Iruñeak 20 geraleku aurreratu berri izanen ditu irisgarritasuna hobetu eta Iruñerriko hiri-garraioaren maiztasuna handitzeko

Iruñeak 20 geraleku aurreratu berri izanen ditu irisgarritasuna hobetu eta Iruñerriko hiri-garraioaren maiztasuna handitzeko
278.262 euroan adjudikatu da hiri autobusen merkataritza-abiadura hobetzeko obra-kontratua, eta 5 hilabeteko epea izanen dute lanak gauzatzeko
paradas TUC

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñerriko hiri-garraioaren merkataritza-abiadura hobetzeko obra-kontratuaren adjudikazioa onetsi du. Obra-kontratua, mugikortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko lanak egiteko esparru-akordioaren barruan, Urbanismo Táctico Pamplona ABEEari eman zaio, 278.261,63 euroan, eta 5 hilabeteko epea izanen dute lanak gauzatzeko.

Lanen helburua honakoa da: hiri-garraioaren 20 geraleku aurreratu eraikitzea, 20 tokitan, bidaiariak igo eta jaisteko hiri-autobusa zirkulazio-erreian bertan gelditu ahal izateko, eta ez, orain arte bezala, espaloian edo aparkaleku-bandan dagoen bazterbide batean. Hala, garraio publikoa lehiakorragoa eta erakargarriagoa izanen da hain jasangarriak ez diren beste garraioekin alderatuta. 

Geralekuen egungo konfigurazioak autobusak espaloiaren lerrokadurarekiko paraleloan gelditzea eragozten du, eta, hala, autobusen merkataritza-abiadura murrizten da, autobusek hainbat maniobra egin behar baitituzte bazterbidera sartzeko eta bertatik irteteko. Geralekuek, halaber, irisgarritasun-arazoak dituzte bidaiariak igotzeko eta jaisteko orduan, bereziki mugikortasun urria duten pertsonak badira.

Lanen xedea da geralekuen egungo bazterbidea zolatzea, zirkulazio-erreian bertan dagoen geraleku aurreratu bihurtzeko. Zoladurak ondoko espaloiaren egitura berdina izanen du, eta desgaitasuna duten pertsonek garraiora sartzeko eta erabiltzeko irisgarritasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko oinarrizko baldintzak beteko ditu. 

Erraz ikusteko ukimenezko zoladura horia jarriko dute nasaren zintarriarekin paraleloan, eta beste zerrenda bat perpendikularki jarriko da, geralekutik hurbilen dagoen partzela-lerroan bukatuko dena. Gainera, geralekua osatzen duten hainbat elementu berriz instalatu eta eraikiko dira (markesinak eta argiteria publikoko sarerako konexioa, seinaleak, hiri-altzariak eta abar), bai eta euri-urak biltzeko hustubideak eta loturak ere.

Lan horiek Iruñeko Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoaren (2022-2026) esparruan daude, zeinak garraio publikoko elementuen irisgarritasuna baitu bere oinarrizko ildoen artean, bai eta Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Itunaren esparruan ere, zeinaren xedea baita sistemaren jasangarritasunean, irisgarritasunean, segurtasunean eta eraginkortasunean oinarritutako mugikortasun-eredu berri baten diseinua bultzatzea, oinezkoen joan-etorrien eta bizikleten zein garraio publikoaren erabileraren alde egiten duena ibilgailu pribatuaren erabileraren kalterako. 

Lan horiei iaz egindakoak gehitu behar zaizkio, orduan 22 geralekutan hobetu baitzen irisgarritasuna, 238.000 eurotik gorako inbertsioarekin.


IRUÑERRIKO HIRI GARRAIORAKO GERALEKU AURRERATUAK

Proiektuko 20 geralekuen kokapena:
o    San Kristobal kalea, Osasun-zentroaren parean
o    Marcelo Celayeta etorbideko 132.aren parean (iparraldea)
o    Marcelo Celayeta etorbidea, 136 (hegoaldea)
o    Sanduzelaiko etorbidearen eta Alexander Fleming Doktorearen arteko elkargunea
o    Belateko Monasterioaren kalea, Azueloko Monasterioaren plazaren ondoan
o    La Olivako Monasterioaren kalea, Jasokunde plazaren ondoan
o    La Olivako Monasterioaren kalea, 25.
o    Iturrama kalea, 15
o    Serafín Olave kalearen eta Abejeras kalearen arteko elkargunea
o    Monjardín kalea, 12.aren parean (Tenis Kluba)
o    Monjardín kalea, Liceo Monjardín
o    Monjardín kalea, 12
o    Monjardín kalea, Sagrado Corazón ikastetxea
o    Blas de Laserna kalea, 6 (Eraikin adimendunen parean)
o    Sanduzelaiko etorbidea, Osasun-zentroaren parean (iparraldea)
o    Sanduzelaiko etorbidea, Osasun-zentroa (hegoaldea)
o    Zaragozako etorbidea, 72.aren parean (disuasio-aparkalekua)
o    Zaragozako etorbidea, 101
o    Sadar kalearen eta Zolina kalearen arteko elkargunea
o    Sanduzelaiko etorbidea, 10 (Tasubinsa)

 

¿Te ha sido útil esta página?