“Hau amaitzen denean, prest egonen gara” Horixe da saltokien eta ostalaritzako establezimenduen egunerokoan nagusi den araua; izan ere, Alarma Egoera ezarri zenetik ateak itxi eta pertsianak jaitsi behar izan dituzte. Eta hori bera da Iruñeko Udalak hauspotu nahi duen mezua hiriko merkatariak babesteko kanpainaren bigarren emanaldian. Hau amaitzen denean, Iruñeak taupada berreskuratuko baitu.
Iragarki berri bat, 30 segundo eskasekoa, aski da dendari gehienek –horietako asko autonomoak– sentitzen dutena jasotzeko: ematen duten zerbitzua funtsezkoa delako –botika eta jakien salmenta esaterako– konfinamenduko egun hauetan ireki ahal eta ireki behar izan dutenena, zein 'itxita' txartela eskegi behar izan duten gainerako guztiena. Bakoitzak bere erara, aktibo jarraitu du, itzulera antolatzen eta jardunera itzultzeak zer ekarriko duen aurreikusten, Gobernu zentralak erabaki hori hartzen duenerako. Berriz irekitzeko prestatzen. Horregatik du iragarkiak ‘Iruña Prest’ izenburua.
Joan den apirilaren 1ean hedatutako Iruña huts eta isil horren ordez, oraingoan Udalak saltoki guztiak egunotan egoerari aurre egiteko gauzatzen ari diren jardueran jarri nahi izan du begirada; jendaurreko jarduna batzuetan, beste batzuetan ez horren begi-bistakoa. “Hor jarraitzen dutenenak, orain lagundu ahal dutelako. Etxean geratzen direnak, ez dituelako etsiak hartu. Ilusioari eusten diotenak. Eurengan eta besteengan sinesten dutenak. Hau amaitzen denean, prest egonen gara”. Hori da Udalak bigarren bideo honen bitartez helarazi nahi duen mezua, eta batzuek eta besteak egiten ari diren ahalegina eskertu nahi du beste behin ere.
Hiriko merkataritzaren erakusleihoa
Ekimen hau merkatariei babesa emateko kanpaina zabalago baten barnean sartzen da, eta Udalak horren bidez hiriko enpresa- eta ekonomia-ehunari ematen dion babesa erakutsi nahi du, batik bat gertuko merkataritzari. Izan ere, bildutako azken datuen arabera Iruñeak merkataritzan eta ostalaritzan diharduten 4.892 establezimendu ditu; horiek izan ziren pandemiaren eragina nozitzen lehenak, lokalak ixteko agindua Alarma Egoera indarrean sartu baino lehen ezarri baitzen. Horietatik bakarrik 1.807k bakarrik izan dute irekitzeko aukera konfinamendu aldi honetan.
Sektoreari babesa emateko bideoez gain, azken asteetan udal-merkatuak ardatz izan dituen informazio-kanpaina bat abiarazi du Udalak eta “Merkatua zure etxera doa, zuk atera beharrik ez izateko” leloa baliatuz merkatuak herritarrengana hurbildu nahi izan ditu, urruneko erosketa eta erosketa etxera eramateko zerbitzuei bultzada emateko. Helburu horrekin, Udalak diptiko bat argitaratu du San Domingoko, Zabalguneko eta Ermitagañako merkatuetan Alarma Egoeran irekita dauden 80 saltokien ordutegien eta telefonoen berri emateko. Eskuorria honako toki hauetan eskura daiteke: merkatuetan bertan, Nafarcon saretutako farmazietan eta Udalaren webgunean berariaz prestatutako web-orrian. www.pamplona.es/elm e rcadoencasa.
Bestetik, Udalak hiriko saltokien erakusleiho bihurtu nahi izan du eta toki berezia egin die udal-webgunean. www.pamplona.es/coronavirus/esca P arate-online orriak, egun hauetan zabalik dauden saltokiak zein diren agertzen du eta horietako zeinek duen ezarrita urruneko salmenta-sistema, dela online-eskaera bidez, telefonoz nahiz whatsappez. Horien guztien ordutegia eta helbidea ere zehazten dira. Hala eta guztiz ere, datuez haratago, Udalaren webgunea eta sare sozialak itxita dauden saltoki eta ostalaritzako establezimenduen eta herritarren arteko topagune bilakatu dira, saltzaileei toki bat egin baitzaie lehen pertsonan azaltzeko nola bizi duten euren negozioetan konfinamendua. Hamarnaka enpresari txikik bideoz grabatu dituzte euren mezuak, ondoren bezeroekin partekatzeko, eta gogorarazteko egoera hau gainditzen denerako prestatuta daudela. Azken finean, ateak itxita bada ere, jardunean segitzen dutela erakustea da helburua eta herritarrei zerbitzuak eta produktuak eskuratzeko bideak erraztea.
Nahi duten dendari eta ostalariek udal-webgunean sartzeko bideo-mezuak bidaltzen jarraitzeko aukera dute, bai eta harremanetarako datuak, webgune korporatiboak eta, halakorik izanez gero, urruneko salmenta-sistemak ere, helbide elektroniko honetara bidalita:comercioyturismo@pamplona.es. Osasun-krisialdian hiriko merkataritza bistaratzeko sortutako erakusleiho birtualean sartuko dira datu horiek guztiak.
Merkatarien elkarteekin bat eginik
Ekimen horiek guztiak Iruñeko merkatarien hamar elkarteen laguntzarekin sustatu dira, hots, Iruñeko Zabalguneko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuen Elkartea; Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Elkartea, eta Txantrea, Arrotxapea, Martin Azpilcueta, Iturrama, Sanduzelai, Mendillorri eta Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldeako merkatarien elkarteekin, hala nola Antsoleaga kaleko eta San Frantzisko plazako saltokiak biltzen dituen Denda Txikien Elkartearekin.
Elkarte horiek guztiek Covid-19 koronabirusaren kutsadurak eragindako osasun krisiak bete-betean harrapatu dituen 740 saltokiri ematen diete ahotsa. Datuek berez hitz egiten dute: saltoki horietatik 178 bakarrik (% 24) daude zabalik Alarma Egoeran. Udalak horregatik eman dio bere babes guztia merkataritza txikiari, egoera hau atzean utzitakoan ateak berriz ireki eta hirian aberastasuna eta jarduna sortzen jarraitzeko aukera izan dezaten.
Udalak helburu hori zuen martxoaren amaieran Iruñeko enpresen eta herritarren zerga-betebeharrak arintzeko neurri ekonomiko sorta bat abian jarri zuenean. Besteak beste, zenbait zergaren ordainketa atzeratzea onetsi zuen, hala nola Ekonomia Jardueraren gaineko Zerga, pasabideen eta terrazen gaineko zerga eta kontribuzioa; horrek dendarien eta herritarren likidezia 30.000 euro inguru handitzea ahalbidetuko du.