Iruñeak 50.000 euro arte eskainiko ditu 2023an edalontzi berrerabilgarriaren erabilera kudeatzeko, sanferminak ere hartzen dituen hamar festa-ekitaldi baino gehiagotan

Iruñeak 50.000 euro arte eskainiko ditu 2023an edalontzi berrerabilgarriaren erabilera kudeatzeko, sanferminak ere hartzen dituen hamar festa-ekitaldi baino gehiagotan
Udalak 2022an adjudikatutako kontratuaren lehen luzapena onartu dio gizarteratze- eta laneratze-enpresa bati

vasos

Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2023an edalontzi berrerabilgarriaren kudeaketa osorako kontratuaren luzapena onetsi du; kontratuak barne hartzen ditu banaketa, jasotzea, ondorengo garbiketa eta biltegiratzea. Guztira, Udalak 50.000 eurora bitarte emanen dizkio Varazdin laneratze-enpresa adjudikaziodunari, eta honek edalontzi berrerabilgarriak eraman beharko ditu gutxienez hamar festa-ekitalditara, , sanferminak ere barne. Edalontzi berrerabilgarria orokortzeko Udalaren apustua, berotegi efektuko gasen isurketak murriztu eta klima-aldaketari aurre egiteko Go Green estrategiaren barnean dago, kasu honetan, hondakinak murriztu eta tratatzearen bidez.

Edalontzia kudeatzeko kontratua joan den ekainaren 14an adjudikatu zen, urtearen bigarren seihilekoan banaketa- eta garbiketa-beharrak asetzearren. Kontratuak aurreikusten zuen, noski, urtean hiru luzapen egiteko aukera; hori bai, elkarren arteko adostasunarekin egin behar dira eta enpresa adjudikaziodunak eskatua. Honako hau lehen luzapena da. 

Edalontzi berrerabilgarriaren kudeaketa-sistema eman eta lehen urtean 555.818 edalontzi banatu ziren hirian ospatutako hainbat ekitalditan. Gehienak sanferminetan banatu ziren,  497.574 hain zuzen ere. Gainontzekoak dozena bat ekitalditan erabili ziren, hala nola auzoetako festetan eta Peñen egunean. Ospakizun guzti horietarako Udalak 58.244 edalontzi banatu zituen. Hala ere, kasu guztietan azkenean erabili zirenak baino edalontzi gehiago banatu ziren. Balantzeko datuek jasotzen dute zehazki 555.818 edalontzitatik 440.835 (% 79,3) erabili zirela, eta gainontzekoak kutxetan gordeta gelditu zirela. 

Gainera, berreskuratze kopuruek islatzen dute oraindik hobetu beharra dagoela hondakinak sortu eta berrerabiltzearen inguruko gizarte-kontzientzia. Izan ere, sanferminetan erabilitako edalontzien % 54,8 galdu egin ziren, kopuru osotan 241.819 unitate guztira. Gainerako ekitaldietan % 52,3 itzuli ziren, eta beraz, 19.265 edalontzi galdu ziren. Zenbaki hauetan jasota daude edukiontzietan eta zaborretan amaitu zuten edalontziak ez ezik, ezjakintasunagatik edo oroigarri moduan, erabiltzaileek etxera eraman zituztenak ere.

Auzoetako festetan eta beste festa-ekitaldi batzuetan ematen diren edalontziak udalarenak dira. Varazdinek banatu, jaso eta garbitu ere egiten ditu. Laneratze-enpresa bat denez, gizarte-bazterketa egoeran daudenek egiten dute lan hori. Zerbitzua doan da ekitaldi jasangarria egiteko konpromisoa hartzen duten elkarteendako. Sanferminen kasuan, kanpainarekin bat egiten duten ostalariek edalontzi berdea erosi egin behar dute eta jabetzan edukitzen dituzte. 
 

¿Te ha sido útil esta página?