
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Urdazubiko Monasterioaren kalea eta Gaztelugibel kalea birnaturalizatu eta berrantolatzeko proiektuaren obraren zuzendaritza adjudikatu du 47.976,50 euroan. Lanak ekainean adjudikatu ziren eta 2 milioi euroko inbertsioa izanen dute; horiek horrela, lanen zuzendaritzaren adjudikazioarekin lanak hasi aurretiko izapideak amaitu dira.
MKR Ingenieria y Arquitectura enpresa arduratuko da lanen zuzendaritzaz eta, Urdazubiko Monasterioaren, Gaztelugibel eta Fuente del Hierro kaleen elkarguneko ibilgailuen, bizikleten eta oinezkoen zirkulazioa berrantolatuko dute lanek. Aurreikuspenen arabera, honako lan hauek eginen dira: 3.300 metro koadro berdegune berri sortu, espaloiak zabaldu, biribilgune berri bat eraiki, ibilgailuen zirkulaziorako erreiak murriztu eta bidegorri berri bat egin. Excavaciones Osés SL enpresak eginen ditu, 2.071.390,81 euroko aurrekontuarekin.
Obraren zuzendaritzak lanen jarraipena egin beharko du, idatzitako proiektuarekin bat egiten direla egiaztatzeko. Gainera, haren gainean egiten diren balizko aldaketak kontrolatuko ditu eta erabiltzen diren materialen kalitate-kontrolaz arduratuko da. Zentzu horretan, hilero txostenak eginen ditu obren egoerari eta antzematen diren gorabeherei buruz. Obraren zuzendaritzari dagokio halaber laneko segurtasunari eta osasunari buruzko txostena egitea, arriskuen prebentzioko alorrean.
Obra-zuzendaritzako kontratua obrak gauzatzeko kontratuaren eskutik joanen da. Obrak abuztuko lehen astean hasiko dira, zortzi hilabete irauteko asmoz. Urdazubiko Monasterioaren kaleko Pio XII.aren eta Fuente del Hierro kaleen arteko tartean, errei bat kenduko da zirkulazioaren noranzko bakoitzean. Murrizketa horri esker bidegorri goratu bat eginen da zenbaki bikoitien espaloiaren ondoan. Gainera, espaloi horretako aparkatzeko plazak kenduko dira eta horien ordez, euri-lorategiak eta edukiontziendako guneak jarriko dira, baita mugikortasun murriztua dutenendako erreserbatutako zenbait aparkatzeko plaza ere. Zenbaki bakoitien espaloian, espaloiak eta oinezkoendako pasabideak zabaldu eta aparkatzeko plazak berrantolatuko dira, zeharka aparkatzeko.
Eremuko aldaketa nagusietako bat, Urdazubiko Monasterioaren kalearen eta Fuente del Hierro eta Gaztelugibel kaleen elkargunean biribilgune berri bat egitea izanen da, eremu horretan zirkulazioa berrantolatze aldera. Bestalde, Urdazubiko Monasteriotik Pio XII.aren etorbidera doan tartean Gaztelugibel kaleko zirkulazioaren norabidea aldatuko da. Aldaketa horrekin batera, egoteko eta paseoan ibiltzeko lorategi handi bat sortuko da, Gaztelugibel kaleari lotuta.