bati lagatzea.

 

¿Te ha sido útil esta página?