Iruñeak 260.000 euro jaso ditu Europako laguntzetatik, energia-informazioko bulegoen sarea hiriko zenbait auzotara zabaltzeko

Iruñeak 260.000 euro jaso ditu Europako laguntzetatik, energia-informazioko bulegoen sarea hiriko zenbait auzotara zabaltzeko
Proiektua 2025eko irailera arte egonen da indarrean, eta haren xedea da herritarrei aholku ematea energia-komunitateak sortzeko
placas

 

Iruñeko Udalak 260.000 euroko laguntza jaso du hirian energia-informazioko bulegoen sare bat ezartzeko. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak egindako deialdi bat da, eta Europar Batasuneko Next Generation EU programaren funtsak ditu. Zenbateko horri esker hiru pertsona kontratatuko dira, 2025era arte, eta Komunitate Eraldaketarako Bulego deiturikoetan arreta emanen dute.

Iruñeko Udalak informazio bulego horiekin bilatzen duen helburua da energia-komunitateak sortzeko laguntza ematea; bai dagoeneko ezarrita daudenei, Mendillorriko komunitatea (Kemendi) kasu, bai eratzekotan daudenei Arrotxapean eta Ermitagaña-Mendebaldean. Laguntza horien adjudikazioak aholkularitza-bulego horien kokapena baldintzatzen ez duen arren, Udala halako bat Milagrosan abiatzeko lanean ari da dagoeneko, PCH-Iruña Biziberritzen elkartearen eskutik auzoan ireki nahi den Birgaikuntza Bulegoa aprobetxatuz. Hala ere, bulego bat eratzetik haratago, dirulaguntza horri esker salto kuantitatibo bat eman ahal izanen da energia-komunitateen garapenean eta hiriko auzoetan kontsumoak murrizteko eta energia garbia sortzeko proposamenetan.

Oraingoz, Kemendi komunitateari emandako aholkularitza areagotuko da –udal-jabetzako instalazio fotovoltaiko bat erabiltzeko baimena du, autokontsumo kolektiboko modalitatean–, eta laguntza eta aholkularitza emanen zaizkio Arrotxapeko energia-komunitateari, zeinak eratzeko prozesua hasi baitu jada. Hala ere, energia-komunitateen onurak beste auzo batzuetara hedatu nahi dira, baita horiei aholku eman ere, hala energia-komunitateak eratzeko proposamen berriei eta prozesuei dagokienez, nola komunitate gisa jardun ahal izateko (bero-kooperatibak, merkatarien elkarteak) dagoeneko existitzen diren figura juridikoak egokitzeari dagokionez.

Proiektua aurtengo otsailean abiatu zen, eta guztira 380.279 euroko aurrekontua du. Horiek ordaintzeko Udalak 260.000 euroko gehieneko laguntza bat eskatu zuen, eta, orain, behin-behinean eman diote. Jasotako zenbatekoa langileen gastuak ordaintzeko erabiliko da, eta langile horiek gai tekniko, administratibo, juridiko, sozial eta ekonomikoei buruz aholku eman eta energia-komunitateak sortzeko prozesu osoan lagunduko dute.

Energia berdeko auzoak
Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Iruñeko 2030 Estrategiaren barruan sartzen da ekimena, zeina Udalak diseinatu baitu Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat. Helburu horien artean dago energia positiboko eta berdeko auzoak sortzea, atmosferara isurtzen den karbono dioxidoa murrizteko eta klima-aldaketa lehengoratzeko. 

Zero isurpen netoko auzo horietaranzko eta autosufizientzia energetikoranzko bidean, energia-komunitateek funtsezko zeregina dute; izan ere, bertako kideei energia-zerbitzuak emanen dizkien figura juridikoa izanen da. Ildo horietan sartzen dira, adibidez, oPEN Lab proiektua, Arrotxapeari eragiten diona, eta Mendillorrin eratu den lehen energia-komunitatea, Kemendi.

 

logo

 

¿Te ha sido útil esta página?