Iruñeko Udalak Mendillorriko espaloiak eta galtzadak hobetzeko lanak egin ditu azken asteotan, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa hobetzeko xedez. Lanetan 350.000 euroko inbertsioa egin da, eta batez ere Gorraitz Kontzejuaren kalean eta bere ingurunean esku hartu dute. Hirigintza Gerentziako Kontseiluko eta Iruñeko Udaleko Hirigintzako Batzordeko kideak inguru horretan izan dira, eta besteak beste, oinezkoen pasabideetan eta hiri-autobusen geralekuetan egin dituzten lanak ikusi dituzte.
Batez ere espaloiak ordezkatzeko lanak egin dituzte, Gorraitz Kontzejuaren kalean (Aintzirako kalearen eta Olatz Kontzejuaren kalearen artean). Hain zuzen ere, urbanizazioko hormigoi ofitikozko espaloi zaharrak aldatu dituzte, duela hogei urte baino gehiago jarri baitzituzten espaloi horiek, eta ondorioz, oso hondatuta baitzeuden dagoeneko. Espaloi horien ordez, baldosa hidraulikozko zoladura jarri dute, aurretik zolaberritutako beste gune batzuen zoladuraren antzekoa baita.
Gainera, oinezkoen pasabide batzuk egokitu dituzte bide publikoko irisgarritasunarekin lotutako egungo estandarrekin bat egiteko. Batetik, oinezkoen ikusgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko xedez, oinezkoen pasabideak aurreratu dituzte Gorraitzeko Kontzejuaren kalearen eta Aintzirako kalearen arteko elkargunean. Bestetik, beste oinezkoen pasabide bat aurreratu dute Sagaseta Kontzejuaren kaleko bidegurutzean. Gainera, kale horretan bertan laginketak egin dituzte, etorkizunean zuhaitzak jartzea errazteko.
Bi noranzkoko galtzadak Uretako kalean (Gorraitz Kontzejuaren eta Ibiriku Kontzejuaren kaleen artean)
Aipatutako lanez gain, Gorraitzeko kontzejuaren kaleko hiri-garraioaren geralekua berritu eta aurreratu dute: Aintzirako kaletik gertu dago geraleku hori, eta villavesen erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko egin dituzte lanak. Bestalde, farolen paldoak birkokatu dituzte; izan ere, aurreko urbanizazioko faldoek ibilgailuen ibietara sartzeko maniobrak zailtzen zituzten.
Construcciones y Excavaciones Erri Berri enpresak egin ditu lan guztiak, bide publikoa kontserbatzeko kontratuaren inbertsioaren esparruan. 150.000 euroko inbertsioa izan da guztira, BEZa barne; lanek, berriz, bi hilabete eta erdi iraun dute.
Halaber, bide-zorua birgaitzeko lanak egin dituzte inguru horretan, baita ondoko kaleetan ere. Obren lizitazioa-prozesuaren ondoren, VIARIA enpresa da lanen adjudikazioduna, Iruñeko Udalaren gune publikoak birgaitzeko lanetarako 2024-2026ko esparru-akordioa oinarri hartuta. Kaleak asfaltatzeko lanen kostua 199.000 eurokoa izan da.
Gaur egun, oinezkoen pasabideak eta seinaleztapen horizontala margotzen ari dira; halaber, seinaleak aldatuko dituzte Uretako kalearen zati batean, Gorraitzeko Kontzejuaren eta Ibiriku Kontzejuaren artean: egun noranzko bakarrekoa da tarte hori, eta lanak egin ondoren, bi noranzkokoa izanen da, bizitegi-eremuko loturak hobetzeko, zirkulaziora irekitako ibilbideak murrizteko, eta oro har, ingurumena hobetzeko. Beraz, bi erdibitzailetako seinaleak aldatuko dituzte.