Aurten ere, Iruñeko Udalak, Nafarroako Igeriketa Federazioarekin batera, udako hilabeteetan igeriketa trinkoko ikastaroak eskainiko ditu adingabeendako, oinarrizko ezagutzak lor ditzaten eta uretan duten teknika hobe dezaten. Oraingo honetan, ikastaro trinkoak eskainiko dira ekainean Arantzadi Kirol Hirian eta Sanduzelaiko Aquavoxean. Abuztuan ere eskainiko dira jarduera horiek, baina Arantzadin bakarrik. Ikastaroak, bai hastapenekoak zein hobekuntzakoak, 2019an edo lehenago jaio eta jarduera hasteko unean 5 urte beteak dituzten haurrendako dira.
Datorren apirilaren 29an, astelehenarekin, irekiko da epea ekaineko ikastaroetan izena emateko. Jarduerek 10 – 12 saio dituzte. Arantzadi Kirol Hiriaren kasuan 12 saio eskainiko dira, ekainaren 3tik 20ra, astelehenetik ostegunera. Ikastaroak 80 euro balio du abonatuta ez daudenendako, eta 75 euro dagoneko abonatuta daudenendako. Bost ordutegi daude, denak arratsaldeko txandan, 16:30etik 19:10era. Lehenengo lau ordutegiak 1. eta 2. hastapen-mailetarako izanen dira (oinarrizkoa eta aurreratua) eta azkena, hobekuntzarako. Eskolak 40 minutukoak izanen dira.
Sanduzelaiko Aquavoxaren kasuan, ikastaroek hamar saio izanen dituzte, ekainaren 3tik 14ra bitarte. Eskolak astelehenetik ostiralera emanen dira, arratsaldez. Arantzadin bezala, bost ordutegi prestatu dira: 16:30etik 19:10era, lehenengo laurak 1. eta 2. hastapen-mailako eskoletarako eta azkena, hobekuntzarako. Kasu horretan ere, saio bakoitzak 40 minutu iraunen du. Jarduerak 70 euro balioko du abonatuta ez direnendako eta 65 euro abonatuendako.
Ekaineko jardueretan izena emateko epea irailaren 29tik aurrera hasiko da, Nafarroako Igeriketa Federazioaren webgunean, ikastaroen atalean: http://www.fnn-nif.com/cursos/infantil. Interesa dutenek federazioan eskatzen ahal dute informazioa, 948227279 telefonoan edo www.fnn-nif.com webgunean.
Hiru maila
Adingabeendako mailarik egokiena hautatzeko, bakoitzaren trebetasunak hartu behar dira kontuan. Alde horretatik, igeri egiten ez dakiten, urari beldurra dioten edo uretan flotazio-materialik gabe mugitzeko autonomoak ez diren haurrendako pentsatuta dago 1. hastapen-maila. Ikastaroaren bidez, parte hartzen duten adingabeak urarekin ohitu eta uraz gozatzen ikastea da xedea.
2. hastapen-maila urarekin harremana izan duten adingabeendako da, inongo materialaren laguntzarik gabe gutxienez bost metro igeri egiten dakitenendako, beldurrik ez dutenendako eta uraren barruan aurrera egiten dutenendako. Maila hori 8 urtetik gorako haurrendako gomendatzen da, baina adina ez da erabakigarria parte-hartzaileak onartzeko.
Hobekuntza-ikastaroak zailtasunik gabe igerilekuan luze bat igeri egiteko gaitasuna duten, aurpegia urperatuz arnasa hartzen duen eta estiloak hobetu nahi dituzten adingabeendako dira.
Abuztuan hastapen- eta hobekuntza-ikastaroak ere eskainiko dira Arantzadi Kirol Hirian. Kasu horretan, izena ekainaren 11tik aurrera emanen da.
HAURRENDAKO IGERIKETA IKASTARO TRINKOAK UDAN
- Noiz::
Ekaineko ikastaroak: izen-ematea apirilaren 29an hasiko da
Abuztuko ikastaroak: izen-ematea ekainaren 11n hasiko da
- Tokia:
Arantzadi Kirol Hiria: ekainean eta abuztuan
Sanduzelaiko Aquavoxa: ekainean soilik
- Mailak:
1. hastapen-maila
2. hastapen-maila
Hobekuntza
- Baldintzak: 5 urte beteta edukitzea (2019an edo lehenago jaioak)
- Argibideak eta izen-ematea:
Nafarroako Igeriketa Federazioa: 948227279 eta www.fnn-nif.com/cursos/ webgunean