Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Iruñeko Udalaren 2022rako aurrekontu-proiektua, zeinak 253 milioi euro jotzen baitu. Kopuruak % 7,3ko igoera adierazten du, Osoko Bilkurak 2021erako onetsitako aurrekontuarekin alderatuta, zeinak 235,9 milioi jo baitzuen. Handitze horren bidez aurrekontua hiriko ekonomia eta enplegua sustatzeko eragile izaten jarraitzea lortu nahi da, bai eta kolektibo zaurgarrienei gizarte-babesa ematea ere.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María Echávarri Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariak gaur aurrekontu-proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan; proiektua orain negoziazio-fasean sartuko da, adostasuna bilatzen saiatzeko, Osoko Bilkurak onets dezan. Aurrekontuetan 41 milioi eurotik gorako inbertsioak daude mugikortasuna eta bide-segurtasuna, jasangarritasuna, berrurbanizazio-proiektuen eta hiri-espazioa berroneratzearen bidez hirigintza-garapenaren ikuspegi soziala sustatzeko, hiria birgaitzen laguntzeko eta hezkuntza-, kirol-, kultura-, osasun- eta gizarte-arloko zerbitzu publikoei lotutako inbertsioak egiteko.
Alkateak azpimarratu du beharrezkoa dela Iruñeak onetsitako aurrekontua izatea 2022rako, “diru-sarrerek ahalbidetzen duten gehienezko gastu-gaitasuna aplikatzeko eta 2021ean abiatutako proiektuekin jarraitzeko”.
Aurrekontu-egoera
Aurrekontu-egoera barruko zein kanpoko baldintzatzaileek markatzen dute. Maya Alkateak azaldu duenez, kanpoko lehen baldintzatzailea Hiriburutza Agiria da, oraingoz indarrean jarraitzen duena, Nafarroako Gobernuak foru-tributuetan parte hartzeagatik tokiko beste finantzaketa-eredu bat iragarri zuen arren, zeinak diru-sarrerak 5,5 milioi euroan murriztuko baititu, adierazi duenez. “Behar beste bitarteko baliatuko ditugu gure ustez justizian Iruñeari eta, Nafarroako hiriburu gisa, haren zerbitzuen jasangarritasunari dagokiena defendatzeko”, erantsi du.
Kanpoko beste baldintzatzaile bat da pandemiaren eragina udal-kontuetan, murriztuz doana, baina balantzaren bestaldean inflazioa eta energia-kostuak aparteko moduan handitu dira.
Aurrekontu-proiektua egitean kontuan hartu dira ere udal-tarifen eta moten izoztea, KPIa handitu arren, herritarrek pairatzen duten presio fiskala ez handitzeko, eta terrazak jartzeko tasen etetea, zeina hirugarren urtez jarraian onetsi baita jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren eragile den ostalaritza eta haren susperraldia finkatzen laguntzeko.
Aurreikusitako 253 milioi euroko gastuak honako hauei dagozkie: 205 milioi, funtzionamendu-gastuak (langileria-gastuak, udal-alorren gastuak eta transferentzia arruntak); 6,4 milioi, maileguen amortizazioek eta interesek sortutako finantza-zama; 0,4, aktibo finantzarioak eta 41 milioi, inbertsioak. Kontuak orekatzeko, Udalak aurreikusten du 211,5 milioi euro baino gehiago lortuko dituela zerga, tasa, prezio publiko eta transferentzia arrunten bidez, eta beste 41,2 milioi inbertsioak finantzatzeko, lursailen salmenten edo kapital-transferentzien bidez, besteak beste.
Gizarte-gastuen handitzea eta laguntzak merkataritza, ostalaritza eta kulturarentzat
2022rako aurrekontu-proiektuak garrantzia ematen dio gastua handitzeari lehentasunezko hamar jarduketa-ildotan:
- Merkataritza- eta turismo-sektoreari laguntzea: (+ 195.700 euro), bertan, berriz ere ekinen zaie merkataritza dinamizatzeko ekintzei, Next Generation funts gehiago kudeatzeko baliabideei, beste turismo-kanpainei eta 2022ko Done Jakue urtea sustatzeari, non Iruña Donejakue Bideko Udalerrien Elkartearen lehendakari izanen baita.
- Zerbitzuen digitalizazioa bultzatzea: 4 milioi eurotik gora herritarrendako arreta zerbitzuetan aurrera egiteko, polizia-zerbitzuak digitalizatzeko gailu mugikorretarako, zerbitzu elektronikoak eta informazio-zerbitzuetan aurrera egiteko, etab.
- Hiri agenda: 290.000 euro Estrategia Bulegoan, Next Generation funtsekin finantzatutako programa garatzeko; eta 60.000 euro, Energia agentziarako.
- Abereen osasunari buruzko politiketarako baliabideak handitzea, populazioak kontrolatzeko, 142.000 euro bitarte.
- 750.000 euroan handitzea hiriko mantentze-lanen zerbitzuen partidak. Hiri-garbiketako zerbitzuek 135.000 euro gehiago izanen dituzte eta 2021ean gehitutako 200.000 euroak finkatuko dituzte.
- Kultura liburutegien bidez sustatzea (+ 33.000); kultur azpiegiturak eta Civivoxak (+ 137.000); erakusketak (+ 110.000) eta 204.000 euroko zuzkidura gehigarria sanferminetako programan, hiria hedatzeko, bi urtez horiek ospatu gabe egon ondoren.
- Herritarren Segurtasuneko Alorrak ia 1,6 milioi euroan handituko du erosketa eta zerbitzuetarako kreditua, bereziki eremu urdina ezartzearen ondorioz.
- Gastu soziala indartzea eta sendotzea, 30.000 euroko beste partida batekin aterpe-premia duten maizterrei laguntza soziala emateko etxebizitza-hirigintzako bulegoan, 373.000 euroko gehikuntza jarduera sozialak kudeatzeko, 2022an lantegi-eskola berriak abian jartzeko, eta gizarte enplegu babestuko programa, 0,5 milioiko gehikuntzarekin langileen kontratazioetan.
- Komunitate-garapenari dagokionez, aurrekontuaren arabera antolatzen da COworkids programarako eta familiendako beste programa batzuetarako esleipena: gizarte-jarduerak sustatzen dira (165.000), haur eta nerabeendako (180.000), zahartze aktiborako (110.000) eta boluntarioendako bulego berriaren jardueretarako lerro bat, 100.000 eurokoa. Halaber, handitu dira babesendako zuzkidurak, 268.000 euro arte (Osasuna, Hipika eta Junior Saskibaloia) eta baita kirol-jardueretarako partidak ere: 83.000 euro gehiago yoga, gimnastika eta kirol-errezetarako programa berrietarako.
- Hezkuntzak eta Herritarren Partaidetzak haien esleipena 400.000 euro baino gehiagoan igo dute, eta ikastetxeetarako eta herritarren parte-hartzea kudeatzeko kontratuetarako partidak handitu dituzte.
Gastua handitzearekin batera, transferentzia arruntek gora egin dute 7,2 milioi euroan 33,1 milioi euro jo arte honako hauetarako: hiriko merkataritza, ostalaritza eta turismoa laguntzen jarraitzeko, zeinek 755.000 euroko transferentziak mantentzen baitituzte, COVID-19aren ezohiko laguntzak kendu arren; etxez etxeko arreta emateko elkarte berriaren jarduera finantzatzeko (7,1 milioi euroko beste partida bat), eta haur-eskoletako finantzazioa handitu eta 2022rako doakotasuna mantentzeko, soldata- eta energia-kostuetarako eta Lezkairuko Haur Eskola berria martxan jartzeko.
Udalak garapenaren aldeko lankidetzari egindako ekarpena 1,5 milioi euroan kuantifikatzen da, diru-sarrera arrunten % 0,7.
211,5 milioi inguru diru-sarrera arruntetan
Iruñeko Udalak 2022rako aurrekontuen proiektu honetan mantendu ditu ohikoak dituen zuhurtzia-irizpideak, modu honetan oreka bilatzeko Espainiako Gobernuak ezarritako arau fiskalen etetetik eratorritako abantailen eta Udalaren finantza-jasangarritasunarekiko konpromisoaren artean. Tasa eta prezio publikoak izozteak eta ostalaritza-terrazak bide publikoan ezartzeko tasa etetea –450.000 eurotan kuantifikatua– eta horren moduko neurriek markatzen dute diru-sarreren aurreikuspena datorren urterako.
Aurreikusitako diru-sarrera arruntek 211,5 milioi euro jotzen dute, hau da, % 4,5 gehiago. Hori, batez ere, hiri-garapen berriak direla-eta zergetarako aurreikusitako diru-bilketaren handitzearen ondorio da (kontribuzioa, gainbalioa eta ibilgailuak 1,15 milioi euroan handitzea eta EIOZ, milioi bat euroan). 3. kapituluko diru-sarrerak ere handitu dira Aparkamenduak Arautzeko Ordenantza dela-eta, behin 2021ean onetsitako eremu urdinaren handitzea urte osorako finkatu ondoren(0,5 milioiko igoera). Ohiko transferentzien kapituluan, 5,5 milioi euroan handitu da Toki Ogasuneko Funtsetatik eta oraingoz indarrean jarraitzen duen Hiriburutza Agiritik datorren finantzazioa.
41,2 milioi euroko inbertsioak
Aurrekontu-proiektuak 41,2 milioi euro bideratzen ditu inbertsioak egiteko, 2021eko hasierako aurrekontuaren 30,2 milioi eurorekin alderatuta. Inbertsio horiek oinarrizko zortzi bat jarduketa-ildotan sailka daitezke, proiektu eta zenbateko desberdinekin.
Hiria berroneratzeko jarduketek eta berrurbanizazioek 13,7 milioi euro izanen dituzte, honako proiektu hauek barne: Sarasate pasealekua (5 milioi), Milagrosa (2,7 milioi), Oscoz etxe-multzoa (0,2 milioi), Basotxoa (1,38 milioi), eta Pío XII.a (0,5 milioi), besteak beste. Ingurumenaren arloko jarduketak 3,9 milioi eurokoak dira, eta barne hartzen dituzte Arantzadi ekoparkea (3,2 milioi) eta Txantreako parkea eta Arantzadirekin pasabidea egiteko proiektua (0,69 milioi).
5,9 milioi euro bitarte mugikortasun jasangarriko eta segurtasuneko esku-hartzeetarako izanen dira, hala nola Donibane eta Trinitariosko igogailua eta oinezkoen lotura (1,4 milioi), oinezkoendako segurtasuna, eskola-inguruneak eta zirkulazioa baretzea (0,45 milioi), oinezkoen lotura Orkoienekin (0,2 milioi), hegoaldea lotzeko bidegorriak (Taxoare-Gayarre-Sadar) (0,6 milioi), besteak beste.
Energia-jasangarritasuneko proiektuek 0,8 milioi euro jotzen dute, eta etxebizitza publikoak zein pribatuak birgaitzekoak, 2,6 milioi euro. Halaber, 0,7 milioi euro bideratuko dira ondare historikoan inbertitzeko (0,5 milioi euro Parma Bastioian eta 0,2 milioi euro Ziudadelako Mistoen eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko), eta 1,36 milioi euro inbertsio teknologikoan, administrazioa eta zerbitzuak ematea digitalizatzeko.
Azkenik, azpiegiturak eta zerbitzu publikoen ekipamenduak hobetzeko 12 milioi euro inbertituko dira. Lerro horren barnean sartzen dira haur-eskoletan egindako inbertsioak (2,6 milioi euro baino gehiago), berritze-lanak ikastetxeetan (milioi 1 euro) eta musika-eskolan (0,12 milioi euro), gizarte-enplegurako eta lantegi-eskoletarako inbertsioak (0,425 milioi euro), haurrendako parkeak estaltzea (0,4 milioi euro), Buztintxuriko kiroldegia (milioi 1 euro), hilerriko labeak berritzea (0,45 milioi euro), Etxabakoitzeko atletismo-pista (0,8 milioi euro) eta Mendillorriko pilotalekua (0,3 milioi euro), besteak beste.
Menpeko entitateen aurrekontuak
Onetsitako proiektuak, Udalaren aurrekontua ez ezik, aurrekontu kontsolidatua osatzen duten entitate guztiak barne hartzen ditu, eta 262 milioi euro jotzen du. 253 milioi euro Udalari dagozkio; 18,5 milioi euro, Hirigintzako Gerentziari; 11,2 milioi euro, Haur Eskoletako Erakundeari; 7,1 milioi euro, Etxez Etzeko Laguntza Zerbitzua kudeatzeko elkarte berriari; 1,8 milioi euro, PCHIBri, eta 0,5 milioi euro, Comiruñari. Halaber, Gayarre fundazioak 2 milioi euroko aurrekontua du. Eta Animsa eta Mercairuña elkarteak eranskin moduan gehitu dira.