Iruñeak 2,7 milioi euro jaso ditu Next Generation EU funtsetatik birnaturalizazio ekintzetarako eta ibai-inguruneetako biodibertsitatea babesteko

Iruñeak 2,7 milioi euro jaso ditu Next Generation EU funtsetatik birnaturalizazio ekintzetarako eta ibai-inguruneetako biodibertsitatea babesteko
RUNA 2025 proiektuak barne hartzen ditu ibaiertzak landareztatzeko lanak, uholdeak kontrolatzeko neurriak edo ibai-erreserba bat sortzea Ilundaingo errotaren eremuan
parque fluvial


Iruñeko Udalak zenbait birnaturalazio-jarduketa eginen ditu hiriko ibai-inguruneetan, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko. RUNA 2025 izenpean, proiektuak xede ditu uholde-arriskuaren kudeaketa hobetzea, ibai- inguruneetako eremu andeatuak berreskuratzea eta Arga, Elorz eta Sadar ibaien inguruneek onera egin dezaten babestea, bertako ekosistemak gara daitezen. 

RUNA 2025 proiektuak datozen hiru urteetan abian jarriko diren ekintzak biltzen ditu, horien artean, plangintza bat diseinatzea hiriko azpiegitura berdea eta drainatze jasangarria handitzeko eta hobetzeko, edo ibaiertzetan espezie autoktonoak birlandatzea espezie exotiko inbaditzaileak desagerrarazteko. Halaber, hondakinak ezabatzeko eta uraren kalitatea kontrolatzeko neurriak landuko dira.

Jarduera garrantzitsuenetako bat biodibertsitaterako ibai-erreserba bat sortzea izanen da, Ilundaingo errotaren eremuan, Arga ibaiaren inguruan, Barañaingo udalerriko mugan. Gainera, apustu egiten da hirian zehar ibai-igarobidea handitzearen alde, uholdeak kontrolatzeko eta uraldiak saihesteko neurrien alde, Elorz ibaian presa txikiak kentzearen alde eta Arga ibaian arrainendako eskalak jartzearen alde.

RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren  laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Jarduera guztiak Udalak diseinatu eta Iruña 2030 Hiri Agendan sartuta dagoen Iruñeko Ibaien Ibai Plangintzako Ereduaren barruan daude.

logos



 

¿Te ha sido útil esta página?