Iruñeak bizikleta elektrikoen zerbitzua handitu du 20 geltoki berrirekin, % 50 gehiago, egun dauden 42ei gehituko zaizkienak. Hala, hiriak 62 geltoki izanen ditu, auzo guztietan barna banatuta, 640 bizikletendako, egun daudenak baino 240 gehiago. Handitze hori Espainiako Gobernuaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari esker gauzatuko da, zeinak Europako Next Generation funtsen bidezko finantzaketa eskaintzen baitu. Plan horrek 1.038.611,01 euroko ekarpena eginen du, 1.396.354,80 euroko inbertsio osotik.
Bizikleta elektrikoen zerbitzuaren indartzea Alejandro Astibia Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako Alorreko zuzendariak aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. 62 kargaguneez gain –2024ko ekainean erabat instalatuta egonen dira–, erabilgarri dauden bizikleten kopurua pixkanaka handituko da, egun dauden 400etatik 640ra heldu arte, geltoki berriak zerbitzuan jarri ahala, oinarri- eta bizikleta-kopuruaren arteko erlazioari eusteko.
Bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua Ride On Pamplona SL enpresa emakidadunak kudeatzen du, eta 2022ko urtarrilean jarri zen martxan. Une honetan 42 geltoki eta 400 bizikleta ditu, eta hiriko 14 auzoetan erabilgarri dauden 800 ainguralekuetan erabiltzen ahal dira. Egun 60.000 erabiltzaile baino gehiago daude, herritarren heren bat, eta ia milioi bat joan-etorri egin dira (502.000, 2022an eta 490.000, azaroaren hasierara arte). 2,3 kilometro ibili dira, batez ere 1 eta 5 kilometro arteko distantziatan.
Tarifa bereziak
Zenbait kolektiborendako tarifa berezien kanpaina erritmo onean funtzionatzen ari da. Guraso bakarreko familiek, familia ugariek eta 50 urtetik gorakoek eta 31 urtetik beherakoek urteko abonamendua erdi prezioan eskuratzeko aukera dute, beste erdia Udalak jartzen baitu. Orain arte, 639 pertsonak eskatu dute gazteendako tarifa berezia; 285ek, 50 urtetik gorakoendako tarifa berezia, eta 45 familiek, familia ugariendako eta guraso bakarreko familiendakoa.
Urteko abonamenduaren gaineko deskontuaz gain, irailean –promozioa indarrean egon den bitartean– urteko abonamendua duten 1.410 erabiltzailek hobaria izan dute diru-txartela kargatzean. Kasu horretan, 5 euroko hobaria eman zaie 10 euroko kargei. Modu horretan, urteko abonamenduko deskontuak eta ohiko erabilerako promozioa gehitu dira garraiobide jasangarri eta osasungarri horren erabilera sustatzeko.
Garraiobide jasangarrien erabilera Go Green Iruña Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren barruan kokatzen da, eta isurketa kutsagarriak murriztea eta energia berriztagarriak erabiltzea du xede.
Egindako kilometroei eta ibilgailu pribatu motordunetan egin beharrean zerbitzuko bizikleta elektrikoetan egin izanak dakarren aldeari buruz egindako kalkuluetatik honako hau ondorioztatu da: erabiltzaileek zerbitzua martxan jarri zenetik egindako joan-etorriei esker, hiriak atmosferara 800 tona CO2 isurtzea saihestu du, Iruñean bizi diren 145 pertsonen urteko karbono-aztarnaren baliokidea, bai eta zirkulazioak eragindako eta herritarrak zuzenean jasotzen dituzten gas eta partikula kutsatzaile guztiak isurtzea ere.
MUGI ZAITEZ BIZIKLETAZ!
20 geltoki berriak:
- SARASATE PASEALEKUA. Sarasate pasealekua (Foruen monumentua)
- MENDILLORRI - ERRIPAGAINA. Sotoko plaza 30 – Sarriguren errepidea
- NAFARROKO UNIBERTSITATEA - ARKITEKTURA. UNAV – Arkitekturako eraikina
- MONJARDÍN KALEA. Monjardin mendiaren k. 2 (Agoitz kaleko biribilgunea)
- TXANTREA – ANDRE MARIA LAGUNTZAKOA K. Andre Maria Laguntzakoa k. – Subiza k.
- MILAGROSA. Manuel de Falla k. – Urrobi ibaiaren k.
- AUTOBUS-GELTOKIA. Yanguas y Miranda k. 2
- SADAR KALEA. Sadar k. (Nafarroa Arena)
- OSPITALEAK – PARKINGAREN PLAZA. Protomedikatoaren plaza (CHNko parkinga)
- ARROTXAPEA – KAPUTXINOAK. Marcelo Celayeta etorb. 131 (Kaputxinoen k.)
- IPAR ETXABAKOITZ. Remiro de Goñi k. 42.
- ARROTXAPEA. Jaurrieta k. 2
- JUSTIZIA JAUREGIA. Elío epailearen plaza – Larraina multzoa 5 bis
- TXANTREA – ORVINA III. Miravalles k. – Fermín Daoiz k.
- BUZTINTXURI – VENTURA RODRÍGUEZ K. Ventura Rodríguez k. 50
- TXANTREA – EZKABA. Kanalea k. 25 – Nabaskoze almiradioaren plaza
- FUENTE DEL HIERRO KALEA. Fuente del Hierro k. 17
- LEZKAIRU- MARÍA LACUNZA K. (MENDEBALDEA). María Lacunza k. 45
- SANDUZELAI. Sanduzelaiko etorb. 2
- ARÓSTEGUI ETORBIDEA. Aróstegui etorb. 4 – El Sotoko Andre María k.
Zerbitzuaren kopuruak (2022ko urtarriletik):
- Geltoki eskuragarriak: egun 42 dira. 2024ko ekainean 62 izanen dira, Iruñeko 14 auzoetan.
- Zerbitzuko bizikletak: pedalkada lagunduko 400 bizikleta; 640, 2024ko ekainean.
- Erabiltzaileak: 60.000 lagun baino gehiago
- Egindako bidaiak: milioi bat joan-etorri
- Ibilitako kilometroak: 2,3 milioi
Erabilera kopuru handieneko geltokiak:
- Gayarre antzokia: 12.400 bidaia
- Tutera kalea: 8.400 bidaia
- Pio XII.aren etorbidea – Antso azkarra: 7.300 bidaia
- Anelier pasealekua: 7.100 bidaia
- NUP: 6.800 bidaia
- Aduanako zokoa: 5.900 bidaia
- Zezen-plaza: 5.700 bidaia
- Karlos III.a – Gorriti: 5.600 bidaia
- Benjamín Tuterakoaren k.: 5.600 bidaia
- Mendillorribeiti: 5.600 bidaia
- Erripagaña: 5.600 bidaia