Iruñeak 5 milioi euro lortu ditu Europako dirulaguntza batean Arrotxapea barruti berde bilakatzeko eta hiria energia berriztagarrien aitzindari izateko

Iruñeak 5 milioi euro lortu ditu Europako dirulaguntza batean Arrotxapea barruti berde bilakatzeko eta hiria energia berriztagarrien aitzindari izateko
Proiektuaren jarduketek hasiera batean IWER eraikina eta San Pedro etxebizitzetako bi atari izanen dute jomuga

 

 

Iruñeak 5 milioi euro inguru jasoko ditu Arrotxapea barruti berde bilakatzeko eta hiria energia berriztagarrien aitzindari bihurtzeko Europan. Europako Batzordeko ‘Horizon 2020 – Green Deal Call - Eraikin eraginkorrak energian eta baliabideetan’ programa da finantzatzailea, eta Europako Itun Berdea garatzea du xede. Iruña nazioarteko hiru bazkideetako bat da, eta OPEN LAB proiektu europarraren Espainiako hartzailea.

Gaur goizean Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Rufino Hernández EHUko Arkitekturako Saileko irakasle-ikertzaile eta katedratiko eta Alonso Hernández & Asociados Arquitectura SL (AH) enpresako bazkide sortzaileak, oPEN Lab “Open innovation living labs for Positive Energy Neighbourhoods” proiektua aurkeztu dute. 2021eko udazkenean hasiko da gauzatzen eta lau urte eta erdiz luzatuko da. Jarduketek IWER eraikinaren (MATESA izandakoa) ingurunea eta San Pedroko alokairu sozialeko 12 etxebizitza izanen dituzte ardatz. Eraikin horietan energia-birgaitzeko teknika berritzaileak aplikatzean eta energia fotovoltaikoko instalazio handi bat egitean datza, zeinak energiaz hornituko baititu, hala eraikin horiek nola auzo osoa, energia-komunitate bat sortuta.

OPEN LAB-ek xede du erreplikatu daitezkeen eta ekonomikoki bideragarriak diren irtenbide sortak identifikatzea, kontsumitzen dutena baino energia gehiago ekoizten duten auzoak sortzea ahalbidetzen dutenak (“Energia positiboko auzoa”). Mikro-energiako zentro aktibo gisa tokiko energia-sistema batean integratuta dauden hiri-testuinguruetako auzoak izan behar dute. Espainia, programaren oinarriek hala eskatuta, erakusleak zituzten beste bi herrialderekin batera aurkeztu zen: Belgika eta Estonia. Taldearen aurrekontuak 20 milioi euro inguru jotzen du, eta horietatik 5 milioi inguru Espainiarentzar dira eta zuzenenean bideratuko dira Iruñean jarduketak egitera. Zehazki, Udaletxeak eginen dituen ekintzak 1.217.205 euroko ekarpena izanen dute, % 100ean Europako Batzordeak diruz lagunduta.

Iruñeko Udala elkarlanean arituko da Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CENER), zeina erreferentea baita nazioartean eta esperientzia zabala baitu ikerketa-proiektuetan, eta EHUko ikerketa-taldeekin. Azken horiek Alonso Hernández & Asociados Arquitectura SL arkitektura eta ingeniaritza enpresaren tokiko koodinazioa izanen dute, eta Obras Especiales Edificación e Infraestructuras (OBENASA) enpresarekin batera IWER eraikinaren berritze proiektua bultzatuko dute.

Iruñea esperimentatzeko espazio gisa

Iruñeak badu eskarmentua ‘Living Labs’ delakoetan, hau da, bizitza errealeko eszenatokietan jarduten duten berrikuntza-ingurune egokietan, irtenbide, produktu, zerbitzu eta azpiegitura sozial berriak garatuz, etengabeko atzeraelikadurarekin eta azken erabiltzaileen engaiatze aktiboarekin. Orain horietako bat bihurtuko da berriro, eta, hiri-espazioaren definizioagatik beragatik, kasu honetan hiruko aliantza publiko-pribatu-herritar baten bidez jarriko da abian.

Etorkizuneko Arrotxapeko Energia Berdearen Barruti Positiboak ekimen publiko zein pribatua barne hartzen du, jarduketak eginez MATESA zen industria-konplexuan eta etxebizitza-eraikinetan. Bizitegikoa ez den eraikin bat (IWER) berritzeko esperientzia, San Pedro etxe-multzoko etxebizitza-blokeen kontsumoen osagarritasunarekin batera, energia positiboko auzo baten hazia izanen dira, banatutako energia berriztagarriei eta horien kudeaketa adimendunari esker. Birgaitze-teknologia berritzaileak probatzeko plataforma izanen da, lege-esparruaren eskakizunetatik haratago, energia-eskaria murriztea eta tokiko energia garbi eta eskuragarria sortzea eskainiz.

“Arrotxapeko Energia Berdearen Barruti Positiboa” proiektua, 2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agendaren eta Udala bukatzen ari den Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren helburuekin bat dator. OPEN LAB proiektuan parte hartzeak eta jada martxan dauden beste ekimenek, hala nola, STARDUST proiektuak eta 100 Hiri Adimendunen Erronkak, Iruña Europako “Smart cities” taldean kokatuko dute, zeinak birgaitze-sistema adimendunen, energia jasangarriaren eta mugikortasunaren abangoardian baitaude. Lan horren bidez, Iruñeak posizio nabarmena bermatu nahi du Europar Batasunaren hiri-birgaikuntzarako ekimen eta politiketan, "Renovation Wave" izenekoaren edo "Europako Bauhaus Berria" ekimenaren barruan.

Energia-berriztapena San Pedron

Iruñeko Udalaren 1,2 milioi euroak nagusiki San Pedro etxe-multzoko alokairu sozialeko 12 etxebizitzetako birgaitze-energetiko berritzaileko jarduketetara bideratuko dira. Alde batetik, panel fotovoltaikoak jarriko dira energia berriztagarria ekoizteko, eraikinaren estaldura zein barneko isolamendua aldatuz eta klimatizazio-instalazio berriak jarriz, eta energia metatzeko gailuak instalatuko dira. Bestalde, jarraipen eta monitorizazio teknika berritzaileak ezarriko dira, hala etxebizitzen energia-balantzeari dagokionez nola okupatzaile eta bizilagunei eragindako kalteak zehaztu eta arintzeari dagokionez (zarata, etab.). Proposamenak aurreikusten du ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak egotea birgaitutako eraikinen inguruetan.

Proiektuan parte hartzen duten San Pedro etxe-multzoko eraikinak IWER konplexuarekin konektatuko dira modu fisiko edo birtualean Energia Berdearen Barruti Positiboaren hazia izateko, energia elkartrukeak eta sarearen balantzea ahalbidetuz. Proiektuan zehar garatutako irtenbideak gauzatzeko potentziala handitzeko xedez, azken erabiltzaileek horien garapenean modu aktiboan parte hartuko dute; zehazki, Iruñeko Udalak antolatutako lantegien bitartez.

Udalak, halaber, energia-bulego bat abiatuko du auzoan, energia-komunitate baten eraketa dinamizatuko duena. Era berean, herritarrak eta auzoko elkarteak sentsibilizatzeko ekintzak eginen ditu, partaidetza aktiboa eta energia-trantsiziora atxikitzea lortzeko, Gizarte Berrikuntzako eta tokian-tokian proiektua hedatzeko ekintzak eginen ditu eta proiektuaren lan-bileretan parte hartuko du.

IWER eraikina (MATESA zena)

Alonso Hernández & Asociados Arquitectura SL (AH) arkitektura eta ingeniaritza enpresa eta Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SA (OBENASA) dira IWER eraikina berritzeko proiektua babesten dutenak. Ikuspuntu estrategikotik, egun negozio-jardueren euskarri den eta teknologia berriekin jarduteko prestakuntza guneak dituen eraikin hori Arrotxapea auzoa berritzeko giltzarria izanen da.

Proiektuak, energiaren ikuspegitik, ildo horretan aurrera eginen du, hasiera batean IWERen 900 kWp-eko planta energetiko bat integratuz, superabit energetikoa duen auzo baterantz abiatuz, ekonomia post-industrialeko testuinguru berri batean. Eraikinak duen 46.000 m2-ko azalera eraikia ere (denak ez dira kontuan hartzen oPEN Lab proiektuaren ikusmugan) auzoa dinamizatzearen zerbitzura egonen litzateke, eta barnean merkataritza-gune bat, adinekoentzako zentro bat, fitness zentro bat, loft espazio bat eta lan profesionalerako gune eta bulegoak izanen lituzke. Gainera, eraikinak 10.437 m2-ko aparkaleku bat izanen luke.

¿Te ha sido útil esta página?