Sorbeltza “Urteko hegazti” hautatu du SEO-Birdlifek. Enaren familiako hegazti migratzaile honek bizitzako zati handiena airean hegan pasatzen du. Arrautzak errun, inkubatu eta txitak hezteko baino ez dira pausatzen. Apiril aldera iristen dira Iruñera, eta Udalak bizilekua topatzen laguntzea erabaki du aterpe emateko habia-kutxak instalatzeko programaren bidez, Ilundain-Haritz Berri fundazioarekin egindako hitzarmenaren barruan. Sorbeltza hegazti garrantzitsua da hiri-ingurunean, intsektu hegalari txikiak baititu elikagai. Horrela, intsektizida gutxiago erabili behar dira parke nahiz lorategietan, eta biodibertsitatea biziki sustatzen da.
Udaberrira bitarte, eta ikastetxeekin elkarlanean, Udalak sorbeltzendako hogei bat habia-kutxa instalatuko ditu hiriko berdeguneetan, 35 cm x 13,5 cm x15 cm ingurukoak, gutxi gorabehera. Hirugarren urtez eginen da ingurumen-sentsibilizazioko eta biodibertsitatea sustatzeko ekimen hau, eta apirilerako hegaztiendako eta intsektu “onuragarriendako” 289 aterpe egonen dira. Kutxak batez ere kaskabeltz (Parus major), amilotx (Cyanistes caeruleus) eta apo-hontz europarrarendako (Otus scops) dira. Neurri txikiagoan, badira txantxangorri europar (Erithacus rubecula), buztanikar (Motacilla alba) eta gerri-txori arruntei (Certhia brachydactyla) zuzendutakoak. Halaber, Udalak belatz gorriendako (Falco tinnunculus) euskarriak instalatu ditu.
Berriz ekin zaio jarduera finkatu honi, iazko lehen seihilekoan bertan behera utzi baitzen COVID-19aren pandemiari aurre egiteko emandako osasun-segurtasuneko neurrien ondorioz. Hegoalde Ikastola eta Muñoz Garde ikastetxea itxaron-zerrendan geratu ziren, eta horietan berrabiatuko dira lantegiak ikasgeletan. Lantegietan ingurumen-ekimena azaldu eta Ilundáin Fundazioko programen barruan gizarteratze-arazoak dituzten gazteek egindako habia-kutxak muntatuko dituzte. Kasu bakoitzean parte hartzen duten ikasleek, gainbegiratuta, instalatuko dituzte gero habia-kutxak gertuko parkeetan edo ikastetxean bertan. Denbora bat pasa ondoren, ikasleei dei eginen zaie kutxak berraztertu eta egindako lana arrakastatsua izan dela egiazta dezaten. Datozen asteetan, Fundazioko teknikariek hirian instalatuko kutxen urteroko berrikuspena abiatuko dute, bertan bizi diren espezieak erroldatu, Iruñeko hegaztien bilakaeraren inguruko jarraipena egin eta hutsik dauden kutxak garbitu eta prestatze aldera, azken horiek hurrengo denboraldian okupatu daitezen.
Konfinamendua eta hegaztiak Iruñean: % 15 gehiago
2020an, 1.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute programa honetan, Iruñeko 8 ikastetxe hauetakoak: Doña Mayor de Navarra ikastetxe publikoa, Liceo Monjardín ikastetxe itundua, San Jorge HLHIP, Cardenal Ilundain HLHIP, Esclavas Sagrado Corazón ikastetxe itundua, Claret Larraona ikastetxe itundua, Navarro Villoslada BHI eta Iturrama BHI.
Urte hauetan, Udalak hegazti-intsektiboroendako 167 habia-kutxa paratu ditu guztira; horietatik, 160 habi paridoen familiakoendako dira (kaskabeltz eta amilotxendako), 5, txantxangorri europar eta buztanikara zurientzat, eta 2, gerri-txori arruntendako. 2019an, berrikusi ziren 89 habia-kutxen okupazioa % 54koa zen, eta ugalketa % 10ekoa; 2020an, aldiz, % 64,9ko okupazioa egon zen. Horrez gain, gutxienez 17tan hegaztiak ugaldu ziren. 2019arekin alderatuta, % 5eko igoera egon zen ugalketari dagokionez, 2020an % 15 izan baitzen. Igoera horren alde egin du konfinamendu garaian hegaztiek ez jasatea gizakien asaldura edo eragozpenik eta udaberrian eguraldi ona egin izanak.
Halaber, apo-hontz europarrendako 30 habia-kutxa paratu dira, eta horietatik bi okupaturik zeuden. Bestalde, gutxienez habia-kutxa horietako 17 paridoen familiako hegaztiek okupatu dituzte, hala nola kaskabeltz handiek eta amilotx urdinek. Belatz gorriendako 8 habia-kutxa ere paratu ziren, baina horietan ez zen ugalketarik egon. Dena den, Taconeran paratutako habia-kutxan mendebaldeko belatxikien bikote bat agertu zen. Denboran zehar, beste ekimen batzuei lotutako 50 habia-kutxa ere paratu dira hirian barna.