Iruña berriztagarrien aldeko apustua egiten ari da, eta horren adibide da herritarrek agortu zutela Udalak iaz autokontsumorako instalazio mota horiek sustatzera bideratutako 20.000 euroko aurrekontu-partida. Halaber, Espainian baimena duen etxebizitzetarako autokontsumo partekatuko lehen instalazioetako bat hirian dago. Herritarren ahalegin horri erantsi zaio Udalak berak emandako bultzada, 2020an instalatutako potentzia fotovoltaikoa % 42 handitu baitzuen, bi instalazio berri gehituta, orain arte ezarritako handienak: Udaltzaingoaren eraikina (Iratxeko Monasterioaren k., 2.), 75 kW-rekin, eta autobus-geltokia, 100 kW-rekin. Udalaren instalazioek osotara sortu duten energiari esker, Udalak 73.000 euroko irabazia izan du, kontuan hartzen badira energia-salmentak eragindako diru-sarrerak eta autokontsumo-instalazioek eragindako aurrezkia.
Martxoaren 5ean Energia-eraginkortasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, gaur goizean, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkari Fermín Alonsok aurkeztu ditu energia berriztagarrien egoeraren diagnostikoa eta hiriaren lan-ildoak, esparru hori zuzenean lotzen baita Iruñeak dituen garapen jasangarriko helburuekin.
Tokiko sistema osoan (etxebizitza pribatuak, negozioak eta administrazioak) berriztagarriak sortzea lan-bektoreetako bat da ‘Go Green Iruña’ proiektuan eta garatzen ari den hiriko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategian. Agiri horren helburuen artean dago hiriko isurketa kutsagarriak drastikoki murriztea. Udalak joan den martxoan egin eta urte honen hasieran Estrategia horren garapenean eguneratu zuen energiari buruzko diagnostikoaren arabera, etxebizitza-sektorea da, garraioaren atzetik, energia-eskari handiena duena eta CO2 gehien isurtzen duena, guztizkoaren % 20 eta % 19, hurrenez hurren.
Dirulaguntzak eta autokontsumo pribaturako instalazioak
Hazkundearen hasiera horri laguntzeko Udalaren lehen apustua izanen da autokontsumorako berriztagarrien instalazioa bultzatzeko diru-partida % 50 handitzea, 30.000 eurora heldu arte. Udala 2018an hasi zen era horretako laguntzak ematen, eta iaz amaitu egin ziren, lehenbiziko aldiz, dirulaguntza horietara esleitutako 20.000 euroak. Esan daiteke 2020an instalazio horien hazkundearen hasiera eman zela eremu pribatuan. Izan ere, lehen instalazioak 2015ean hasi ziren, eta araudia aldatzearekin bat, 2019an era horretako energia-instalazioen erregistro ofiziala hasi zen (bertan txertatu behar izan ziren ere aurreko urteetan egindakoak).
Hiru urtez udalerrian instalazio horietarako eman diren laguntzek 26.541 euro jo dituzte, eta horietatik 19.700 joan den urtekoak dira. Inbertsio publiko horren inguruan berriztagarrietan egindako inbertsio pribatua garatu da, 94.116 euro jo dituena. Eraikuntza berriko instalazioen kW-ei 2015etik aurrera egindako beste instalazio batzuen 584 kW-eko potentzia instalatua gehitu zaie. Aurtengo dirulaguntzak emateko oinarriei dagokienez, zenbatekoa handitzeaz gain, Udalak baldintzak hobetuko ditu.
Bestalde, hiriko etxebizitzetan autokontsumo partekatuko instalazio berritzaileak babestearen aldeko apustua egiten jarraituko du Udalak. Konponbide horri esker instalazio bakarretik kontsumitzaileen hainbat kontratu hornitzen dira. Iruñean kokatzen den halako lehenak 11 kW-ko potentzia instalatua du, eta Arrotxapeko 8 auzotarrek partekatzen dute.
Une honetan Iruñeak autokontsumorako berriztagarrietan instalatutako potentzia 1.217 kW-koa da, 43 instalaziotan. Horien % 46,5 pertsona fisikoenak dira (20), eta % 16,2, pertsona juridikoenak (7). Gainerakoak, 16, administrazioarenak dira: 7, Udalarenak, eta 9, Nafarroako Gobernuarenak. Ehuneko horiek nabarmen aldatzen dira talde bakoitzean instalatutako potentzia aztertzen badugu. Kasu horretan, enpresak dira instalatutako potentziaren % 36ren titularrak (440 kW). 43 instalazioetatik 33 legeztatu dira soberako energia isurtzeko baimenarekin; energia-soberakin hori saldu edo konpentsatu egin daiteke erabiltzaileen energia-fakturan.
Udal-instalazioak: 73.200 €-ko irabaziak
Autokontsumoa da energia berriztagarrien instalazio horiek kudeatzeko modu berriena eta eraginkorrena, baina hori definitu arte, energia merkatu elektrikoan saltzea zen erabilitako modalitatea. 2020an, Iruñeko Udalak % 42 handitu du bere sarean instalatutako potentzia fotovoltaikoa, 237kW-etatik 411 kW-etara. 2001ean gorpuzten hasi zen sare horren barruan 31 instalazio daude, eta sortutako energiaren kontratazio- eta kudeaketa-modalitate ezberdinak ditu.
Zazpi instalazio daude, horien artean 2020an Udaltzaingoaren eraikinean (Iratxeko Monasterioaren k., 2) eta autobus-geltokian egindakoak. Horiei esker Udalaren faktura murriztu ahal izan da autokontsumorako modalitateekin (energia-soberakina isurita zein ez). Sareko beste 24 instalazio zaharragoek, gaur egun, energia zuzenean merkatu elektrikoari saltzeko aukera ematen diote Udalari, primekin eta primarik gabe. Oro har, Udalaren instalazioek 276.000 kWh-ko energia sortu zuten iaz, eta 73.200 euro aurreztu dizkiote Udalari, autokontsumorako instalazioetarako udal-horniduren energia-fakturen kostuen murrizketa (11.700 euro) eta energia-salmenta (61.500 euro) gehituta.
Instalazio horien errendimendu ekonomikoa optimizatzeko xedez, eta 2011z geroztik primarik ez dagoenez, instalazio horiek eraldatzen hasi dira, energia merkatuko prezioan saltzetik energia autokontsumitzera igarotzeko; horrela instalazio horietan aurreztu egin da merkatuko prezioa ordaintzeari dagokion zenbateko hori (energia elektrikoaren balioa merkatuan), gehi sistema elektrikoaren erregulatzaileak definitutako bidesariak eta zergei dagozkien portzentajeak –Zerga Elektrikoaren % 5 eta BEZaren % 21 zenbateko horiei gehitu behar baitzaizkie–. Horrek esan nahi du eraldatutako instalazioek irabazi ekonomiko handiagoa eraginen dutela, hain zuzen, merkatura energia saltzeko modalitateak halako bi baino gehiago.