Iruña Trinitariosko Trenbidearen Interpretazio Zentroaren eraikina amaitzen ari da

Iruña Trinitariosko Trenbidearen Interpretazio Zentroaren eraikina amaitzen ari da
Lehendakaritza Batzordeak gaur bisitatu ditu Trenbidearen Lagunen Elkarteak Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker egindako lanak



Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak, Enrique Maya alkatearekin batera, Trinitariosko Kosterapeko pasealekuan dagoen Nafarroako Trenbidearen eta Bide Berdeen Interpretazio Zentroko etorkizuneko geltokiko lanak bisitatu ditu. Batzordeko kideek bertatik bertara egiaztatu dute Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkarteak (ANAF) egindako lanen aurrerapena, iaz Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker.

Gaur egun arte egindako lanek geltokiko eraikinaren kanpoko itxidura –hormigoizko blokez eraikita– eta estalkiaren egitura metalikoa amaitzea ahalbidetu dute. Higiezina bi bolumenetan antolatuta dago eta guztira, 196,80 m2-ko eraikitako azalera dute eraikinek, 401,60 m2-ko estalki batek lotuta. Halaber, aste honetan teilak jartzen hasi dira. Barnealdean, saneamendu- eta iturgintza-instalazioak egin dira eta ondoren gune ezberdinetako trenkadak eginen dituzte. Izan ere, bere armairuak eta itxarongela dituen tren geltoki bat birsortzeaz gain, 1.000 ale baino gehiago dituen trenbideari buruzko liburutegi bat ere egonen da, eta gune bat prestatuko da trena eta, zehazki, Nafarroan dauden bost bide berdeak –Tarazonica, Vasconavarro, Bidasoa, Plazaola eta Irati– hedatu eta ezagutarazteko jarduerak egiteko Zentzu horretan, aurreikusita dago hainbat ikastaro antolatzea, hala nola, tren-gidari ikastaroak, modulu-maketen erakusketak, trenbide-materiala zaharberritzeko ikastaroak, maketagintza, digitalizazio eta elektrizitate ikastaroak eta hitzaldi espezializatuak.

Geltokia trenbidearen parkean egiteke dagoen azken eraikuntza-elementua da eta dagoeneko baditu bagoi-toki bat eta tunelak, zubiak eta ezpondak dituen trenbide bat, parkeko 6.740 metro karratuetan barna. Behin amaituta dagoenean, gune horrek bisitariak aurreko mendeko erdialdeko tren-girora eramanen ditu, lokomotorekin eta garai hartako bidaiari- eta karga-bagoiekin, eta urte haiek birsortuko ditu ibilbidean zehar seinaleen, semaforoen eta egurrezko hesien bidez . Dituen xehetasunengatik Espainian bakarra den plater birakari bat jarriko da lokomotorra aparkatu ahal izateko, eta urtegi bat lurrun-lokomotorren ura kargatzeko.  Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkarteak (ANAF) zaharberritutako benetako trenbide-elementuak berreskuratzea interpretazio zentroaren beste identitate-zeinuetako bat izanen da.

15 urteko emakida

2021eko azaroaren 31n, Enrique Maya alkateak, Udalaren izenean, hitzarmen bat sinatu zuen Ángel Osácar Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkarteko (ANAF) lehendakariarekin trenbidearen parkea kudeatzeko administrazio-emakidarako, zeinaren epea 15 urtekoa baita, eta ezin baita luzatu. Agiri horren arabera, Udalak konpromisoa hartu du urtean 16.660 euroko ekarpen ekonomikoa egiteko, eta ANAFek hainbat obra eta eraikin gauzatuko ditu, interpretazio zentro berria osatze aldera. Guztira, 249.900 euro.

Hitzarmenak jasotzen duen bezala, behin prest dagoenean, aurreikuspenen arabera zentroa Aste Santutik urriaren 31ra bitarte irekiko da, baita gabonetan ere. Sarreraren prezioa gehienez 2,5 euro izanen da, helduendako, eta 1,5 euro 15 urtetik beherakoendako. Ikasturtean zehar lanegun goizetan irekiko da ikastetxeekin eta elkarteekin bisitak eta jarduerak egiteko. 

Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkartea 1959an sortu zen, eta, besteak beste, xede du trenbidearen historiaren berri ematea Foru Komunitatean, hori baita interpretazio zentro horren helburua.

 

¿Te ha sido útil esta página?