Iruñeak 46.435 euro bideratu ditu bidaien eta komunikazio-kanpainen bidez euskal pilotarekin lotutako produktu turistikoak sustatzeko

Iruñeak 46.435 euro bideratu ditu bidaien eta komunikazio-kanpainen bidez euskal pilotarekin lotutako produktu turistikoak sustatzeko
Kontratua IRUHBI PILOTA proiektuaren parte da, Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz Gaindiko Lankidetza Programaren (POCTEFA 2021-2027) barruan



Tokiko Gobernu Batzarrak turismoko harreman publikoko enpresa bati esleitu dio kontratazioa, Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz Gaindiko Lankidetza Programan (POCTEFA 2021-2027) sartuta dagoen EFA 96/1 IRUHBI PILOTA proiektuaren barnean. Enpresa horrek honako lanak eginen ditu: bidaien edo prentsa espezializatuko bisiten, bidaia-agenteen, eta Interneten eta sare sozialetan eragin handia izateko ahalmena duten pertsonen arreta, antolaketa, koordinazioa eta kudeaketa, euskal pilota sustatzeari lotutako turismo-produktuak ezagutarazteko.

Kontratua ALFABETIKO PROMOTOURIST S.L. enpresari esleitu zaio 46.434,96 euroan (BEZa barne) 2026ko azaroaren 30a arte. Helburua da IRUHBI mugaz gaindiko espazioari eta, bereziki, euskal pilotari lotutako produktu turistikoei balioa ematea, helmuga espazio jasangarri eta kultural gisa ezagutarazteaz gain; horretarako, produktuen eta helmugaren informazio eguneratua sortu eta hedatuko da.

Kontratuko ekintzek barne hartzen dute hiru bidaia diseinatu eta antolatzea: prentsarako (presstripa), blogariendako (blogtripa) eta bidaia agentzia eta touroperatzaileendako (tradea), kultur turismoan espezializatutako estatuko eta nazioarteko sei parte-hartzailerekin, gutxienez. Gainera, enpresa adjudikaziodunak harreman publikoen sistema bat antolatuko du, une oro komunikabideetako arduradun eta pertsona esanguratsuekin harremanetan egoteko.

Beste jarduera batzuk ere eginen dira, sareetan hiru komunikazio-kanpaina esaterako, jendarte espainolari, mexikarrari, estatubatuarrari eta frantsesari bideratuak, IRUHBI produktu turistikoa jakitera emateko eta gutxienez 13.000 euroko inbertsioarekin. Zerbitzuak bidaien ondorioz sortutako hedapen ekintzen laburketa (clippinga, online eta offline) zerbitzua, baita bidaien dokumentazioa eta, albistea zein komunikabideetan duen eragina jasotzea ere barne hartuko ditu.

IRUHBI PILOTA lankidetzarako mugaz gaindiko egitasmoa da, euskal pilotaren inguruko inplikazio eta ezagutza handia duten Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako sei erakundek osatua. Iruñeko Udala buru dela, proiektuak Miarritzeko eta Uharteko Udalak, euskal Pilotaren kudeaketarako bi erakunde –Nafarroako Euskal Pilota Federazioa eta Iparraldeko Pilota Batzordea–, eta Biarritz Athletic kluba biltzen ditu. Europar Batasunak % 65ean kofinantzatu du IRUHBI PILOTA proiektua, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bitartez.

Gainera, Iruña 2030 Hiri Agendan sartzen diren 57 proiektuen artean –zeinetan datozen urteetarako Iruñearen ildo estrategikoa markatzen diren–, Iruña, Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua 406. proiektu estrategikoa dago. Proiektu horren xede orokorra da Iruña pilotaren munduko hiriburu bilakatzea, izaeraren aktibo kultural hori inbertsio, enpresa eta turismorako erakarpen-sortzaile izan dadin, eta aldi berean hirian bizi direnen bizitza hobetzeko balio dezan.



 

¿Te ha sido útil esta página?